Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Grezia

(Izen ofiziala, Heleniar Errepublika; Gr., Elliniki Dimokratia). Europako hego-ekialdeko estatua, Balkanetako penintsularen hegoaldeko muturrean dagoena; uharte ugari ditu. Mugak: iparraldean, Albania, Mazedonia eta Bulgaria; ekialdean, Turkia eta Egeo itsasoa; hegoaldean, Mediterraneo itsasoa; mendebaldean, Itsaso Jonikoa. Kretako itsasoak bereizten du penintsulatik. 131.957 km2 eta 11.244.204 biztanle (2005, grekoak edo greziarrak). Hiriburua: Atenas (3.005.322 biztanle, atenastarrak). Greziarrak (% 98), mazedonioak (% 1,5), turkiarrak (% 0,9), albaniarrak (% 0,6), besteak (% 1,5). Etniak: greziarrak, % 98. Erlijioa: greziar ortodoxia. Hizkuntza: grekoa. Dirua: euroa. v Geografia eta klima. Greziako herrialdeak Egeo itsasoaren eta Itsaso Jonikoaren artean dagoen penintsula eta uharte asko hartzen ditu: Eubea, Kreta, Esporadak, Ziklada uharteak, Dodekanisos (Rodas), Uharte Jonikoak, Ikaria, Lesbos, Samos, Samotrazia eta abar. Lur menditsuak eta itsasoa dira Greziako ezaugarri nagusiak. Lurraldearen hiru laurdenak mendiak dira eta 80 km-ko tartea dago, gehienez, lurraldeko puntu bat eta itsasoa bitartean. 437 uharte dira (lurrazalaren bostena). Pindo mendikatea da, Balkanetako mendien segida, Greziako mendigune nagusia. Pindo mendikatetik adar hauek ateratzen dira: Aeta mendiak, Parnaso, Kizeron eta Helicon mendiekin hego-ekialderantz luzatzen direnak; Tesalia arroa eratzen duten bi mendilerro ekialdean; Greziako mendirik garaiena den Olinpo mendia (2.918 m) hegoaldean. Peloponesoko penintsulan Acay eta Arcadia mendiak daude. Greziako eskualde naturalak honako hauek dira: Macedonia eta Tracia iparraldean, Tesalia eta Atica Greziako erdialdean (haran emankorrak), Peloponeso hegoaldean, eta Kreta, Greziako uharte nagusia. Klima Mediterraneokoa da oro har: Pindo mendikatetik sortaldera beroa eta hezea, Pindotik sartaldera lehorra, eta hotz-bero arteko aldea nabarmenagoa duena. Ibai askorik ez dago, lurra karekizkoa baita eta ura lurpean biltzen baita; ibaiak laburrak dira: Vardar, Struma eta Néstos dira nagusiak. Greziako iparraldeko landareak Europako erdialdekoak dira: hosto erorkorreko eta iraunkorreko basoak; gainerako tokietan Mediterraneoko landareak dira nagusi: pinuak, olibondoak, zuhaixkak eta sasiak. Animalien artean aipatzekoak dira hartz arrea, otsoa, basurdea eta suge mota ugari. ■ Biztanleak. Ia biztanle guztiak (% 98) greziarrak dira; gainerakoak turkiarrak, mazedoniarrak, albaniarrak eta armeniarrak dira. Biztanleen % 60tik gora hirietan bizi da, Atenasen (772.000 biztanle), Tesalonikan (384.000 biztanle), Pireon (183.000 biztanle), Patrasen (153.000 biztanle), Heraklionen (118.000 biztanle), Larisan (113.000 biztanle) eta beste txikiago batzuetan. Erlijio nagusia Greziako eliza ortodoxoa da. Musulmanak, katolikoak, protestanteak eta monofisitak (kristau armeniarrak) gutxiengoa dira. Grekoa edo greziera da hizkuntza ofiziala eta jende gehienak erabiltzen duena. Ekonomiaren aurrerapenak eta turismoaren eragina dela eta jende asko joan da herritik hirira; gaur egun, biztanleen bi herenak hiriguneetan bizi dira. Greziako hiriburua Atenas da (885.737); hiri nagusia da bai biztanle kopururik handiena bertan bizi delako eta bai portu (Pireo portua) eta industriagune nagusiak bertan daudelako. Grezian betidanik emigratu izan du jendeak, ekonomia baliabideen hutsuneak hartara behartuta; Greziako aro klasikoan Mediterraneo inguruko herrietarantz joan ohi ziren baina gaur egun Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Australia, Alemania eta Belgika dira greziarren jomugak. Hala ere 1973. urteko krisi ekonomikoak moteldu egin zuen emigrazioa. v Ekonomia. Greziako ekonomiak aurrera egin zuen nabarmen Bigarren Mundu Gerratik, nahiz eta bertako baliabide naturalen urritasunak eta burokratizazio gehiegizkoak aurrerabidearen oztopo izan ziren. 1981. urteaz geroztik Europako Ekonomia Elkartearen (EEE) kide da. Greziako ekonomia, Estatu Batuei oso lotua dagoena, enpresa pribatuetan oinarritu izan da; 1981. urtean, ordea, Mugimendu Sozialista Panhelenikoak (PASOK) aginpidea iritsi zuen, eta harrezkero estatuaren mende geratu ziren ekonomia jarduera gehienak: energia ekoizpena, ontziolak, garraiobideak, aseguruak eta banketxeak. 1970. urtetik aurrera behera egin du nekazaritzak eta gora, aldiz, industria eta zerbitzuak. Greziako lursailen % 30a nekazaritzan erabiltzen da, nahiz eta lurlantzarako baldintzak batere onak ez diren; batetik, lurra harritsua da, oso zatikatua dago eta euri gutxi egiten du, eta, bestetik, lan tresnak zaharrak dira oso. Iparraldean garia, garagarra, arroza, kotoia, tabakoa eta patatak lantzen dira; erdialdeko eta hegoaldeko lursailetan meloiak, tomateak, mahatsa, oliba-olioa eta fruituak. Hegoaldean ardiak eta ahuntzak hazten dira eta Tesalian abelgorriak. Betidanik izan da Grezia herri arrantzalea, eta arrantza azpiegitura modernoa du, baina Mediterraneoa kutsatzen ari denez, arrantza urritu da eta kanpotik ekarri beharra dute arraina. Mea baliabideak ez dira oso aberatsak, Europako bauxita ekoizle handienetakoa Grezia bada ere; horrez gainera, aipatzekoak dira lignitoa (energia elektrikoa sortzeko erabiltzen dena), eta neurri apalago batean manganesoa, burdina, zinka, beruna, urrea eta diamanteak. 1981. urtetik aurrera petrolioa eta gas naturala ustiatzen hasi ziren Egeo itsasoan. ■ Greziako ekonomia lehen sektorean oinarritu da betidanik. Azkeneko urteotan, baina, industriak eta zerbitzuek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute. Hala ere, Europar Batasuneko herrialdeen artetik Grezian du nekazaritzak pisurik handiena. Industria ahula du eta energia baliabide urri. Bestalde, turista asko joaten da Greziara antzinako Greziako aztarnak eta uharteen edertasunak erakarrita edota eguzkiaren bila, eta, beraz, Greziako ekonomia baliabide indartsuenetakoa da turismoa. ■ Biztanle aktiboen laurden batek lehen sektorean egiten du lan, nekazaritzan edo abeltzaintzan. Lurralde menditsua izanik, eremu osoaren % 30 baizik ez dago landua. Lurrik emankorrenak Tesalian daude: batez ere artoa, garia eta arroza lantzen da han, eremu ureztatuetan. Nazioaren ekonomiarentzat garrantzi handikoak dira, baita ere, beste gai hauek: tabakoa (Trazia eta Mazedonian), kotoia (erdialdean), mahastiak eta olibondoak (Peloponeson eta uharteetan), zitrikoak (Kretan), pikuak (Peloponeso hegoaldean). Greziatik kanpo oso aintzat hartuak dira Korintoko mahaspasak, herrialdearen diru iturri nagusietako bat. Grezian ahuntz eta ardi hazkuntzak garrantzi handia izan du betidanik, eta badu oraindik ere, baina sektorea modernizatu eta mekanizatu ahala, behi eta zerri hazkuntza gero eta gehiago ari da zabaltzen. Arrantzak ere garrantzi handia du; Greziako portu nagusia Pireon dago. ■ Greziako industriak aurrerabide handia egin du azkeneko urteotan, baina, hala ere, urruti dago Europako Erkidegoko gainerako herrialdeetatik. XX. mendearen bukaeran sektore honek biztanle aktiboen laurden bat hartzen zuen. Ehungintza eta janari industria dira inportanteenak. Greziaren ekonomiaren aurrerabidea galarazten duen oztopo nagusietako bat energia baliabiderik ez izatea da. Zentral termiko eta hidroelektriko batzuk badira, baina ez dira aski industriaren beharrak asetzeko, eta, beraz, hidrokarburoak inportatzera behartuta dago. ■ Greziak gehiago gastatzen du inportazioetan, esportatzen irabazten duena baino. Desoreka hori turismoaren irabaziekin eta herrialdetik kanpo bizi diren greziarren errentekin berdintzen du neurri batean. v Administrazioa eta gizartea. 1975. urteko konstituzioak, ordu arteko politika aldaketekin amaitu nahian, parlamentu errepublika ezarri zuen eta aginpide beterazlea lehendakariaren (estatu eta armada burua) eta lehen ministroaren (gobernu burua) artean banatu zen. Legegintzarako aginpidea lehendakariaren eta lau urtez behin hauteskundeen bidez aukeratzen den Parlamentuaren (Vouli) esku dago. Epaitzeko aginpidea Auzitegi Gorenak, Estatu Kontseiluak eta Estatuko kontuen Hauzitegiak osatzen dute. Grezia hamar eskualdetan (dhiamerísmata) eta berrogeita hamar departamentutan banatzen da; Barne Ministerioak izendatzen du departamendu bakoitzeko burua (nomarch). Soldadutza derrigorrekoa da 21 urtetik gorako gizonezkoentzat eta bi urte irauten du. Bigarren Mundu Gerraren ondoren gobernuak neurri bereziak hartu zituen Grezian ohiko ziren eritasunekin bukatzeko: paludismoa, tuberkulosia, disenteria eta tifusa. Gaur egun, heriotza eragile nagusiak herri aurreratuenetakoak berak dira: minbizia, bihotzeko gaitzak, etab. Haur jaioberrien heriotza tasa milako 15ekoa da. Bizitza itxaropena 70 urtetik gorakoa da. Erietxe nagusiak Atenas, Tesalonika eta Patras hirietan daude. Hezkuntza publikoa dohain eta nahitaezkoa da 6-15 urte bitarteko haurrentzat. Hogeita hamar urteko epean Greziako alfabetatuen kopurua % 30-tik % 92-ra jasoarazi zen. Bigarren mailako ikasketetarako eskola pribatu ugari dago; unibertsitate pribaturik ordea ez dago, konstituzioak debekatzen baitu. Goi mailako ikasketa tekniko zenbait egiteko kanpora joan ohi dira greziar asko, Grezian filosofia, zuzenbidea eta humanitatea lantzen baitira bereziki. Unibertsitate ofizial nagusiak Atenas, Tesalonika, Patrás eta Kretan daude. 100 egunkari baino gehiago dago Grezian. Biztanle gehienak kristau ortodoxoak dira erlijioz, eta musulman talde txikiak biltzen dira mendebaleko Trazian eta Dodekaneso uharteetan. v Historia. Grezia osatzen duten herriek mendebaleko zibilizazioaren oinarriak jarri zituzten, gero Erromak bere egin eta zabaldu zituenak. V. mendean Erromatar Inperioaren ekialdea (Konstantinopla edo Bizantzio zen hiriburua) Greziako ohiturak, hizkuntza eta kultura gorde zituen barruti independentea izan zen (ik. Antzinako Grezia). Bizantzioko inperioak Erdi Aro osoan zehar iraun zuen eta bere kultura ondarea Errusiara eta eslaviar herrietara hedarazi zuen. 1453. urtean Turkiako inperioak mendean hartu zuen Konstantinopla, eta Italiara ihesean joan ziren Bizantzioko jakitunek Grezia klasikoaren pentsamoldea eta Erromako zuzenbidea eraman zuten berekin mendebalean loratzen ari zen Errenazimentuaren aberasgarri. Turkiak Konstantinopla mendean hartu zueneko unea Greziako politika burujabetasunaren amaieratzat har daiteke. Inbasioaren ondorioak latzak izan baziren ere Greziako nazio nortasunaren bizi iraupenerako funtsezkoak izan ziren oinarrizko hiru eskubide eman zizkieten turkiarrek greziarrei: Greziako Eliza Ortodoxoarekiko (gerokoan Greziako nazionalismoaren ordezkari eta aitzindari nagusi izan zena) begiramen osoa, heziketa grekoz egin ahal izatea eta salerosketarako askatasuna. Gero ordea turkiar administrazioaren ganora ezak eta haurrak sultanaren guardia pertsonala (jenizaroak) osatzera joan beharrak herriaren haserrea eragin zuten. 1770. urtean Peloponeson, Errusiako Katalina Handiak bultzatuta, altxatu ziren lehendabiziko aldiz greziarrak menderatzaileen aurka; bai iraultza hark eta baita 1786. urtean Epiron piztu zenak ere huts egin zuten. 1821. urteko martxoaren 25ean Germanos gotzainak Peloponeson antolatu zuen independentziaren aldeko higikundea. 1822. urtean Epidauroko kongresuak Grezia independentearen konstituzioa idatzi zuen. Urte horretan bertan Greziako abertzaleen alde borrokatzeko gertu zeuden europarrak Genevan bildu ziren (Lord Byron idazlea tartean); izan ere, independentzia lortzeko, greziarren borroka ez ezik Erresuma Batuak, Frantziak eta Errusiak emandako laguntza ere oso kontuan hartzekoa da. 1828. urtean Errusiaren eta Turkiaren arteko gerra piztu zen eta Turkiak, 1829. urteko irailaren 14an Greziako independentzia onartu behar izan zuen (Hadrianopolis-eko hitzarmena). Greziak Frantziako Iraultzaren hastapenetan eta urteetan bizirik iraun zuten herriaren ohitura demokratikoetan oinarritu zen errepublika demokratikoa ezarri nahi izan zuen. 1827. urteko apirilean bildu zen hirugarren Nazio Biltzarrak Ioannis Antonios Kapodistrias hautatu zuen behin-behineko lehendakari. Independentzia iritsi zen garaian Greziako lurraldeak 50.000 km2 eta milioi bat biztanle zituen; Greziako erdialdearen zati batek (Atika barne), Peloponeso, Eubea eta Kiklades uharteak hartzen zituen. 1831ko urrian Kapodistrias lehendakaria hil zuten eta Bavierako Otto I.a printzea ezarri zuten aginpidean. Otto I.aren absolutismoaren kontrako higikundeak iraultza ernarazi zuen eta horren ondorioz 20 urte iraun zuen konstituzioa sortu zen (1844). 1863. urtean Danimarkako Jurgi I.a printzeak hartu zuen Otto printzearen kargua. Jurgi I.aren eta horren ondorengoen aginpidean Greziak Joniako uharteak, Tesalia (1881), Epiro, Mazedonia, Kreta, Egeo itsasoko zenbait uharte (1913), eta Bulgariako Traziako zati bat (1920) bereganatu zituen baina Lehen Mundu Gerraren ondoren Anatolia eskuratzeko saioak huts egin zuen. Greziako gobernua kolokan egon da behin baino gehiagotan XX. mendean zehar. 1924. urtean errepublika ezarri zen eta 1935ean monarkiak eskuratu zuen berriro aginpidea. Bigarren Mundu Gerraren ondoren (Grezia aliatuekin batera borrokatu zen; Alemaniak 1944. urteko urria bitartean hartu zuen lurraldea) gerra zibila piztu zen; gerrak 1949. urtea arte iraun zuen, harik eta britainiar armadaren laguntzaz, komunistak garaitu zituzten arte. 1967. urtean estatu kolpea jo zuten militarrek alderdi ezkertiarrek hauteskundeetan garaile atera ez zitezen aitzakiarekin. Militar eskuindarrek monarkia deuseztatu zuten eta errepublika ezarri 1973. urtean. Georges Papadopulos aginpidetik kentzeko beste kolpe militar baten ondoren, Konstantinos Karamanlis-ek gobernu zibil bat eratu zuen eta 1952. urteko konstituzioa indarrean jarri zuen berriro. 1975. urtean konstituzio berri bat jarri zen indarrean. Harrezkero hauteskunde demokratikoen bidez antolatu dira gobernuak. 1975. urtetik aurrera Karamanlis-en Demokrazia Berria alderdiak gehiengoa galdu zuen eta 1981. urteko hauteskundeetan Andreas Papandreu sozialista (PASOK) atera zen garaile. Finantzetan izan zen zenbait azpijokok, PASOK-eko burkide batzuk tartean zirela, Panpandreu aginpidea uztera behartu zuten (1989); ondoko hauteskundeetan ez zen gehiengo osoa lortu zuen alderdirik izan eta guztien parte hartzearekin antolatu zen gobernu berria Xenophon Zolotas independentea buru zela. 1990eko hauteskundeak Demokrazia Berriak irabazi zituen; Kostandinos Mitsotakis, alderdiko burua, aukeratu zuten lehen ministro eta Kostandinos Karamanlis, Demokrazia Berria alderdiko kidea, errepublikaren lehendakari. Kanpo politikari dagokionez aipatzekoa da Papandreou-ren eta Turkiako lehen ministro Turgut Ozal-en arteko bilera herri biren arteko tirabirak leuntzeko (Devos, 1988ko otsaila). Bestalde, 1990eko martxoan, Kretan diren aire eta itsas armadako gune biak zortzi urte gehiagotan indarrean jarraitzeko baimena hitzartu zuen Greziako gobernuak Estatu Batuekin. ■ 1989ko hauteskundeetan ez zen alderdirik gailendu, eta hiru nagusiek koalizioko gobernua osatzea erabaki zuten. 1983 eta 1989 bitartean Greziak eta Estatu Batuek elkarren laguntzarako hitzarmenak egin zituzten. Estatu Batuek Grezian zituzten lau base militarrak bertan edukitzeko baimena luzatzea lortu zuten Greziari laguntza ekonomikoa eta militarra ematearen truke. Halaber, Estatu Batuek laguntza diplomatikoa eman behar zioten Greziari honek Turkiarekin zituen liskarretan, batez ere Zipreko auzian. Hala ere, 1990eko urtarrilean, beste hitzarmen bat egin zuten, base militar horietako bi ixteko, Estatu Batuek Europan zuten presentzia militarra urritzen joateko plangintzaren barruan. 1990eko martxoaren 7an lege berri bat onartu zen, lan hitzarmen kolektiboei buruzkoa, 50 urteren ondoren langileak eta enpresaburuak estatuaren esku hartzerik gabe negoziatzeko aukera ematen zuena. 1990eko apirileko lehendakaritzarako hauteskundeetan Karamanlis garaile irten ondoren, gobernu berri bat antolatu zen, Constantinos Mitsotakis kontserbadorearen gidaritzapean. 1991n Mitsotakisek gastu publikoa murrizteko eta prezioen liberalizazioaren eta pribatizazioaren aldeko neurriak hartu zituen. Neurri horien kostu sozialak eragin zuen neurri handi batean 1993ko legegintzarako hauteskundeetan gobernu kontserbadoreak porrot egin izana. Urte horretako urriaren 12an Papandreuren PASOK (Mugimendu Sozialista Panhelenikoa) alderdiak hautesleen botoen % 47 jaso zituen –Demokrazia Berriak, berriz, % 40 baino gutxiago–, eta gehiengo absolutua lortu zuen Legebiltzarrean. 1994ko Europako hauteskundeetan PASOKek eta batez ere Demokrazia Berriak botoak galdu zituzten, alderdi txikien mesedetan: Udaberri Politikoa, Alderdi Komunista eta Ezker Progresistaren Koalizioa. 1996ko urtarrilean Papandreuk bere karguaren dimisioa eman zuen, osasun arazoengatik, batetik, eta alderdikideen kritikengatik, bestetik. Industria ministro ohiak, Konstantinos Simitisek, hartu zuen kargua. Irailean Alderdi Sozialistak irabazi zituen legegintzarako hauteskundeak, Lehen Ministro berriaren gidaritzapean. 2000. urteko hauteskundeetan ere Simitis hautatu zuten berriro ere Lehen Ministro eta Parlamentuak Stephanopoulos berretsi zuen lehendakaritzarako. 2004ko Simitisek uko egin zion gobernuari eta Georgios Papandreu izan zen haren ordezko. 2004ko hauteskundeak Demokrazia Berria alderdiko Costas Karamanlisek irabazi zituen, eta horrela amaitu zen PASOK alderdiaren nagusitasuna. 2005eko martxoan Stephanopoulosek Lehendakaritza utzi eta Karolos Papoulias izendatu zuen ondorengo. 2007an izugarrizko suteak izan ziren Grezian, eta baso gehienak desegin ziren. 2008an izugarrizko matxinada gertatu zen Greziako kaleetan: poliziaren esku 15 urteko gazte bat hil izana izan zen altxamenduaren eragilea, baina horren atzean egoera sozial eta ekonomiaren ondoriozko atsekabea zegoen. Kanpo harremanetan, bestalde, Greziaren eta Turkiaren arteko tirabirek bere horretan iraun dute, Zipreko auzia dela-eta, besteak beste. v Kultura. Grezia klasikoaren kulturako aztarna ugarik iraun du gaur egun arte (Atenas, Delfos, Epidauro, Micenas, Argos, etab.); delako aztarna horiek eta Greziako museoetan (Museo nazionala, Iraklion-eko Museoa, Akropolisa, etab.) eta atzerriko hiri nagusietan gorde diren eskultura eta gauzakiak Greziako kultura ondare iraunkorraren eta aberatsaren erakusgarri dira. Grezia modernoaren kulturan aipatzekoak dira zenbait poeta: Constantine Cavafy, George Seferis (Nobel saria, 1963), Angelos Sikelianos, Odysseus Elytis (Nobel saria, 1979), Yannis Ritsos eta Kretako Nikos Kazantzakis. Musikoen artean gailendu dira, beste askoren artean, Manos Hadjidakis eta Mikis Theodorakis. Greziako herri musika oinarri duten eta nazioarteko polifonia lehiaketetan parte hartzen duten abesbatza ugari sortu dira. Greziak independentzia lortu zuenetik bertako arteak Europako mendebaleko ereduak izan ditu oinarri. Pintore figuratiboetan ospe handikoak dira Iannis Morilis eta Nikos Engonopulos; margolaritza abstraktua landu dutenen artean Aléxos Kontópulos eta Iannis Spyrapulos. Eskultoreetan berriz aipatzekoak dira Vassilakis Takis eta Alex Mylona. v Antzinako Grezia.  K.a. 2000. urtearen bukaeran Greziako penintsulan eta Egeoko itsasertzean eta uharteetan loratu ziren zibilizazioaz esan ohi da. v Helenismoaren aurreko garaia. Grezian, kontinente barruan aurkitu diren giza aztarnarik zaharrenak Epipaleolitokoak dira (40000 K.a.). Neolitoko lehen aztarnategiak K.a. 6200. urtekoak dira. Garai hartan itsas bidaldiak ohikoak ziren kontinentearen eta uharteen artean, eta horren adierazgarri da Milos uharteko obsidiana harria, Grezia guztian barrena barreiatua dagoena. Brontzearen antzinako garaian (K.a. 2600-2000) agertu ziren uharteetako aurreneko kulturak: zikladikoa eta minoikoa. Kultura zikladikoa nagusi izan zen 2600. urtetik 1800era bitartean, eta minoikoa edo Kretakoa izan zen ondoren. Kretako kulturak merkataritza harremanak zabaldu zituen Mediterraneoaren ekialdean, eta luxu handiko hiriak, artelan ugariez apainduak, sortu zituen, eta haiek egundoko eragina izan zuten kontinentean. K.a. 1400 inguruan desagertu zen kultura hura, zibilizazio mizenikoak bereganatuta.Zibilizazio mizenikoa. Lehen herri indoeuroparrak K.a. 3000. urtean iritsi ziren Egeo ingurura. Beren zibilizazioa finkatu zuten lurralde hartan, nahiz eta kultura minoikoaren eragina jaso itsas merkataritzaren bidez. Mizenas zen bertako hiri nagusia eta hartatik datorkio izena kultura hari. Aurkitu diren aztarnategiek adierazten dutenez, gizarte guduzalea bide zen hura. Eguneroko bizitza harresi garaiez babestutako hiri inguruan egiten zen, eta hiriko jauregia izaten zen erregearen eta aitonen semeen bizilekua. Abere hazkuntza eta nekazaritzaz gainera, Mizenaskoak merkataritzan aritzen ziren eta baita itsaslapurretan ere. Ekonomia ongiro nabarmena eta kultura adierazpide aberatsak iritsi zituzten, eta horren adierazgarri dira hilobietan aurkitu den tresneria aberats fina (Atreoren altxorra). K.a. 1200 urte inguruan desagertu zen Mizenasko zibilizazioa itsasaldeko herrien erasoek eraitsita. Mizenasko zibilizazioa desagertu zenean asko jaitsi zen Greziako biztanle kopurua, baina K.a. XII. mendean, doriarrek Greziara emigratu zutenean igo egin zen berriro.Antzinako Greziaren Erdi Aroa. (K.a. 1200-700). Doriarrek Grezia menderatu zutenean, mizenastarren hiri-jauregiak desagertu ziren. Garai hartan erabat hedatu zen burdinaren erabilera. Hiribildu batzuk sortu ziren, politikari dagokionez burujabeak (polis) izan zirenak, eta lursailak landu ziren haien inguruan. Errege batek gobernatzen zituen, aitonen semeek lagunduta, haiek baitziren, hain zuzen, artaldeetako eta lurretako jabeak eta kontseiluko kideak. Laborariek eta artisauek bazuten ordezkaririk biltzarrean, baina kontseilu nagusiak esaten zuena izenpetzea zen haien eginkizun bakarra ia. Jopuek eta esklaboek ez zuten eskubide politikorik. Polis-ak burujabeak baziren ere, elkarren artean bazuten alderdi komunik: hizkuntza, idazkera eta erlijioa, esaterako, bat zuten guztiek. Greziako hiriak Asia Txikiaren kostaldeetara ere hedatu ziren.Grezia arkaikoa (K.a. 800-500). Garai hartan polis hiribilduetan ekonomia aldatuz joan zen, eta merkataritzak eta artisautzak garrantzi handia izan zuten. Lehengo erregetza ere aldatuz joan zen eta erregimen aristokratiko bihurtu zen, VIII. mendean Asia Txikian sortu eta Grezia osora hedatu zena gero. Hiria gobernatzeko eztabaida politikoen lekua aitonen semeen kontseilua edo biltzarra (bule) izan zen. Herriaren biltzarra (ekklesia) bigarren mailan geratu zen, eta, horregatik, politikan parte hartzeko eskubidea aberatsen eta ahaldunen esku zegoen ia oso osorik. VIII. eta VI. mendeen bitartean gertatu zen Greziaren kolonizazioa Mediterraneo itsasoaren eta itsaso Beltzaren kostaldean. Hasieran, emigrazioa, nekazaritzako lursailen faltaren kariaz gertatu zen, izan ere, antolaketa patriarkalaren arabera, lurraren gaineko eskubideak noble familietako premuarentzat izaten baitziren. VII. mendetik aurrera emigrazioaren merkataritza alderdia hasi zen azaltzen, eta, hala, polis berriak jatorrizko hiriaren faktoria edo sukurtsal bihurtu ziren. Kolonizazioarekin batera merkataritza heldu zen eta hark ekarri zuen ekonomia garapenaren ondorioz erregimen aristokratikoa ahulduz joan zen VII. mendetik aurrera; gizarte maila berri bat sortu zen hala, gizon askeena, jatorriz pobrea baina merkataritza zela medio aberastua, eta eskubide politikoak eskatzen zituena. Herri xehea, aldi berean, aristokraziaren aurka matxinatu zen, lurren banaketa eskatzeko. Maila ezberdinen arteko harremanak arautzeko, lege batzuk argitaratu zituzten Atenasen (Solon-ek) eta Mitiline-n (Pitaco-k). Egin ziren eraberriketak ez baitziren nahikoak izan, gobernurako bidea zabaldu zitzaion tiraniari. Herentziaz ondorengorik izateko eskubiderik ez zuten buruzagiak ziren tiranoak eta herriaren laguntzari esker egiten ziren aginpidearen jabe. Oro har, tiranoek merkatariei, artisauei eta lurjabe txikiei laguntzen zieten, eta behartsuenei lana ematen zieten herri lanetan. Tiranoei esker bukatu zen betiko oligarkiaren antolaketa, eta K.a. 507. urtean ezarri zen demokraziarako bidea erraztu zen, halaber.Mediar Gerrak. Persiako inperioak greziar munduarekin topo egin zuen, mendebalerantz hedatzen ari zenean. Gatazka itzuri ezina zen, Mediterraneo itsasoaren ekialdean zeuden merkataritza bideen nagusitasuna baitzegoen jokoan. K.a. 540. urtean persiarrek mendean hartuak zituzten Asia Txikiko hiri greziarrak. Joniako hiriak persiarren nagusitasunaren aurka matxinatu  ziren eta gerra hasi zen. Dario persiar erregearen osteak Atikan lurreratu ziren, baina atenastarren oinezko gudarien osteek (hoplitak) aurre egin eta garaipena lortu zuten. Greziarren garaipenak agirian utzi zituen garai hartako gerra teknika batzuen akatsak. Esaterako, han frogatu zen gehiago zela herritar gudaria, bere lantza, kasko, koraza, zangoko eta ezkutu biribil gogorrarekin (hoplon) ilara itxietan antolatua (falanjeak), etnia ezberdinetako gudari persiarra baino, arma arinak soinean eta ilara irekietan antolatzen zena borrokarako. Greziar gudariak falanje ilaratan antolatuta zeuden ahaide eta auzoen ondoan, eta horrek borrokarako adorea ematen zien eta guduaren une gogorrenetan borroka bertan behera uzteko tentazioa galarazten. Hoplitaren hornidura guztia (berez, nahikoa garestia) herritarraren kontura zihoan, eta ordaintzeko ezina azaltzen zutenak, berriz, galeretara bidaltzen zituzten arraunlari gisa. Xerxes izan zen Dario persiar erregearen ondorengoa eta hura ere garaitua izan zen bi gudu handitan; bata, Salaminako gudua (480) itsasoan, eta bestea, Plateako gudua (479) lurrean.Atenasen nagusitasuna. Atenasek eta Joniako hiriek bat egin eta Delosko elkartea sortu zuten K.a. 477an, hiri joniarrak persiarren erasoetatik babestu asmoz. Elkarteko kide ziren hiriak burujabe ziren; hala ere, Atenasek eduki zuen beti nagusitasuna elkartearen barruan, bai alderdi militarrean, bai ekonomia aldetik ere. Persiarren aurka garaipena lortu ondoren, elkarte hura inperio bihurtu zen Atenasen gidaritzapean. Atenasek, gainera, zergak jasotzen zituen elkarteko beste hirietatik. Horrez gainera, Atenasko herritarren bizilekuak ugaritu egin ziren Jonian (klerukiak). Hala, Atenasek zuen nagusitasuna Grezia guztira hedatu nahi izan zuen, baina Espartako hiri elkartearekin topo egin zuen. Atenasen nagusitasuna 446. urtetik 431ra luzatu zen. Delosko elkarteko hirien laguntzari esker Atenasek indar handiko ontziteria bildu zuen, eta Mediterraneoaren ekialdea eta itsasoko merkataritza bideak kontrolatu zituen haren bidez. Demokrazia zen Atenasko antolamendu politikoa; hala ere, herri xeheak ezin zuen gobernuan parte hartu (Thetoak, metekoak eta esklaboak). Aginpidea gutxiengo aristokratikoaren esku zegoen, eta klase hark zituen eskubide guztiak. Garai hartan Atenasen oso modu aberatsez landu ziren arteak eta antzerkiak. Politikan, berriz, Perikles izan zen estatu berriaren antolatzailea. v  Peloponesoko Gerra eta polisaren gainbehera. Delosko eta Espartako hiri elkarteen arteko gatazka izan zen Greziako estatu guztien arteko gerra piztu zuen txinparta. Hogeita hamar urtez iraun zuen guduak (K.a. 431-404) eta Greziako polis guztiak krisialdian amildu zituen. Hasieran hiri estatu batzuen eta besteen indarrak elkarren pare zeuden, baina Espartaren alde jarri ziren gauzak, Perikles izurriteak hil baitzuen eta Atenasko ontziteriak eta gudarosteek hondamendia jasan baitzuten Sizilian. Atenasek borroka nagusia galdu zuen Egospotamosen (405), espartarrek eta persiarrek elkar hartu eta gudaroste handi bat eratu baitzuten haren kontra. 404. urtean izenpetu zen bake ituna; Atenas Delosko elkartea bertan behera uztera behartu zuten eta bere kabuz baliatzera. Handik aurrera, Espartak izan zuen nagusitasuna eta gobernu oligarkikoak ezarri zituen polisetan. Greziako hiriek gerraren ondorioak nozitu zituzten; hala, lursailak hutsik geratu ziren eta mertzenario taldeak harrapaketak eta triskantzak eginez ibili ziren; herri xehearen ekonomia baliabideak esklaboenaren pareraino jaitsi zen, eta matxinadak ugari ziren nonahi. 403an Atenasek, Espartaren uztarria astindu eta haren kontra altxaturik, demokrazia ezarri zuen berriro lurralde hartan. Atenasek eta Espartak beste bake itun bat izenpetu zuten 374an; bertan Atenasek Espartaren nagusitasuna onartu zuen kontinentean, eta Espartak, bere aldetik, itsasaldeko beste elkarte bat antolatzen utzi zion Atenasi.  Tesaliak eta Tebasek Beoziako hiri elkartea sortu zuten, eta haiei aurre egiteko elkar hartu behar izan zuten Atenasek eta Espartak.  Mantinean (362) Espartako eta Atenasko osteek hondamendia izan zuten. Alabaina, gudu hartan hil zen Epaminondas buruzagia, eta heriotza harekin bukatu zen Tebasen nagusitasunaren aldi laburra.  v  Mazedoniaren nagusitasuna. Mazedoniako Filipo II.ak, bere erreinua batu eta Greziako hirien arteko borrokaz baliatuz, laster bereganatu zuen Greziako penintsulako iparralde guztia. Pangeoko urre meategiak hartu zituen eta handik atera zuen behar adinako aberastasuna lurraldeak konkistatzen jarraitzeko. Borrokarako falanjeen antolaketa eraberritu zuen eta bi eskuez erabili behar ziren bost metroko lantza luzeak (sarissa) eman zizkien bere soldaduei.  Filipo erregeak atenastarrak eta tebastarrak garaitu zituen Queroneako guduan (338), eta handik gutxira Eubeako eta Peloponesoko lurraldeak eskuratu zituen. Korintoko elkartea sortu zuen orduan, heleniar herri guztiak bere inguruan bildu eta Persiar inperioa menderatu asmoz. Baina hil egin zuten (336); Filiporen ordez Alexandro haren semea egin zen errege. Traziarrak eta iliriarrak haren kontra matxinatu baitziren, kanpaina bati ekin zion haiek zapaltzeko. Tebastarrak une hartaz baliatu ziren mazedonia hiriari erasotzeko, baina Alexandrok berehala zapaldu zuen Tebasko hiria, eta biztanle guztiak esklabo gisa saldu zituen. Grezia barruko gatazka guztiak bukatu ondoren, Persiako inperioa menderatu zuen Alexandrok. Era hartan bi kulturak elkartu ziren, Greziakoa eta Ekialdekoa, eta hura izan zen zibilizazio helenikoaren hasiera. Alexandro 323. urtean hil zenean, hark bildutako inperioa banatzeko gerrak hasi ziren. Azkenean, diadokoen (Alexandroren jeneralen) esku geratu ziren erreinuak: antigonidak Mazedonian, seleukotarrak sortaldean eta lagidak Egipton. Greziako hiriek borrokan jarraitu zuten burujabetasunaren alde,  harik eta Erromak menderatu zituen arte (K.a. 146). Handik aurrera greziar kulturak eta, orobat, helenikoak Erromako mundua sakonetik eraberritu zuen.Erlijioa. Greziako gizartea politeista zen, garai mezenikoan asmatutako jainko anitz gurtzen baitzituzten. Hirietan egiten zen, batez ere, erlijio bizitza. Hiri bakoitzak zuen bere jainko babeslea, eta hari eskaintzen zizkioten tenpluak. Errituak konplexuak ziren, eta jainko bakoitzeko erritu bat izaten zen. Otoitzak, eskaintzak, opariak, herri jaiak eta jokoak ziren gurtza nagusiak; haien artean zeuden Olinpiar Jokoak ere, lau urtez behin udan antolatzen zirenak. Garrantzi handikoak ziren orakuluak, hots, apaizen bidez jainkoek ematen zituzten erantzunak, eta ez zen egitasmorik aurrera eramaten jainkoei aholkua eskatu gabe. Delfos hirikoa zen orakulurik ezagunena. Apolori eskainitako santutegia zen Delfos, Apolo baitzen argiaren eta egiaren jainkoa, Zeusen semea eta Artemisaren neba. Bertan pitonisa batek eman ohi zuen erantzuna, eta apaizek hari entzundakoak idazten zituzten. v Artea. Antzinako Grezian arteak, eginkizun estetikoaz aparte, erlijio zeregina edota helburu praktikoa zuen. Artistak soldata baten truke lan egiten zuen, eta haren obrak behar eta egitasmo jakin bati erantzuten zion. v Arkitektura. Jauregia izan zen brontze aroko Greziako arkitekturaren eraikuntza adierazgarriena. Kultura minoikoan jauregiek ez zituzten harresiak babesteko, solairu bat baino gehiago izaten zuten, eta haien oina labirintoaren tankerakoa zen, erdian lauki zuzenaren itxurako patioa zutela. Sabaian zulo batzuk izaten zituzten argia sartzeko eta egurasteko. Eraikuntzari eusteko zutabeak eta euskarriak erabiltzen ziren, hasieran zurezkoak eta harrizkoak gero. Zutabearen gerriak alderantziz jarritako konoaren tankera zuten eta gorriz pintatuta egoten ziren; kapitelak, berriz, beltzak eta abako itxurakoak ziren. Gelak horma irudiz apainduta egon ohi ziren. Kultura mizenikoan jauregiek harresi sendoak zituzten inguruan babes gisa. Aldi arkaikoan, VIII. mendetik aurrera alegia, arkitektura egitura berriak agertu ziren eraikuntzetan; etxeak eta tenpluak arrunt sinpleak ziren eta ekai sotilez eginak. VII. mendean finkatu zen greziar tenpluaren egitura klasiko ezaguna (Olinpiako Heraion tenplua): harresi erregularrak, bi isuriko teilatuak eta peristilo arkupedunak. Arkitektura egiturek, ordea, halako ñabardura eta berezitasun batzuk izan zituzten leku batzuetatik besteetara, hiru arkitektura ordena edo estilo desberdin izan baitziren: doriarra, joniarra eta korintiarra. Aurrez pentsatutako egitasmo bati jarraitu gabe altxatzen ziren etxeak eta eraikuntzak agoraren inguruan, eta egitura apaingarriak (frontoiak, frisoak, triglifoak, metopak, moldurak eta terrakota polikromatuzko estaldurak) erabiltzen ziren arkitekturako atalen funtzionalismoa estaltzeko. Eraikuntzetan era askotako kareharriak erabiltzen ziren, gero zuritu eta pintatu egiten zirenak. Zurgintzan (estalduren  zureria) zedroaren eta gaztainaren zura erabili ohi ziren, eta brontzea, urrea eta bolia apainketarako. Korintiar estiloa K.a. V. mendean hasi zen erabiltzen, hasieran doriar estiloarekin nahastuta (tholoi Basaskoa). Geroago, hiru arkitektura ordenak nahastu ohi ziren eraikuntza bakar batean. Santutegiak arkitekturako egitura erraldoiak izan ziren: Pesto, Selinonte, Agrigento, Olimpia, Korinto, Eleusis, Atenas, Delfos, Delos, Zirenne eta Samos. Era askotako eraikuntzak eta egiturak biltzen ziren santutegietan: arkupeak, liburutegiak, gimnasia etxeak, antzokiak eta tenpluak. Alexandroren konkista ugarien ondoren, ekialdeko eragin sakona jaso zuen greziar arkitekturak. v Eskultura. K.a. VII. mendekoak dira eskulturaren lehenengo adierazpenak; giza itxurako jainkoen irudikapenak dira (Xoanon). Denborarekin, ordea, eskulturak errealismoaren bidea hartu zuen, eta gizonezkoaren zein emakumezkoaren gorputzaren perfekzioa bilatzea izan zuen helburu. VI. mendearen bigarren partean lortu zuten errealismoak eta adierazgarritasunak goren maila eskulturan, hainbat pertsonaiaz betetako iruditerietan (Sifnosko altxorra). K.a. 450. urtean artista talde bat sortu zen Atenasen; haien artean Fidias izan zen nabarmenena, eta artista haiek greziar polisaren funtsa zen ideal aristokratikoa islatu zuten beren lanetan (Partenoiko eta Erekteiongo eskulturak). Aldi berekoak dira Argosko Polikleto, giza gorputza geldiaren kanona edo eredua sortu zuena, eta Peonio Mendekoa. K.a. IV. mendean  adierazgarritasuna eta alegoriazko egiturak areagotu ziren (Praxiteles, Eskopas, Timoteo). Helenismoarekin ekialdeko eraginak indar eman zion adierazgarritasunari eta higidurari (Viktoria Samotraziakoa, Lakoonte).  v  Pintura. Horma pintura apaingarri gisa erabili izan zen aldi minoikoan eta mizenikoan. Aldi haietan pinturaren gai erabilienak itsasokoak, zezenena eta emakumeena izan ziren, eta kolore biziak ziren erabilienak: gorria, urdina, zuria eta horia. Aldi arkaikotik eta klasikotik ez da pintura askorik gorde, eta pintatutako zeramikak dira gorde diren eredu bakarrak. VI. mendean irudiak beltzez margotzen ziren buztin gorriaren gainean, eta xehetasunak lerro etenez egiten ziren. K.a. 530. urte inguruan estilo berri bat agertu zen, irudiak gorriz eta xehetasunak beltzez margotuak zituena. Geroago, dekorazioa aberatsago eta oparoago egin zen, baina, azkenik, ekoizpena ugaritu eta apainketa lana kopiatzera mugatu zen; hala, sormenik gabeko eta kalitate eskaseko lan bilakatu zen. v Filosofia eta zientzia. Antzinako Greziako lehenengo filosofo ezagunak Tales Miletokoa (K.a. 624-547), Anaximandro (K.a. 610-547) eta Pitagoras (K.a. 582-507) izan ziren. Filosofoak ez ezik, matematikariak, fisikariak eta astronomoak ere izan ziren haiek, izan ere, ordu arteko ezaguera guztiak bildu baitzituzten, eta gertaera eta fenomeno partikularrak azaltzen zituzten hastapen eta teoria unibertsalak eman baitzituzten aditzera. Sokrates aurreko filosofo haiei esker, beste zientzia berri batzuk sortu ziren; esaterako, medikuntza, Hipokrates izan zuena sortzaile eta buru, eta historia (Herodoto Tizidite eta Xenofon). Polis demokratikoen hasieran izan ziren iraultzek gizonarekiko interesa piztu zieten greziar filosofoei. VI. mende bukaerako sofistek (Gorgias eta Protagoras) eguneroko bizitzari buruzko gaiak eztabaidatzen zituzten. Sokrates (K.a. 470-399) arimaz, moralaz, giza gogoaz eta psikologiaz aritu zen, eta eragin sakona izan zuen bere jarraitzaileengan, Eukliderengan eta Fedonengan, esate baterako; hala ere, Platon izan zen Sokratesen jarraitzailerik garrantzizkoena (K.a. 427-347). Platonek metafisika zabal bat sortu zuen, ideien teoria zuena muin eta gune, eta bere idatzietan Sokratesen teoriak eman zituen ezagutzera elkarrizketen bidez. Atenasko eskola sortu zuen Platonek eta han hezi ziren gerora entzute handia hartu zuten greziar filosofo asko: Aristoteles, Polemon, Krates eta Krantor, beste askoren artean. Aristotelesek (K.a. 384-322) filosofia errealista sortu zuen, Platonen idealismoari aurre eginda, arrazoiaren zientzia laguntzailea den logika sistematizatu zuen, eta zientzian saioek eta esperientziek duten garrantzia eta horien arauak irakatsi zizkien bere jarraitzaileei. Aristotelesen filosofiak berebiziko eragina izan zuen gerora kristau pentsalari batzuengan, San Agustinengan, adibidez. Alexandro Handiaren konkistekin batera greziar kultura ekialdera hedatu zen eta horrek bi ondorio ekarri zituen; batetik, polisetako kulturaren gainbehera eta, bestetik, kultura helenikoaren jaiotza, kultura kosmopolita eta batasun irmoa zuena. Alexandriako eta Pergamoko liburutegiak izan ziren helenismoa zabaldu zuten kulturaguneak eta zientzialari handiak sortu ziren haien itzalean: Euklide (K.a. 330. urte inguruan), Arkimedes Sirakusakoa (K.a. 280-212), Aristarko Samoskoa (K.a. 320-250) eta Hiparko Nizeakoa (K.a. 190-120) besteak beste. Helenismoaren garaian filosofia eskola berriak sortu ziren: zinikoak, estoikoak eta epikureoak. v Literatura. Greziako literatura izan zen Europan izan zen aurrenekoa eta bere bilakaeran ia genero guztien oinarriak jarri zituen. Aldi arkaikoan agertu ziren Iliada eta Odisea poema epikoak, polis guztien arteko greziar kultura zaharra sortzeko laguntza handikoak izan zirenak biak ere. Hesiodok (K.a. 700. urte inguruan) segitu zuen epikaren tradizioarekin Lanak eta egunak liburuan. K.a. VII. mendetik aurrera lirika indarra hartuz joan zen, bai musika tresnen laguntzaz kantatzen zena, bai errezitatzen zena ere. Hitz laua VI. mendearen bigarren partean hasi zen indartzen, Asia Txikiko joniar hirietan batik bat. Hekateo Miletokoa izan zen lehenengo narratzaile eta historialari ezaguna. Aldi klasikoan Atenas bihurtu zen Grezia guztiko kulturaren eta literaturaren gune nagusi. Aldi hartan agertu zen antzerkia eta bere bi moduak: tragedia eta komedia. Eskilo izan zen tragediaren sortzailea, baina Sofoklesek eman zion bere egitura klasikoa. Bere obretan (Ayax, Antigona, Edipo erregea, Elektra) gizonaren handitasuna goratzen zuen, halabeharrezko patuaren aurrean. Euripidesek gizonaren grina islatzen zuen, eta politikari eta erlijioari buruz indarrean zeuden ideiak kritikatzen zituen gogortasunez (Medea, Hipolito). Komediak eguneroko bizitzatik hartzen zituen gaiak. Hasieran gizartearen eta politikaren satira izan zen: Aristofanesek burla egiten zien bere obretan (Igelak, Hodeiak) bere garaiko politikari ospetsuenei. Denborarekin gaiak aldatu ziren eta Menandro etxe barneko gatazkei buruz aritu zen bere obretan. Hitz lauzko historia lanak ere bere goren maila hartu zuen aldi klasikoan (Herodoto, Tuzidides eta Xenofon); eta hizkuntza filosofikoari esker grekoak adierazpiderako ahalmen handia hartu zuen. Helenismoaren aldian lirikak eta antzerkiak eredu klasikoak imitatu zituzten. Era berean, zientziaren hizkuntza sortu zen, matematikak, fisikak, geografiak eta astronomiak indar handia hartu baitzuten aldi hartan.
http://www.gnto.gr/