Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Göteborg

Suediako hiria eta portua, Gota ibaiaren ondoan. Göteborg-Bohus konderriko (5.141 km2 eta 712.078 biztanle, 1984) hiriburua. Suediako bigarren hiria da biztanle kopuruari dagokionez: 433.042 biztanle (1991). Apezpikutegia, unibertsitatea (1955ean sortua). Göteborg-Landvetter aireportua. Inguru hartako padurak zirela eta, Holandako hirien gisara eratu zen (ubide sarea, gaur egun oraindik ikus daitekeena). Historiako museoa, Arte Ederretakoa. Göteborg Suediako portu nagusia da (lurraldeko itsas joan-etorrien % 35, 21.346.000 tona 1984an). Eraikuntzako zura, papera, paper orea esportatzen ditu, eta petrolioa, burdina eta jakiak inportatzen. v Historia. Karlos IX.ak sortu zuen 1604an; Sortaldeko Indietako Konpainia suediarra sortu zenean indar hartu zuen, eta ondoren Napoleonek blokeo kontinentala ezarri zuenean (1806), ingelesen merkataritzaren igarobide nagusi bihurtu baitzen, blokeoa neurri batean hautsiz. XX. mendean itsasontzi handien zerbitzu portu garrantzitsua egin zen.