Gorki, Maksim
Errusiar idazlea (Nijni-Novgorod, 1868 - Mosku, 1936). Lanbide ugari izan ondoren, Nijni-Novgorod-eko legegizon baten laguntzaile izan zen. 1892an argitaratu zen haren lehen eleberria, Makar Tchoudra, arrakasta handia izan zuen elezahar erromantikoa. Bigarrenak ere, Tchelkach, (1895) oso harrera ona izan zuen. Ipuin errealistak idatzi zituen ondoren. Bere pentsaera filosofiko eta sozialista azaltzeko idatzi zituen ondorengo obrak: Foma Gordeiev (1899), Haien arteko hiru (1900-1901), Ama (1907, bere obrarik ezagunena eta iraultzaileena), Aitorpen bat (1908), Okurov hiritxoa (1909), Matvei Kojemakinen bizitza (1910). Antzerkigintzan ere arrakasta lortu zuen: Burgeskumeak (1902), Sakon ilunak (1902). 1905ean atxilotu zuten; kartzelan Etsaiak antzerkia idatzi zuen (1906), klase arteko borrokari buruzko lana. Zuen ospeari esker urtebete geroago askatu zuten eta atzerrira joan zen, eta Estatu Batuetan eta Italian izan zen. Caprin Haurtzaroa (1913) idatzi zuen, bere haurtzaroko gertaera gogorrak kontatzen dituen lana, eta haren ondoren Oroitzapenak (Tolstoi, Korolenko, Txejov, Andreiev-i buruzkoak). Burgesiaren gainbehera deskribatzen duten zenbait obra ere idatzi zituen, haien artean Vassa Jeleznova (1910). Iraultzaren ondoren Sobietar Batasunera itzuli zen, kulturaren babesle izan nahirik. Baina 1921ean Sobietar Batasuna utzi behar izan zuen eta Alemanian eta Italian (1928 arte) ibili zen. Autobiografia lanak idazten jarraitu zuen: Egunkariko oharrak (1924) eta Nire unibertsitateak (1925). 1929an itzuli zen Sobietar Batasunera, eta 1936an hil zen. Gorki erromantiko errealista izan zen; bera da munduko literaturan eraginik izan zuen lehen idazle “sozial” errusiarra.
- goriki
- gorila
- goritasun
- goritu, gori(tu), goritzen
- goritze
- Gorki, Maksim
- Gorki
- Gorliz
- Gorlovka
- gormandiza
- gormant