Gomes, Francisco da Costa
Portugaldar militar eta politikaria (Chaves, 1914 - Lisboa, 2001). 1935-1935 bitartean egin zituen ikasketa militarrak eta ikasketak amaitu ondoren hasi zen gudarostean karrera militarra egiten, zaldunerian. Bere lehenengo zerbitzua Errepublikako Guardia Nazionaleko gudari gisa egin zuen, eta 1944. urterako kapitain titulua eskuratua zuen. Urte hartan matematikako lizentzia eskuratu zuen Oportoko Unibertsitatean. Hurrengo urteetan garrantzizko zenbait zeregin bete zituen NATOren nazioarteko zenbait erakundetan eta 1948an Estatu Goreneko kide egin zuten. Hurrengo urteetan beste hainbat karguren ardura izan zuen: 1967-1969 artean Gudarostearen idazkariorde eta Mozambikeko komandante eta Angolako gudarostearena izan zen, eta 1972. urtean, Portugala itzulita, Estatu Goreneko Buruzagi izendatu zuten, baina kargu hartatik egotzi zuten handik bi urtera, diktaduraren erregimenak gudarosteaz egiten zuen erabilerarekin bat ez zetorrelako. 1974ko Krabelinen Iraultzan "Kapitainen mugimendu" delakoarekin bat egin zuen, eta urte hartatik 1976ra Portugalgo Errepublikako lehendakari izan zen. Hasieran ezker muturreko indarrei eman zien nagusitasuna, 1975. urtetik aurrera, berriz, komunisten, sozialista moderatuen eta ezkertiarren arteko oreka bilatzen ahalegindu zen, eta, azkenik, azaroaren 25ean larrialdi egoera ezarri zuen Lisboan. Neurri hari esker sendotu egin zen Indar Armatuen Mugimendu ezkertiarraren eragin moderatua eta demokrazia egonkortzea lortu zuen.