Guatemala
(Izen ofiziala, Guatemalako Errepublika; Gazt., República de Guatemala). Erdialdeko Amerikako estatua. Mugak: iparraldean eta mendebaldean, Mexiko; ekialdean, Belize eta Hondurasko Golkoa; hego-ekialdean, Honduras eta El Salvador; hegoaldean, Ozeano Barea. 108.889 km2 eta 13.677.815 biztanle (2008, guatemalarrak). Hiriburua: Guatemalako Hiria (guatemalarrak). Etniak: mestizoak % 53; amerindiarrak % 42. Hizkuntza: gaztelania (ofiziala) eta amerindiar hizkuntzak. Erlijioa: katolikoa, protestantea, maia. Dirua: ketzala. Geografia eta klima. Guatemalako lurraldean lau zati bereiz daitezke: a) Petena, Guatemalako lurren zati handi bat hartzen duen eta padura ugari dituen ordoki zabala, iparraldean. b) Sierra Madre mendikatea eta Cuchumatanes Garaiak erdialdean; Sierra Madre mendikatea eratzen duen goi-ordokian bizi dira Guatemalako biztanlerik gehienak, sumendietako labak emankor egin baititu hango lurrak eta klima epela baita; sumendi ugari dago (Tajamulco, 4.200 m) eta lurrikarak maiz gertatzen dira. c) Atlantikoko itsasertzeko lur beheetan daude Izabal aintzira, Motagua, Polochic, Dulce eta Sarstun ibaiak, eta Guatemalako portu nagusia, Puerto barrios, Amatique badian. d) Ozeano Bareko kostako ordokia hegoaldean (50 km zabal), eskualde euritsua eta ibai labur ugari dituena. Guatemalako klima tropikokoa da, baina alde handiak daude toki batetik bestera itsas haizeek eta garaierak eraginda; bi urte sasoi nagusi bereizten dira: euritsua (maiatza-azaroa) eta lehorra (azaroa-maiatza), eta oro har, Atlantiko aldeko klima Ozeano Barekoa baino hezeagoa da. Landaredia ere goratasunaren arabera aldatzen da: 1.000 m-tik beherako lurralde beroetan zuhaitzak dira nagusi (ebanoa, kaoba, chicozapotea, hulea, etab.); 1.000-2.000 metro arteko lurralde epeletan oihan sarriak eta zuhaixkak dira ugarienak, eta kafea, tabakoa eta kotoia lantzen dira; 2.000 m-tik gorako lur hotzetan belardiak hazten dira, batez ere, eta artoa eta garia lantzen dira. Animalien artean aipatzekoak dira oreinak, tximuak eta pekariak; urriagoak dira jaguarra, tapirra eta puma; Quetzal txoria da, ederra bezain urria, Guatemalako ikurra. ■ Biztanleak. Guatemalako biztanleen erdiak (% 53) maia jatorriko indiarrak dira; indiarren eta espainiarren nahasketaren ondorengo mestizoek osatzen dute beste talde nagusia (% 42); gainerakoak (% 5), beltzak, asiarrak eta europarrak dira. Gaztelania da Guatemalako hizkuntza ofiziala, baina horrez gainera, maia jatorriko hogeiren bat indiar hizkuntza erabiltzen dira (kitxea, kaktxikela, mama, pokomanma, kektxia eta abar). Erlijio nagusia katolikoa da. Azkeneko urteotan sekta ebanjelikoek gorakada handia izan dute. Maien erlijioak bizirik dirau. Biztanleen % 60 gutxi gorabehera herrietan bizi dira. Indiarrak mendialdean bizi dira, nekazaritza, ehungintza, abeltzaintza eta salerosketatik. Hiriburuaz gainera, hauek dira Guatemalako hiri nagusiak: Mixco (436.650 biztanle), Villa Nueva (156.500 biztanle), Quetzaltenango (88.000 biztanle), Escuintla (62.000 biztanle), Chinautla (61.330 biztanle). Biztanleen % 56 baizik ez dago alfabetatuta. Bizi itxaropena 66 urtekoa da, eta jaiotza tasa Erdialdeko Amerikako handienetako bat. Guatemalako arazo sozial larrienetako bat osasun baldintza kaskarrak izatea da, langabeziarekin eta gehiengoaren behartasun gorriarekin batera. Behar baino askoz erietxe, mediku eta erizain gutxiago dago. v Ekonomia. Guatemalak baliabide ekonomiko ugari ditu baina erabat ustiatu gabeak. Ekonomia nekazaritzan oinarritzen da bereziki (Nazio Produktu Gordinaren laurdena). Alde handia dago, ordea, nekazaritza molde zaharrak erabiliz lurrak ematen duenetik bizi diren indiarrek lantzen dutenaren eta atzerriko kapitalarekin eta baliabide modernoekin esportaziorako lantzen denaren artean; Guatemalarako bertarako lantzen dira arroza, garia, sorgoa eta patata; kafea (Erdialdeko Amerikako ekoizle nagusia da Guatemala), platanoa, kotoia eta azukre kanabera berriz esportazio gaiak dira. Industriak gora egin zuen 1970 ondoko urteetan, baina izugarrizko beherakada izan zuen hurrengo hamarraldian, egoera politikoaren egonkortasun faltagatik. Hauek dira industria produktu nagusiak: janariak eta edariak, azukrea, tabakoa, txiklea, kimika gaiak eta sendagaiak, papera, larrua, ehuna, petrolio findua, zurezko gauzakiak eta altzariak. Meatzaritza ez dago behar bezain aurreratua. Izabal aintziran nikela ustiatzen da, eta Rubelsanto eta Chinaja ondoko hobietan petrolio pixka bat ateratzen da. Horiez gainera, burdina, igeltsua, antimonioa, beruna, zinka, zilarra eta urrea ustiatzen dira. Guatemalako ibaiek ahalmen hidroelektriko handia dute, baina, hala ere, argi indarraren % 60 inguru zentral termikoetan lortzen da. XX. mendearen bukaeran Guatemalak inportatzen zuen balioaren erdia esportatzen zuen: kafea, azukrea, banana, izkirak, arrainak eta otarrainak, kardamomoa (sendabelarra), ehunak eta behi haragia. ■ Bigarren Mundu Gerraz gero, Guatemalak ahalegina egin zuen industria eta meategiak bultzatzeko, eta bide batez kafearen eta bananaren produkzioaren morrontzatik ateratzeko. 1970 ondoko urteetan bost urteko plangintza bat abiatu zen esportazioak handituz ekonomiaren hazkundea lortzeko, zergen kobrantza eraginkortasunez gauzatuz, eta atzerriko kredituak baliatuz. Dena dela, garaitsu hartan piztu zen gerra zibilak ez du ekonomiaren aurrerabidea eragotzi besterik egin. ■ XX. mendearen azkeneko urteetan biztanle aktiboen % 57 nekazaritzan aritzen zen, % 17 industrian eta % 26 zerbitzuen sektorean. Handizka ekoizten diren gaien artean aipagarriak dira azukre kanabera, banana, kotoia eta kafea. Horrez gainera, artoa, tomatea, babarrunak, basartoa, arroza, garia eta patatak lantzen dira bertan kontsumitzeko. Abeltzaintzari dagokionez, behiak, zerriak, ardiak eta hegaztiak hazten dira, barruko merkataritzari begira. Nahiz eta urterik urte baso eremua azkar urritzen ari den, basoaren ustiapena garrantzi handiko jarduera da Guatemalan. Basotik ateratzen diren gaien artean aipagarriak dira baltsamua bezalako zur bikainak eta txiklea, mastekatzeko goma egiteko erabiltzen dena. Arrantza gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. v Administrazioa eta gizartea. 1871. urteko erreforma liberalak Guatamalako egitura politikoa aldarazi eta berritu zuenez gero lau konstituzio eman dira argitara Guatemalan. 1986. urteko konstituzioaren arabera errepublika demokratikoa da Guatemala. Lurraldea departamentutan banatuta dago eta departamentuak udalerrietan. Konstituzioaren arabera Guatemalako armadak ez du politika auzietan sartzerik, baina, hala ere, urte askotan eta maiz, haren esku-hartzea erabakiorra izan da Guatemalako bizimoduan. Nekazarien eta langileen lan baldintzak oso gogorrak dira Guatemalan. Enpresaburuen, lurjabeen, banketxetako nagusien, goi mailako militarren eta gobernuko funtzionarioen esku dago Guatemalako politika. Osasun Ministerioko erietxeak doanekoak dira, baina osasun zerbitzua, oro har, ez da behar bezain ona. Eritasunak ugari eta elikadura eskasa delako heriotza tasa handia da Guatemalan. Herriguneetako bizi baldintzak, oro har, txarrak dira eta jendea etxoletan bizi da. Heziketa, lehen mailako ikasketari dagokionez, doan eta nahitaezkoa da. Gutxi dira, ordea, bigarren mailako ikasketak egitera heltzen direnak. Unibertsitate ofizialetan aipatzekoa da San Carlos Guatemalakoa, 1676. urtean sortu zena. v Kultura. Guatemalako kultura alor guztietan nabaria da maia zibilizazioaren eta indiarren kulturaren eragina, espainiarren ekarpenarekin nahastuta, ezaugarri bereziak eman dizkiona gaur egungo arte lanei. Arkitekturan, adibidez, estilo berri horren erakusgarri dira Antigua Guatemalako zenbait eraikuntza: katedrala, Udaletxeko jauregiak, Unibertsitatea, etab. XVI. mendean sona handiko eskultura higikunde bat sortu zen. Guatemalako margolaritza, XX. mendean, Kolon aurreko indiarren kulturaren lekuko bihurtu zen; Carlos Mérida da (1891-1946), ezagunena. Literaturan, beste askoren artean, aipatzekoa da Miguel Angel Asturias Nobel sariaren irabazlearen obra, maia zibilizazioa aztertu ondoren bere herriaren sustraiak indiarren mito zaharren apimenen bidez ezagutzera eman zuena. Aipatzekoak dira indiarren arte lanak (eskulanak) ere. v Historia. Ameriketako konkista baino lehen Guatemala (Quauhtemallan, «zuhaitzekiko lurra»; Uhatezmala, «ura jaurtitzen duen mendia») maia inperioaren parte zen. Lehendabizi náhuatls-ek hartu zuten, eta espainiarrek, Pedro de Alvarado buru zela, 1523. urtean. Indiarrak lurjabeen mendean zeuden eta bizi baldintzak oso gogorrak ziren. Antigua Guatemala izan zen Guatemalako lehendabiziko hiriburua, baina 1773. urteko lurrikarak erabat birrindu ondoren Guatemala hirira aldatu zen. Guatemalak 1812. urtean independentzia aldarrikatu bazuen ere 1847. urtea arte ezin gauzatu ahal izan zuen, bien bitartean Mexikoren babespean lehendabizi, eta Erdialdeko Amerikako gainerako kolonia ohiekin gerokoan, Erdialdeko Amerikako Probintzia Batuen barnean geratu baitzen. Guatemala Ameriketako Estatu Batuen mendean dago politikiari dagokionez; izan ere, Guatemalak barne egoera hobetzeko egin dituen ahalegin guztiak galarazi baititu Estatu Batuak bere ekonomia lehentasunak gordetzearren. Guatemalako barne politika Estatu Batuen interesak zaintzen dituen gutxiengo zuri baten zuzendaritzapean (militarren gobernuak izan dira sarri) egon izan da urte askoan, 1954. urteko kolpe militarrak aginpidea zuen gobernu ezkertiarra kargutik eraitsi zuenetik hasita. 1982. urteko kolpe militarrean eskuineko batzorde militar batek hartu zuen aginpidea. Ríos Montt jeneralak batzordea desegin eta berak hartu zuen lehendakari kargua. Montt jeneralaren aginpidean errepresioa izugarri gogorra izan zen baina, hala ere, oposizioak herriarentzako eskubide demokratikoak, nekazaritzaren hobekuntza eta independentzia nazionala aldarrikatuz segitu zuen. Oposizioak beti ezkutuan aritu beharra zuen, eta handik sortu zen gerrilla armatua (Union Revolucionaria Nacional Guatemalteca, URNG); Gobernuak, gerrillaren jarduera aitzakiatzat hartuta, herriak suntsitu zituen eta indiar asko hilarazi. 1983. urtean, beste kolpe militar baten bidez, armadak lehendakaria aginpidetik kendu eta Mejía Víctores jenerala jarri zuen haren ordez; honek eskubide zibilak ezarri zituen berriro, eta amnistia eman zuen (700 gerrillari atera ziren libre). 1985. urteko hauteskundeetan Democracia Cristiana (Kristau Demokrazia) alderdia atera zen garaile eta 1986. urtean konstituzio berria indarrean jarri zen. Vinicio Cerezo izan zen, hogeita hamairu urtean gobernu militarrek agindu ondoren, lehendabiziko lehendakari zibila. Cerezo Erdialdeko Amerikako bost herrietako lehendakariekin bildu zen Esquipulas-en (1986ko maiatza, eta 1987ko ekaina) bakerako bidea bilatzeko eta demokraziaren sendotzea lortzeko (Esquipulas-eko bake hitzarmena Guatemalan izenpetu zen). Bilera horien ondorioz gobernuaren ordezkaritza bat eta UNRG ere bildu ziren Guatemalan bizi zen biolentzia egoerari irtenbideren bat emateko; negoziaketak ordea ez ziren burutu, eskuindarrek eragotzi baitzituzten. Bien bitartean, 1989-90eko urteetan ezkutupeko eskuindar taldeek eta militarrek hilketa ugari eragin zituzten (Santiago Atitlan-eko nekazarien sarraskia). 1991ko hauteskundeetan (urtarrilaren 6an) (URNGk su-etena agindu zuen bitartean) Jorge Serrano atera zen garaile. Honek ere saioak egin zituen bakea lortzeko baina, artean, indarrean dirau armadaren eta gerrillarien arteko guduak. Bestalde, aipatzekoa da 1974. urtean piztu zen sumendiak eta 1976ko lurrikarak eragin zuten hondamenak areagotu egin zituela Guatemalako arazoak. v 1987ko urrian, gerrillaren (Unión Revolucionaria Nacional Guatemalteca, URNG) eta gobernuaren ordezkariak elkartu ziren Madrilen, 27 borroka urteren ondoren bakeaz hitz egitera lehenengo aldiz. Esquipulasen, Erdialdeko Amerikara bakea ekartzeko planaren barruan, sei herrialdek sortu zuten Adiskiditzeko Nazio Batzordeak (ANB) gero eta protagonismo handiagoa izan zuen bi aldeak elkarretaratzen. Jazarpenak eta hilketak eten ez baziren ere, 1990eko ekainaren batean, Guatemalara bakea ekartzeko oinarrizko hitzarmena izenpetu zuten Madrilen ANBk, alderdi politikoek eta URNGk. 1990eko azkeneko hilabeteetan negoziazioak ez aurrera ez atzera geratu ziren, eta herritarrak eszeptizismoan erori ziren. Horren eraginez-edo, hautesleen % 70ek ez zuen parte hartu 1990eko lehendakaritzarako hauteskundeetan. Hauteskundeen bigarren itzulian, 1991ko urtarrilean, Movimiento de Acción Solidaria (MAS) alderdia atera zen garaile, eta Jorge Serrano Elias hautatu zuten lehendakari. Serranoren gobernuak eta URNGk bakearen aldeko elkarrizketei berriro ekitea erabaki zuten. 1991ko apirilean alde biak hiru egunez elkarrizketatu ziren Cuernavacan, Mexikon. Besteak beste, demokrazia ezartzeko prozesuaz, giza eskubideez, aginpide zibila indartu beharraz, gudarosteak izan beharko lukeen betekizunaz, indiarren eskubideez, konstituzioari egin beharreko aldaketez, hauteskunde erregimenaz eta gerrillaren gizarteratzeaz hitz egin zuten. 1991ko maiatzean komunitate etnikoen kontseiluko buruzagia, Runujel Junam, desagertu egin zen. Uztailean, Estatu Batuetako senatuak eten egin zuen Guatemalari ematen zion laguntza militarra. URNGk giza eskubideak errespeta zitezela eskatu zuen berriro. Izan ere, giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, Serranoren gobernuko lehenengo bederatzi hilabeteetan giza eskubideen aurkako 1.760 lege urratze gertatu ziren Guatemalan: epaiketarik egin gabe hilarazi zituztenak eta kalean hil zituzten haurrak zenbatuta, 650 bat hil ziren. Irailean, bestalde, Guatemalako lehendakariak Belizeren burujabetasuna eta autodeterminazioa ezagutu zituen. Hori zela eta, Alvaro Arzú kantzilerrak, Partido de Avanzada Nacional alderdiko buruzagi nagusiak, bere karguaren dimisioa eman zuen. 1992an eztabaida hasi zen gudarosteak mantentzen zituen talde armatuez, Autodefentsa Zibilerako Taldeez (AZT), esate baterako. Gobernuak “Hunapu” izeneko indar armatu bat sortu zuen, gudarosteko kideez, polizia nazionalez eta Ogasun Guardiako kideez osatua, babes zibilerako sistema ordezkatzeko. Apirilean, Hunapuko kide batzuek istiluak sortu zituzten ikasleen manifestazio batean. Bai Munduko Bankuak bai Europako Legebiltzarrak bortxa politikoa amaitzeko neurriak har zitzala eskatu zioten gobernuari. Urrian, espainiarrak Ameriketara iritsi ziren bosgarren mendeurrenaren ospakizunetan, Rigoberta Menchúk, bere herriko indiarren egoera mundu osoan zehar salatu duen indiar buruzagiak, Bakearen Nobel saria jaso zuen. 1993ko maiatzean, Serrano lehendakariak, militar talde baten laguntzaz, estatu kolpea eman zuen eta konstituzioaren artikulu batzuk ezeztatu, eta Kongresua eta Auzitegi Gorena indargabetu. Ekainaren batean, nazio barruko eta kanpoko presioak bultzatuta, Serranok lehendakaritza utzi zuen. Giza eskubideen prokuradore ohia, Ramiro de León Carpio izendatu zuten lehendakari Serranoren ordez. Lehendakari berriak kargutik kendu zituen Serranori laguntza eman zioten militarrak. Handik gutxira, Jorge Carpio Nicolle, Unión de Centro Nacional alderdiko buruzagia eta lehendakariaren lehengusua, hilda agertu zen. Ezkutuko hilerrien bila ari zirela, 1993ko azaroan 117 emakume eta haurren hezurdurak aurkitu zituzten, militarrek hildakoak 1982an. Autodefentsa taldeen eta derrigorrezko soldadutzaren aurkako kanpaina gorabehera, lehendakariak, lehenago esandakoaren kontra, gatazka armatua konpontzen ez zen bitartean bi erakundeak mantenduko zituela esan zuen. 1994-1995 urteetarako ekonomia plangintzaren arabera, estatuak utzi egingo zion ekonomian esku hartzeari, finantzen erreforma bideratuko zuen eta enpresa publikoak pribatizatzeari ekingo zion. Lehendakariaren arabera, neurri horien helburu nagusia estatuko agintaritzan ustelkeria desagerraraztea zen. Lehendakariak diputatuen eta Justiziako Auzitegi Gorenaren dimisioa eskatu zuen abuztuan, eta tirabira askoren ondoren, gobernuak eta Legebiltzarrak konstituzioa berritzea erabaki zuten. Nekazarien Batasunerako Batzordeak eta Guatemalako Alargunen Nazio Batzordeak deituta, 5.000 indiar inguruk manifestazioa egin zuten Auotedefensa Zibilerako Taldeak desagertzea eskatuz. 1994ko urtarrilean, eta su-etenik gabe, gobernuak eta gerrillak hitzarmenak izenpetu zituzten, gerran bizilekuz aldatutako jendea utzitako lekuetara itzul zedin. Garaitsu hartan, konstituzioari buruzko erreferendum batean, abstentzioa % 85ekoa izan zen. Boto emaileen % 69k Legebiltzarra eta Auzitegi Gorena berritzearen alde egin zuen. Hauteskundeetan ere antzeko abstentzioa izan zen, eta Guatemalako Fronte Errepublikanoa atera zen garaile, Efraín Ríos Montt diktadore ohiaren gidaritzapean. Alderdi Progresista Nazionala gelditu zen bigarren. Mónica Pintok, NBEren giza eskubideetarako begiraleak, gizartea desmilitarizatzeko neurriak hartzea komeniko litzatekeela gomendatu zuen. Besteak beste, gudarostea murriztea, AZT deuseztatzea eta Egiaren Batzorde bat eratzea proposatu zuen. 1994ko hasieran, eta isiltasun luzearen ondoren, Kanpo Harremanetarako Ministerioak Belizeren burujabetasuna aldarrikatu zuen. Martxoan gobernuak eta gerrillak AZT desagertzeko hitzarmena berretsi zuten. Handik hiru egunera Auzitegi Konstituzionalaren lehendakaria hil zuten. Ekainean, Oslon, gerrillak eta gobernuak biztanle deserrotuei buruzko hitzarmen bat izenpetu zuten, non bizi eta zer landu izan zezaten. 1995ean, zela hauteskundeengatik, zela gudarostearen eta lurjabeen interes faltarengatik, bake negoziazioek ez zuten aurrera egin. NBEren arabera giza eskubideak ez ziren errespetatzen ez zegoelako zigorrik eskubide horiek urratzen zituztenentzat, eta ehunka tortura kasu, hilketak eta legez kanpoko atxiloketak salatu zituzten. 1995eko abuztuan Legebiltzarreko lehendakaria eta Fronte Errepublikanoko beste bi kide epaitu zituzten telefono deiak entzutea agintzeagatik, dokumentuak faltsutzeagatik eta aginpidea berenganatzeagatik. Azaroko hauteskunde orokorretan, Alderdi Progresista Nazionaleko hautagaiak, Alvaro Arzúk, botoen % 42 eskuratu zuen, eta haren lehiakide gogorrenak, Alfonso Portillo Cabrerak, Fronte Errepublikanokoak, erdia. Bigarren itzulian, Arzú hautatu zuten lehendakari. Abstentzioa inoiz baino handiagoa izan zen, % 63. Abenduan gobernuak eta gerrillak behin betiko bake hitzarmena izenpetu zuten, Europan lehenbizi, eta Mexikon eta Guatemalan ondoren; ordurako 100.000 pertsona baino gehiago hil ziren Guatemalako gerran. Alde biek errespetatu zuten su-etena. Krimen politikoak amaitu orduko, ordea, krimen arruntak asko ugaritu ziren, biztanleen % 80 behartasun gorrian bizi baitzen. 1998ko irailean Mitch urakanak 24.000 pertsona hil eta izugarrizko triskantzak eragin zituen Erdialdeko Amerika osoan. 100.000 pertsona baino gehiago etxerik gabe gelditu ziren eta osasun egoerak okerrera egin zuen. 1999an lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren, eta Alfonso Portillok lortu zuen garaipena. Portillok agindu zuen harremanak izango zituela Estatu Batuekin eta ekonomia liberalizatuko zuela eta inbertsioak handituko zituela, besteak beste. Hala ere, Portillok eta Francisco Reyes López Lehendakariordeak kritika handiak izan zituzten korrupzioagatik, despotismoagatik, lapurretagatik eta “Ostegun Beltzean” parte hartzeagatik. 2004an Óscar Berger lehendakaritzara iritsi zenean Portillok Mexikora ihes egin zuen, eta atzemateko agindua izenpetu zuten Guatemalak eta Interpolek, dirua zuritzeagatik eta funtsak desbideratzeagatik. Baina 2008an, Alvaro Colomen gobernuaren babesean, Guatemalara itzuli zen; bermea ordaindu eta aske gelditu zen. Óscar Berger Perdomoren gobernuak ere kritika gogorrak izan zituen, ez zelako gauza izan krimen antolatuari aurre egiteko, narkotrafikoa indartu egin zelako eta ezin izan ziolako herritarren migrazioari eutsi. 2007ko hauteskundeetan Colomek lortu zuen lehendakaritza.
http://www.guatemala.gob.gt/