Grandes, Almudena
Espainiar eleberrigilea (Madril, 1960). Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen. Ikasketak bukatu orduko liburugintzan hasi zen lanean: testu zuzenketa, entziklopedien eta dibulgazio liburuen erredakzioa, bidaia eta kultura giden bilduma baten koordinazioa, eta abar. 1989an literatura erotikoko La Sonrisa Vertical saria irabazi zuen Las edades de Lulú (Luluren adinak) eleberriarengatik. Liburu hark izugarrizko arrakasta izan zuen Espainian, eta Italian ere liburu salduenetako bat izan zen. Bigas Luna zinema zuzendariak izen bereko filma egiteko baliatu zuen kontakizun hura. 1991n bigarren eleberria argitaratu zuen, Te llamaré viernes (Ostiral deituko dizut), hiri handi batean bizi den funtzionario baten frustrazioak, bakartasuna eta inkomunikazioa kontatzen dituena. Hiru urte ezer argitaratu gabe igaro ondoren, Malena es un nombre de tango (1994, Malena tango izena da) aurkeztu zuen; Luluren adinak bezala, hura ere zinemara eraman zen. Bi urte geroago, Modelos de mujer (1996, Emakume ereduak) kaleratu zuen, emakumeei buruzko kontakizunen bilduma bat. Almudena Grandesen obretan Madril eta burgesiaren familia bizitza agertzen dira beti. Bai giroa bai zertzeladak Espainiako 1960ko hamarraldiko eleberri sozialekoak izan zitezkeen, baina orduko eleberrietan ez bezala, Grandesen liburuetan ez dago diskurtso moralik, eta barne azterketa sakonagoa eta leku ezkutu eta debekatuen presentzia handiagoa nabari da.