Goihenetxe Etxamendi, Manex
Nafarroa Behereko historialaria (Ezterenzubi, 1942 – Biarno, 2004). Baionako Lizeoan historiako irakasle eta euskaltzain urgazle izan zen, eta Euskal Herriko historiari buruzko ikerketa lan eta liburu ugari eman zituen argitara: L’oppression culturelle française au Pays Basque Nord (1974, Kultura zapalkuntza frantsesa Ipar Euskal Herrian), Pays Basque Nord, un peuple colonisé (1979, Ipar Euskal Herria, herri kolonizatu bat), For et coutumes de Navarre (1985, Nafarroako forua eta ohiturak), Lapurdi Historian (1987), Guide historique de Bayonne (1986, Baionako historiako gidaliburura), Guide du Pays Basque (1989, Euskal Herriko gidaliburua), Analyse critique de l’historiographie basque du XVIe au XIXe siècle (XVI-XIX. mendeetako euskal historiografiari buruzko azterketa kritikoa). 1998-2002 bitartean lan mardula argitaratu zuen zuen, lau liburukitan: Histoire générale du Pays Basque-Euskal Herriko Historia Orokorra-Historia General del País Vasco, historia publiko zabalari helarazteko asmoz. Historia alorreko lanez gainera, eragile handia izan zen Manex Goihenetxe Ipar Euskal Herriko kulturan eta politikan (Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteko idazkaria eta E.H.A.S. ezker abertzaleko alderdiaren sortzailea, besteak beste). LUR Hiztegi Entziklopedikoaren aholkulari eta lankide izan zen.