Gombrowicz, Witold
Poloniar idazlea (Maloszyce, 1904 - Vence, Niza, 1969). Filosofia eta zuzenbide ikasketak egin ondoren, 1933an idazten hasi zen, eta 1937an idazle poloniar ausartenen artean jarri zen bere eleberriari esker (Ferdydurke). Bertan, Poloniako intelligentsiaren irudi barregarria agertu zuen. Lehenagotik argitaratua zuen ipuin liburu bat (Bakakaï izenez ezaguna egin zen gerora), psikologiazko kasu bereziak kontatzen zituena. Gerrak Argentinan harrapatu zuen, eta bertan bizi izan zen 1939tik 1963ra arte. Trans-Atlantyk (1953) obran argitu zuen bere jarrera politikoa, elezahar nazionaleko zenbait mito deuseztatuz. Askatasuna eta erotismoa dira bere lanetako gai nagusiak: Dziennik (1953-1966, Egunkaria), sekula egin den autoerretratu bereziena, eta Pornografia (1960). Frantzian bizi zela Kosmos eleberria argitaratu zuen (1957). Forma jakinik gabekoari buruzko lilura azaltzen du, nahiz eta bere lanari, beti, lan bukatuaren arnasa hartzen zaion.