Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gorliz

Bizkaiko kostaldeko udalerria (Uribe Kosta eskualdea). Mugak: iparraldean Kantauri itsasoa, ekialdean Lemoiz, mendebalean Plentzia eta Kantauri itsasoa eta hegoaldean Plentzia. Garaiera, 47 m. 10,29 km2. 1997ko datuen arabera, 3.852 biztanle ditu (1991) (gorliztarrak). Herrigune hauek osatzen dute Gorlizko udalerria: Andra Mari, Arenal, Elexalde (herriburua), Gandia eta Urezarantze. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 1.121 euskaldun, 852 ia euskaldun eta 1.468 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak industria (zurgintza eta altzairugintza lantegiak; beharginen % 43) eta zerbitzuak (udatiarrentzako egoitzak, jatetxeak, kanpinak; beharginen % 54) dira. Aipagarriak dira X. mendeko Andra Mari eliza eta XVII. mendeko Agirreko edo Elurretako Andre Mariaren ermita. Bilborekin dituen komunikazioen hobekuntza nabarmenaren ondorioz, gero eta jende gehiago joan da bertara bizitzera, eta horrek biztanleriaren handitzea ekarri du azken urteotan. v Historia. Uribeko merindadeko elizatea izan zen Gorliz XIII. mendetik aurrera. 1299. urtean, Diego Lopitz Harokoaren aginduz bereizi zen Gaminizko auzoa Plentziako hiria bertan eraikitzeko. Marinel herria izan da Gorliz historian zehar. 1919. urtean zabaldu zen Gorlizko Osasun Etxe ospetsua, bereziki haurrak zaintzeko erietxea.