gotiko
izond. XII. mendean Europan sortu eta Errenazimentura arte (XVI. mende ingurua arte) luzatu zen arte estiloa. v Erromanikoaren bilakaeraren ondorioz sortu zen gotikoa. Errenazimentuko humanista italiarrek asmatu zuten hitza, Erdi Aroko artea, haientzat zakarra eta landugabea zena, izendatzeko. Arte berriaren ezaugarriak, erromanikoan gertatu zen bezala, arkitekturak finkatu zituen, eta haren inguruan garatu ziren gainerako generoak: eskultura, pintura eta apaingarrien artea. Erdi Aroko kulturaren zabalkunderik handiena gertatzen ari zen unean sortu zen gotikoa, hirien hazkuntzari lotua. Merkataritzak ekarri zuen ongiro ekonomikoa zela eta eraikuntza ugari eraiki ziren denbora laburrean, sartaldean batez ere. v Erlijiozko arkitektura. Katedrala da gotikoaren barruan eraikuntzarik usuena. Garai hartako jakintza guztiak biltzen zituen eraikuntza mota horrek, eta fedea eta arrazoia bateratzen zituen. Eliza erromanikotik zuzenean erakarritakoa da gotikoa. Teknika aldetik arkitekturan aurrerapen handiak egin ziren, eta elementu berriak sortu ziren. Esate baterako, ganga erztuna erabili zen harlandu xehean sartutako arkuek bermatua. Era horretako eraikuntza moduari ojiba gurutzatuen gaineko ganga edo ojibekiko ganga deitzen zaio. Angeluetan biltzen zen indar guztia, eta, horregatik, harresi garaiagoak egin zitezkeen, kanpotik kontrahormak jarri behar baziren ere, eta horrek berak bideratu zituen hormetan zabaldu ziren leiho handiak eta beirateak. Lau aldi bereizten dira gotikoaren bilakaeran: protogotikoa, XII. mendearen bigarren erdikoa, arku erpindun irekiak, zutikako planoa barrutik lau ataletan banatua (arkuteria, tribuna, triforioa eta leihoteria), ojibekiko ganga eta apaingarri gutxi dituena; gotiko klasikoa, XII. mende bukaera eta XIII.aren lehen erdikoa, ojibekiko arku estuak, zutikako planoa barrutik hiru ataletan banatua (arkuteria, tribuna eta leihoteria) eta lauki zuzeneko ganga dituena; gotiko manierista, XIII. mendearen bigarren erdi eta XIV. mendekoa, arkuak erpin zorrotzagoa izatea, zutikako planoa barrutik bi ataletan banatua (arkuteria eta leihoteria), gangetan bigarren mailako zainak izatea eta beirateetan erradio ugariago izatea ezaugarri dituena; gotiko flamigeroa, XV. eta XVI. mendeetakoa, ganga izarkara, dekorazio bihurria eta arku mota berriak dituena.
Arkitektura laikoa. Katedralen ereduari jarraituz, beste eraikuntza batzuk egin ziren hirietan: udaletxeak, jauregiak, azokak eta erietxeak. Erromaniko garaian babeserako eraiki ziren gazteluak jauregi gotortu bihurtu ziren gotikoan.
v Eskultura. Arkitekturari lotua zegoen, eta xede apaingarria eta didaktikoa zuen. Aurrealdeko atarian eta zutabeetan jartzen ziren irudiak, erromanikoaren egitura bera erabiliz eratuak. Ate gaineko tinpanoetan Andre Mariaren koroatzea edo Azken Epaiketa izan ohi ziren gai nagusiak. Zutabeetako eta janbetako eskulturak denak estalki batez babestuak ziren, eta oinarri bat izaten zuten euskarri. Bertan azaltzen ziren eskuerki igarleak, apostoluak, edo ebanjelariak. Eskulturak gero eta errealistago bihurtu ziren, eta pixkanaka erromanikoaren hieratismoa galtzen joan zen, mugimenduari eta naturaltasunari bidea ireki zitzaion. Hilobietan ere erabili zen eskultura, zendua eratzana irudikatuta, oro har armadurarekin (gizonezkoak); beste irudi batzuk izan zitezkeen hilobi horietan osagarri: aingeruak, eta baita zakurren bat ere oinen ondoan jarria. XV. mendean beste era bateko irudiak egiten hasi ziren hilobietan: hilobiratzea azaltzen zen, lau lagun zerraldoa bizkar gainean, edota zendua bera belauniko otoitzean edo alboraka etzana irakurtzen. Koruko aulki bizkarrak irudiekin apaintzen ziren; irudi horietan agerkari satirikoak ziren maiz, garaiko bizioen eta elizaren ustelkeriaren salatzaile. Eskultura libreak txikiak ziren, eta, oro har, Ama Birjina azaltzen zuten Jesus haurra besoetan zuela edo Jesus bera, bestela, hilurren. Zurez edo boliz eginak ziren. v Margolaritza eta apaingarriak. XIII. mendeko freskoen ezaugarriek erromanikoan bezala, bere horretan, jarraitu zuten. Funtsezko aldaketa Giottorekin eta Simone Martinirekin etorri zen. Errealistago bihurtu zen pintura eta ikuspuntuaren zentzua eskuratu zuen; bolumenak eta itzalak ere landu ziren. 1400 inguruan nazioarteko gotiko izenez ezagutzen den estiloa sortu zen, alderdi guztietatik oso landua zena: teknikaren aldetik, esaterako, bai forma bera, nola kolorea. Estilo berri horrek Italiako gotikoa deskripzioaren zehaztasunarekin lotu zuen. Aurretik hormak apaintzen bazituzten ere, handik hara, erretauletako taulak apaintzen hasi ziren, elizetan eta katedraletan. Bilakaera bera izan zuten kodizeak apaintzen zituzten miniaturek ere; XV. mendean iritsi zuten haiek arrakasta handiena. Margolaritzaren barruan beiratea ere aipatu behar da, betiere arkitekturari lotua zegoena. Ordu arte erabili gabeko koloreak sartu ziren, eta 1400. urtea ezkero, irudien forma markatzen zuen beruna kendu zuten beirateetatik, marrazkia bihurriago bihurtu zen eta ikuspegia landu zen. Urregintza eta esmalteak zabalkunde handia izan zuten. XV. mendean armaduretan apaingarriak jartzen hasi ziren (armadura gotikoa). v Gotikoaren hedadura. Frantziako iparraldean sortu zen gotikoa. Ojibekiko ganga Saint Denis abatetxean erabili zen lehen aldiz (1137an hasia). 1150 urte inguruan Chartres-eko errege ataria eraiki zen, eta handik hamar bat urtera (1160 inguruan) Sens-eko, Noyon-eko, Senlis-eko eta Parisko katedralak. Frantziako gotikoan, hala ere, eraikuntza nagusiak Chartres-eko, Reims-eko eta Amiens-eko katedralak dira. XIII. mendearen bukaeran sartaldean hasi zen krisialdi sakonak eragotzi zuen, neurri handi batean, katedral gehiago eraiki zitezen. Hasitako eraikuntza batzuk ez ziren XV. mendea arte bukatu. Ingalaterran Canterburyko katedralekoak dira azaldu ziren gotikoaren lehen arrastoak. Han bildu baitziren Frantziako eragina eta Ingalaterrako bertako arkitektoen estiloa. Ingalaterran gotikoak eman zituen eraikuntza nagusiak Lincoln-eko (1192) eta Worcester-eko (1224) katedralak izan ziren. Wesminster abatetxeak (1245) hasi zuen Ingalaterrako gotikoaren azken aldia, gotiko perpendikularra izenez ezagutzen dena, alegia, Frantziako gotiko flamigeroaren parekoa. Inperio Santuan Frantziatik sartu zen gotikoa Zisterko fraideen eta eskeko fraideen ordenaren eskutik. Hasieran Frantziako ereduak bere horretan hartu zituzten (Estrasburgoko katedrala, Koloniakoa, eta Friburgokoa), baina, denborarekin, eraikuntzak garaiera handiagokoak ezaugarri zituen bertako estilo bat nagusitzen joan zen (Magdeburgoko eta Ratisbonako katedralak). Italian ez zen erraz sartu gotikoa. Hasieran, gotikoaren elementu bakar batzuk erabiltzen hasi ziren, baina egitura erromanikoetan sartuak (Florentziako elizak). XIII. mendean, bertako estilo berezi bat taxutzen joan zen, sortaldeko eraginekin (Sienako katedrala). Iberiar Penintsulan ere Zisterko fraideek sartu zuten gotikoa, eta XIII. mendea izan zuen garai nagusia (Burgosko, Leongo eta Toledoko katedralak). Parekotasun handiak izan ditu, betiere, Frantziako gotikoarekin, baina denbora joan ahala estilo bereziak sortzen hasi ziren Iberiar Penintsulan hainbat lekutan: Katalunian arkitektura zibilak indar handia izan zuen (Consell de Cent eta Bartzelonako Generalitat delakoa); Gaztelan gotiko isabelino delakoa izan zen (Guadalajarako Infantado Jauregia eta Toledoko San Juan de los Reyes komentua), eta gotiko mudejarra; Portugalen gotiko manuelinoa garatu zen, itsasoko gaiak oinarri zituena. v Gotikoa Euskal Herrian. Arkitektura. Euskal Herrian, Nafarroan zehazki, goiz samar sartu zen arren, XIII. mende bukaera arte ez zen gotikoa zabaldu euskal herrialdeetara; XIV. mendean jo zuen goia gotikoak Euskal Herriko bazter guztietan. Bestalde, XV. mendean, Errenazimentuko moldeek gotikoa baztertu zuten garaian, garatzen hasi zen, Bizkaian eta Gipuzkoan bereziki, XX. mendeko aditu batzuek “euskal gotikoa” izenez bataiatu duten estiloa. Zisterko fraideek ekarri zuten estilo gotikoa Nafarroara XII. mende bukaeran eta bertan eraiki zituzten zistertarrek Iberiar Penintsulako lehen komentuak, Fiteron eta La Olivan. Garai hartakoak dira, halaber, Irantzu, Iratxe eta Tulebrasko monasterioak, Zisterko fraideena azken hau. Arte molde berriek nolabaiteko eragina izan zuten Nafarroako erlijio arkitekturan (Tuterako katedrala, Lizarrako San Migel eta San Pedro elizak, Iruñeko San Nikolas parrokia, Zangozako parrokia, Estellerriko eta Tuterako Erriberako eliza batzuk…) baina askoz ere apalagoa izan zen eragin hori Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan, haietan sendo segitu baitzuen aurreko molde erromanikoak. XIII. mendearen hasieratik bultzatu zuten Nafarroako erregeek molde gotikoa. Orreagako eliza izan zen garai hartako eraikuntza nabarmenena. XIII. mende erdialdean hasi ziren, Brieko etxeko erregeengandik jaso zuten laguntzari esker, artista frantsesak Nafarroara inguratzen eta, frantziskotarren eta domingotarren ordenen ekinarekin batera, habearte bakarra eta alboetan kaperak zituen elizak eraiki ziren Nafarroako bazter guztietan. Iruñeko katedrala da garai hartako eraikuntza dotoreena; XIII. mende bukaeran hasi zen jasotzen aurreko egitura erromanikoaren gainean eta 1501. urtean bukatu zuten. Nafarroatik kanpora, Gasteizko San Frantzisko komentua molde barrokoaren arabera eraberritu zutena, eta Bermeoko San Frantzisko komentua dira XIII. mendeko eraikuntza aipagarrienak. XIV. mendean aldakuntza handiak bizi izan zituzten euskal herrialdeek: itsas merkataritzak lehen mailan jarri zituen Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko portuak, lurraldeetako administrazioa sendotu zen eta Ehun Urteko Gerrako gertakariek Europako mendebaleko herrien arteko harremanak sakontzeko bidea eman zuten. Euskal Herria arte mugimenduetatik aldendu samar egona zen ordu arte, baina joera hura aldatu zen mende hartan. Gasteiz, Guardia, Agurain, Bilbo, Baiona, Viana, Balmaseda, Bermeo, Oñati eta beste hiri batzuetan monumentu gotiko bikainak eraiki ziren; bestalde, itzalean utzi zuen Iruñeko hiriak Tuterak edo Lizarrak aurreko mendean izan zuten distira. XIII. mendean hasi ziren eraikitzen Iruñekoaren aldean antzekotasun handiak dituen Baionako katedrala (XIX. mendean bukatu ziren bertako eraikuntza lanak). Gotikoak dira halaber, Baionako Santizpiritu auzoko eliza, Bastidako eta Donibane Garaziko elizako sarrera atariak eta Uharte Garaziko sarrera eta aldarea. XV. mendetik aurrera hedatu zen, herri txikietako erlijio eraikuntza xumeagoekin batera, “euskal gotikoa” edo Errenazimentuko moldeen atarian garatu zen gotiko beranta. XVI. mende osoan zehar izan zen joera hau, eta, besteak beste, Donostiako San Bizente eliza da horren erakusgarri. v Aipamen berezia merezi dute XIII-XV. mendeetako eraikuntza zibilek, kutsu militarrekoak guztiak. Euskal Herri osora hedatu ziren dorretxeak, ahaide nagusiek eta enparauek eraikiak (Olkotz, Ekirain, Donamaria, Nafarroan; Arrasatia eta Fontetxa, Araban; Gueñes, Gordexola, Abadiño, Avellaneda, Bizkaian; Zarautz, Loiola, Oñati, Legazpi, Gipuzkoan, eta Latsaga, Nafarroa Beherean) eta gazteluak eta gotorlekuak jaso ziren hegoaldeko lurretan, Nafarroan bereziki (Martzilla, Kortes, Olite, Xabier). Garai hartako gaztelu aipagarriak dira, halaber, Baiona, Bidaxune eta Maulekoak Ipar Euskal Herrian; Mendoza eta Gebarakoak, Araban, eta Arteaga, Butroe eta Muñatones, Bizkaian. v Gotiko, eleberria. XVIII. mendearen erdi aldera Ingalaterran sortu zen literatura generoa. Garai hartako arrazoiaren mendekotasunetik eta klasikotasunetik ihesi sortu zen. Erdi Aro ilunenean girotuta daude eleberri gotiko asko, eta izuan oinarritzen dira. Pertsonaia nagusiak bi izaten dira gehienetan: bata misteriotsua, iluna eta gaiztoa, eta bestea, emakume esetsia, herio batean dabilena. Genero horretan lehen eleberria The castl of Otranto (1764) izan zen, O. Walpolerena. Geroztik beste idazle hauek landu zuten genero hura: M.G. Lewis, A. Radcliffe, W. Beckford, M. Shelley. XIX. mendean polizia eleberriarekin eta eleberri fantastikoarekin lotu zen, eta idazle handienek erabili zuten beren idazlanetan; Dickens-ek esaterako, C. Maturinek eta J. Sheridan Le Fanu-k.