Guergué Yániz, Juan Antonio
Nafar militar karlista (Agilar-Arranotegi, 1789 - Lizarra, 1839). Etxe noble batean sortu zen eta 20 urte zituela sartu zen armadan. Kapitain zen 1822an eta erregezaleen alde borrokatu zen, liberalen aurka, Lizarra eta Vianako guduetan. Komandante egin zuten 1823an eta koronel 1830ean. 1834. urtean, lehen karlistadaren hasieran, Zumalakarregiren agindupean jarri eta Trebiñuko guduan nabarmendu zen. Brigadier izendatu zuten 1835ean eta Kataluniara joan zen armadaren gidari jarri zuten agintari karlistek. Ez zuen Katalunia aldean arazo handirik izan, eta Bizkaira deitu zuten ondoren. 1837an Hego Euskal Herriko oste karlisten kapitain nagusi izendatu zuten, baina Balmaseda eta Urizaharrako borrokak galdu ondoren Maroto ezarri zuten haren lekuan. Hasia zen Maroto isilpeko harremanetan Espartero liberalarekin eta jakinik Guerguék eta bera bezalako militar setatsuek ez zutela etsaien aurrean amore emango, preso harrarazi zituen Marotok Guergué eta haren inguruko batzuk eta Lizarran hil 1839ko otsailean.