Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

glaziazio

iz. Izotza egiten duen denbora. v  Geol. Glaziarrek eta izotzek Lurreko eremu zabalak hartzen dituzten garaiari deritzo glaziazio. Gaur egun, Hegoburuko Antartida, Iparburuko Groenlandia, eta Norvegiako Spitzberg uharteak izozpean daude. Glaziazioa gertatzeko tenperaturak hotz iraun behar du denbora luzean; hotzaldi iraunkor horien eragileak zein izan diren argitu nahirik ezagutzera eman diren teorien artean, hauek dira nagusiak: a) Lurraren orbitaren eszentrikotasuna aldian behin aldatu egin ohi da, eta horren ondorioz aldatu egiten da Lurrak jasotzen duen beroaren batez bestekoa ere. b) Lur ardatzaren eta ekliptikaren planoaren arteko angelua aldatzean, Iparburuaren, Hegoburuaren eta Tropikoen kokaera ere aldatu egiten da, eta baita klimaren muga ere. c) Eguratseko karbono anhidridoaren neurrian gorabeherak izatean, Lurra hoztu edo berotu egin ohi da. d) Zenbait geologoren ustez orogenia mugimenduek zerikusi handia izan dute glaziazioekin, orogenesi gehienen ostean glaziazioak izan baitira; izan ere, lurrazalak gora egin eta mendikate bat eratzen denean, eremu horretako hodei kopurua handitu egiten da, euri gehiago egiten du eta hori dela eta batez besteko tenperatura jaitsi egiten da. v  Geologia aldietan zehar hiru glaziazio nagusi izan dira: Kanbriarrean (orain dela 500-600 bat milioi urte) bata, Karboniferoaren eta Permiarraren artean (orain dela 280 milioi urte) bigarrena, Hego hemisferioan batez ere, eta orain dela 2 milioi urte hasi zen Kuaternarioko Pleistozeno aldian, azkena. Europako Kuaternarioko glaziazioei tokian tokiko izena eman zaie. Alpeetan bi aldi nagusi bereizten dira: lehenean hiru glaziazio izan ziren (Donau edo Danubio, orain dela 1.500.000 milioi urte inguru; Günz, orain milioi bat urte; eta Mindel, orain dela 700.000 milioi urte), eta bi glaziazio bitarte (Riss, eta Würm, orain dela 200.000 eta 50.000 urte, hurrenez hurren); glaziazio horien artean klima beroagoko aldiak izan ziren, luze-laburrera askotarikokoak. Europako iparraldeko glaziazioak Elster (Alpeetako Mindel glaziazioaren garai berekoa), Saale (Riss-en garaikoa), Warthe eta Vistula (Würm-en garaikoa) izenez ezagutzen dira. Ipar Ameriketako glaziazioak Alpeetako Günz, Mindel, Riss eta Würm glaziazioen garai berekoak dira, eta Nebraska, Kansas, Illinois eta Wisconsin izenez ezagutzen dira. v  Glaziazioetan zenbait aldaketa izaten da lur azalean: a) Ura izoztu eta bildu egiten denez, itsas mailak behera egiten du (Pleistozenoan, adibidez, gaur egungoa baino 100 m beherago zegoen), eta glaziazioen arteko denboran, gora berriz; b) Arrazoi beragatik ibaiak desagertzen dira, eta beste berri batzuk sortzen; c) Animaliak eta landareak lurralde hotzetatik lurralde epeletara joan ohi dira.