gnostizismo
iz. Fil. Filosofiazko eta erlijiozko joera, Erromaren eta Greziaren eraginpean zeuden herrietan K.a. II. mendean zabaldu zena. v Gnostizismoak antzinako erlijioetatik (Irango erlijiotik, Greziako Platonzaleen idealismo alegorikotik, judu mistikoen apokalipsi zaletasunetik, Egiptoko eta Mesopotamiako pentsamendutik) hartu zuen iturria, eta haiengan ere izan zuen eragina, baina bere eragin nabarmenena kristautasun sortuberrian izan zuen (elizaren kanonean, kredoan eta epistoletan oinarritutako eraketa), eta garai horretan osatu zen erabat. Gnostizismoaren arabera, ezagumena ez da behaketa enpirikoaren bidez lortzen, jainkoaren azalpenen bidez baizik. Gnostikoen ustez gizonak berezkoak ditu kontzientziarik eza eta jainkotasuna, baina zoritxarreko erortzearen ondorioz mundu arrotz batera bidalia izan zen. Jainkoaren azalpenak bere jatorriaren, esentziaren eta etorkizun handiaren berri eman zion gizonari. Gnosiaren azalpen hori ez da filosofiaren ezagumenak bezala arrazoiaren bidez lortzen, ezta kristautasunaren azalpena bezala ere, ez baita historian oinarritzen ez idatzietan biltzen; izatearen misterioaren intuizioa da. Dotrina kristauaren garapena gnostizismoaren aurkako erantzuna izan da neurri batean behintzat. Kredoaren sinboloak ezartzea, Testamentu Berria kanon batera biltzea, epistolen garrantzia azpimarratzea, gnostikoen eskaerei erantzuteko onartu zituen kristautasunak. Gnostikoak lehenengo teologoak izan zirela eta kristautasun sortuberria sistema batera bildu zutela esan daiteke.