Gómez Valderrama, Pedro
Kolonbiar idazle, kazetari eta diplomatikoa (Bucaramanga, 1923 - 1995). Zuzenbidea eta Zientzia politikoak ikasi zituen Bogota, Londres eta Parisen. Kolonbian hainbat kargu publikoren ardura izan zuen bere esku eta diplomatiko gisa ere nabarmendu zen atzerrian, baina letren alorrean da, batez ere, ospetsua, bera baita Mito aldizkariaren belaunaldiaren idazle nagusietako bat. Aldizkari horren sorreran parte hartu zuen 1955. urtean, eta aldizkari hartan eman zituen argitara bere lan aipagarriak, garai hartako kolonbiar idazle handienenekin batera, harik eta 1962. urtean aldizkaria desagertu zen arte. Mito-ren inguruan sorturiko mugimenduko kide gisa, kolonbiar literaturan "aldaketa" kontzeptua praktikan jartzen ahalegindu zen Gómez Valderrama. Idazle nekaezina izan zen, eta artikuluez gainera, hainbat ipuin, saiakera eta eleberri idatzi zituen bere karreran. Bereziki nabarmentzekoak dira Gómez Valderramaren ondoko obra hauek: Muestras del diablo (1958, Deabruaren erakusketak), El Retablo de Maese Pedro (1967, Maese Pedroren erretaula), La procesión de los ardientes (1973, Sutsuen prozesioa), Invenciones y Artificios (1975, Asmakizunak eta tramankuluak), La otra raya del tigre (1977, Tigrearen beste marra) eta La Nave de los Locos (1984, Eroen ontzia).