Grezia Handia
Grekoek kolonizatu zuten Italiaren hegoaldeko parteari eta Siziliari eman zitzaion izena. K.a. VIII. mendean ekin zioten greziarrek Italiaren hegoaldea kolonizatzeari eta han eraiki zituzten hiriak Greziako polisak zituzten eredu; haien gizarte antolamendua eta politika gorde zituzten, eta lotura estua izan zuten, erlijioari eta ekonomiari dagokionez. Lurraren aberastasunak eta merkataritzak hiri berrien garapena bideratu zuten, eta hiri haietako batzuk Greziako jatorrizko polisak baino indartsuago eta aberatsago izan ziren. Himera, Agrigento, Megara, Elea eta, batez ere, Siziliako hego-ekialdean zegoen Sirakusa izan ziren Greziako Handiko garrantzi handieneko hiriguneak. Hiri hark etruriarren eta kartagotarren aurka egin zuen borroka, bere merkataritza bideak eta guneak babesteko. K.a. V. mendetik aurrera Sizilia guztia menderatu zuen Sirakusak, harik eta erromatarrek K.a. 212. urtean hartu zuten arte.