Gross, Michael
Alemaniar igerilaria (Offenbanch, 1964). Tximeleta probetan inoiz izan den igerilaririk hoberena, eta historiako sarituenetako bat. Gizon garaia eta indartsua, beso luzera handikoa, Albatros deitzen zioten, haren igeri egiteko moduak itsas hegazti horren mugimenduak antzeratzen zituelako. 1980an Moskuko Olinpiar Jokoetan parte hartu behar zuen, baina ezin izan zuen joan, Alemaniako Errepublika Federalak, Estatu Batuen erabakiarekin bat eginez, boikota egin zielako jokoei, sobietarrek Afganistan inbaditu izanaren aurka protestatzeko. Harrezkero, baina, Grossek igeriketaren historiako karrera distiratsuenetako bat osatu zuen: Munduko Txapelketetan, Guayaquilen (1982), urrezko bi domina lortu zituen; Madrilen (1986), urrezko bi eta zilarrezko beste bi; eta Perthn (1991), urrezko bat, zilarrezko hiru eta brontzezko bat; Olinpiar Jokoetan, Los Angelesen, urrezko bi eta zilarrezko bi; eta Seulen, urrezko bat eta brontzezko bat. Europako txapelketetan jaun eta jabe izan zen urte askoan. 1985ean, adibidez, Sofian, urrezko sei domina lortu zituen. Bere igerilari karreran 11 aldiz hautsi zuen munduko errekorra igeriketa estilo desberdinetan (200 metro libretan, eta 100 eta 200 metro tximeletan, besteak beste).