Grande, Félix
Espainiar poeta eta kritikaria (Merida, Badajoz, 1937). 1960ko hamarraldiko lirika espainiarraren berritzaileetako bat. Espainiako poesia sari handienak jaso ditu: Adonais (1964), Casa de las Américas (1968) eta Poesia Sari Nazionala (1978). Cuadernos hispanoamericanos aldizkariko zuzendaria izan zen 1977 arte. 1960ko hamarraldian gai sozialek kezkatuta idazten hasi baina laster poesia estetiko batera bildu ziren poeten belaunaldikoa da, José Manuel Caballero Bonald, Ángel Crespo, Jaime Gil de Biedma edo Claudio Rodríguezekin bezala. Argitaratu zuen lehenengo liburuak, Las piedras (1963, Harriak), Adonais saria irabazi zuen 1964an. Granderen obra soziala Antonio Machado-renaren antzekoa zen estiloz, baina ukitu surrealistak zituen, eta gai abstraktuetara jo zuen berehala, eta erotismora: Música amenazada (1966, Musika mehatxatua), Blanco Spirituals (1967). 1971n bere lan guztiak argitaratu zituen Biografía liburuan. 1978an, Poesia Sari Nazionala irabazi zuen Horacio Martí obrarengatik. Gero, berriro ere, bere obra osoaren bilduma argitaratu zuen –Poesia completa: 1958-1984–, eta 1989an, goitik behera berrikusi zuen ostera dena. 1991n Fabula (Alegia) argitaratu zuen, han-hemen argitaratutako kontakizunen bilduma bat. Kritikari gisa egindako lanen artean, aipagarriak dira Apuntes de poesía española de posguerra (1970, Espainiako gerraondoko poesiaren apunteak) eta Federico García Lorca y el flamenco (1929, Federico García Lorca eta flamenkoa). Flamenkozale, aditu eta kritikari gisa, Agenda flamenca (1987, Agenda flamenkoa) eta Memoria del flamenco (1995, Flamenkoaren memoria) idatzi ditu.