Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gotaine-Irabarne

Zuberoako erdialdeko udalerria, Uhaitzandi ibaiaren eskuinaldean, Maule-Lextarreko kantonamenduan. Gotein-Libarrenx du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Garindaine eta Maule, ekialdean Maule, mendebalean Urdinarbe, Garindaine eta Idauze-Mendi eta hegoaldean Zalgize-Doneztebe. Garaiera, 180 m. 11,75 km2. 1999ko datuen arabera, 478 biztanle (gotaintarrak; irabarnetarrak). Auzo nagusiak: Gotaine, Irabarne eta Sorzaburua. Euskara, zuberera; euskaldunak, % 56. Nekazaritza da bertako ekonomia jarduera nagusia (langileen % 16), baina Mauleko industrian ari dira langile gehiena. Aipagarria da XVI. mendeko San Andres eliza. v Historia. 1256. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Gotaine eta 1327an Irabarne. Irabarneko oihanean biltzen zen Silviet edo Zuberoako herri biltzarra.