Guirior Huarte, Manuel de
Nafar militarra (Agoitz, 1708 - Madril 1788). Espainiako erregearen zerbitzuan jardun zuen. Etxe noble batean sortu zen. 1733an sartu zen armadan eta ingelesen aurka borrokatu zen Antilletan 1761-1763 urteetan. Granada Berriko (egungo Panama, Kolonbia, Venezuela eta Ekuador, 1772-1776) eta Peruko (1776-1780) erregeordea izan zen. Granada Berrian, konkistatzaileen mendean ez zeuden herrien aurka jo zuen gogor eta saiatu zen ekonomia eta administrazioa bere onera ekartzen, hala nola eliz barrutiak berrantolatzen. Unibertsitate mailako ikasketak eta bibliotekak hobetu ziren bere garaian eta kultura maila handiko hiri bihurtu zen Santa Fe de Bogota. Perun egon zelarik, Cuzcoko mestizoen matxinadari aurre egin zion; bere garaian izan zen Tupac Amaru buruzagi inkaren matxinada. Guiriorrek Peru utzi ondoko urteetan (1780-1785) bideratu zen inken aurkako zapalkuntza basatia.