Gutiérrez Aragón, Manuel
Espainiar zinemagilea (Torrelavega, Santander, 1942). Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen, eta zinema zuzendaritzako ikasketak gero, Zinemako Eskola Ofizialean. Haren filmetan konpromiso politikoa, esperimentalismoa eta haur ipuinen ezaugarriak nahasten dira: El corazón del bosque (1978, Basoaren bihotza), Maravillas (1980, Mirariak), La mitad del cielo (1986, Zeruaren erdia), Urrezko Maskorra irabazitakoa Donostiako Zinemaldian. Gidoiak egin ditu bere belaunaldiko beste zinemagile batzuentzat: Las truchas (1977, Amuarrainak, José Luis García Sánchezena), Urrezko Hartza irabazitakoa Berlingo Zinemaldian; Las largas vacaciones del 36 (1975, 1936ko oporraldi luze hura, Jaime Caminorena); Furtivos (1975, Isileko ehiztariak, J. L. Boraurena), Urrezko Maskorra irabazitakoa Donostiako Zinemaldian. Azkeneko filmak: Malaventura (1988), El rey del río (1994, Ibaiko erregea), Rafael Azconarekin idatzia; eta Cosas que dejé en La Habana (1997, Habanan utzitako zenbait gauza).