Gómez Arcos, Agustín
Espainiar antzerki idazlea (Enix, Almeria, 1933 - Paris, 1998). Sorterrian bizi izan zen haurretan, artzain lanetan besteak beste, baina Bartzelonara aldatu zen geroago, Zuzenbide ikasketak egitera. Orduan hasi zen, hain zuzen ere, antzerkiaren munduarekin harremana edukitzen. 1967an Frantziara joatea erabaki zuen. Bere antzerki lanetan tolerantzia eza eta zapalkuntza politiko eta erlijiosoa salatu zuen. Horretarako, antzerkigintza esperimental eta marjinalaren alorrean murgildu zen, eta baliabide esperpentikoak eta espresionistak erabili zituen, sarritan gogoratuz ametsa eta irrazionaltasuna. Frantziara joan aurreko urtean Lope de Vega saria irabazi zuen Queridos míos, es preciso contaros ciertas cosas (Nire maiteak, zuei zenbait gauza kontatu beharrean nago), baina garai hartako espainiar antzerkigintzan horrek ez zuen balio handirik, garai hartan egile ez komertzialak ez baitziren begi onez ikusiak eta ikusleek zein kritikariek gutxietsi egiten baitzituzten, oro har, bestelako lanak. Horrez gainera, eta sariak sari, arazoak izan zituen zentsurarekin ere. Frantziara joan ondoren bi aldiz izan zen Goncourt sarian finalista eta Arteen eta Letren Errepublikako Zaldun izendatu zuten 1985ean. Gómez Arcosen antzerki lanen artean aipagarriak dira Elecciones generales (1960, Hauteskunde orokorrak), Diálogos de la herejía (1964, Heresiaren elkarrizketak), Los gatos (1965, Katuak) eta Interview de Mrs. Muerta Smith por sus fantasmas (1972an argitaratu eta 1991. urtea arte estreinatu ez zena, Mrs. Hildako Smith bere fantasmek elkarrizketatua).