Gozzi, Carlo kondea
Italiar idazlea (Venezia, 1720 - Venezia, 1806). Gasparo Gozzi (1713-1786) satira idazlearen anaia. Chiari-rekin batera Goldoniren kontra jarri zen, hark antzinako commedia dell’arte baztertu nahi izan zuenean. Commedia dell’arte-ko pertsonaiei beren indar guztia eman zien berriro. L’amore delle tre melarance (Hiru laranjen maitasuna), Il Corvo (Belea), Il Rè cervo, Turandot obrekin Alemaniako erromantizismoak geroago hartuko zuen bidearen aitzindari izan zen. Gozziren lanetan oinarritu ziren zenbait musikari.