Gombrich, Ernst Hans
Artearen historialari britainiarra, austriarra jatorriz (Viena, 1909 - Londres, 2001). Vienako Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta 1933an eskuratu zuen doktoregoa, Giulio Romanori buruz egindako lan bati esker. Ernst Krisen laguntzaile izan zen hark karikaturari buruz egindako ikerketetan Vienako Kunthistorisches Museumen, baina naziek aginpidea eskuratu zutenean Ingalaterrara ihes egin behar izan zuen (1936). 1936-1939 urteen artean Warburg Institutuko ikerketa laguntzailea izan zen. Bigarren Mundu Gerran britainiarren espioi izan zen eta gerra amaitu ondoren berriro itzuli zen Warburg zentrora, eta zentro hartako zuzendari izan zen 1959-1976 bitarteko urteetan. Harrezkero Europako eta Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetako irakasle eta gonbidatu izan zen, Oxford, Cambridge eta Harvarden adibidez. Gombrichek garrantzi handiko lanak egin zituen Italiako Errenazimentuko arteari buruz, eta artearen teoriaren alorrean ere ekarpen handiak egin zituen. Hautematearen psikologia eta pintura adierazpena ziren bere aztergai nagusiak, eta artelanei buruz dugun perzepzioari buruzko ondorio gogoangarriak atera zituen, psikologia esperimentaleko teknikak erabiliz bere lanetan. Liburu asko idatzi zituen, besteak beste, Artea eta ilusioa (1960), Jostailuzko zaldi bati buruzko gogoetak (1963), Araua eta forma (1966), Ordenaren zentzua (1979), Irudia eta begia (1985), Irudiek kontatzen digutena (1991). Bereziki azpimarratzekoa da Artearen historia (1950), hainbat argitalpen izan dituena, eta mendebaldeko artearen historia oso era garbi eta atseginean azaltzen duenez, gertaera artistikoa ulertzeko oinarrizko liburua; lan horrekin erakutsi zuenez, Gombrichek edertasun eta sakontasun handiko testuak idazteaz gainera, berebiziko ahalegina egin zuen artearen inguruko ezagutzak zabaltzeko.