GPS (Kokapen Sistema Orokorra)
Nabigaziorako sistema bat, sateliteen bidez lastertasunaren, denboraren eta kokaeraren berri ematen duena hiru dimentsiotan, 24 orduz, mundu osoan eta edozein eguraldi dagoela ere. Erabiltzailearen eta satelitearen arteko komunikazioa zuzenean gertatzen ez denez, zerbitzu hori jaso dezaketen erabiltzaileen kopurua mugaezina da. ■ Historia eta garapena. 1973an Estatu Batuetako Defentsa Sailak Global Navstar kokapenerako sistema sortu zuen, nabigazioko arazo gero eta ugariagoak konpontzeko asmoz. Berehala lortu zuen arrakasta, eta eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzeko ekipo txiki eta merkeak behar direnez, erabilera berri ugari aurkitu zaizkio. ■ Ezaugarriak. Bi motatakoak daude: SPS (Standard Positioning Service, Kokapenerako Zerbitzu Estandarra), kokaera 100 metroko zehaztasunez ematen duena, eta PPS (Precise Positioning Service, Kokapen Zehatzerako Zerbitzua), 20 metro baino gutxiagoko zehaztasunez eman dezakeena. Azken hori Estatu Batuetako militarren eta beren aliatuen esku bakarrik dago. Badira zehaztasuna hobetzeko teknikak ere, GPS diferentziala (DGPS) adibidez, 3 metroko zehaztasuna lor dezakeena, eta teknika garraiatzaileak, 1 cm-ko zehaztasuna dutenak. Erabiltzaile guztien eskura daude SPS, DGPS eta teknika garraiatzaileak. ■ Funtzionamendua. GPS sateliteek ordulari atomiko zehatzak dituzte. Satelitetik erabiltzailearenganaino informazioa igortzeko behar izan den denbora kontuan hartuz, erabiltzaileak satelitearen kokaera kalkulatzen du, eta hiru sateliterekiko duen distantzia kalkulatuz, bere kokaera zehatza hiru dimentsiotan ezagutu dezake. Distantzia zuzenean kalkulatu nahi badu, erabiltzaileak GPSarekin sinkronizatutako ordulari atomikoa behar du. Latitudea, longitudea, altitudea eta denbora neurtzeko, lau satelite erabiltzen dira. Horrez gainera, GPSaren erabilerarako bi eremu nagusi bereizten dira: kokaera satelite bidez baizik ezagutzen ez den sistema, batetik, eta kokaera errepikatzaile finkoz ezagutzen dena bestetik. Lehenengo sistema itsasoan erabiltzen da gaur egun batez ere, itsasoan errepikatzaile finkorik ezin jar daitekeelako. Lehorrean, berriz, geroz eta zabalduago daude beren latitude eta altitude zehatza finkaturik duten errepikatzaile finkoak, eta errepikatzaile horiek erreferentzia gisa harturik itsasoan baino askoz ere zehaztasun handiagoz ezagutu daitezke une oro edozer gauzaren latitude eta altitudeak; merkatuan saltzen diren lehorrerako GPS arruntek, kamioietan edo autoetan jar daitezkeenek, edo mendizaleek edo topografoek erabiltzen dituztenek, metro bateko zehaztasuna ematen dute. ■ Erabilera. Erabilera berri ugari aurkitu zaizkio, lur, aire, itsaso edo espazioan. Militarrek armetan, artillerian, helikopteroetan, urpekoetan, tankeetan, soldaduen ekipoetan… erabiltzen dituzte, eta nabigatzeko ez ezik, helmuga bat agindu edo ezagutzeko, hegazkinei laguntzeko, munizioa jaurtitzeko, tropak biltzeko… ere baliatzen dituzte. Transbordadore espazialak ere GPS bat erabiltzen du. Bestalde, GPSak dituzten ontzi zibilak milioi erdi baino gehiago dira. Ikertzaileentzat ere beren ikerketak aurreratzeko oso baliagarriak izan dira. Hegazkinetan aireportuetara eta itsasontzietan portuetara iristeko erabiltzen dituzte. Nekazaritzan, berriz, ongarri eta pestizida jaurtigailuak bideratu eta kontrolatzeko. ■ Etorkizuna. Gaur egun 24 sateliteren bidez dabiltza, baina beste zenbait ere prest daude espaziora jaurtitzeko, eta XXI. menderako gehiago egiteko mandatuak ere badira. Segurtasuna handitu eta kontsumoa gutxitzen dutenez, nazioarteko sistema aeroespazialetarako oinarrizko tresnak izango dira. Gidariek errepideetako garraio sistema adimendunetan izango dituzte (ik. garraio sistema adimendunak), eta pilotuek aireportuetan lainoa denean arazorik gabe lurreratzeko.
- gozoro
- gozotasun
- gozotegi
- gozozale
- Gozzi, Carlo kondea
- GPS (Kokapen Sistema Orokorra)
- Graaf, Regnier de
- Graal
- grabatu 2
- grabatu 1, graba, grabatzen
- grabatzaile