Girri, Alberto
Argentinar olerkari, itzultzaile eta kontalaria (Buenos Aires, 1919 - Buenos Aires, 1991). Bere sorterrian egin zituen letretako ikasketak eta idazle lanetan murgildu zen buru-belarri. Hainbat sari eta beka eskuratu zituen, eta beka bati esker joan zen, hain zuzen ere, 1963an Estatu Batuetara bizitzera. Ingeles olerkigintzan aditua da, eta alor horretan egin ditu itzulpen aipagarrienak, bai bakarka eta bai William Shand edo Carlos Viola Sotorekin elkarlanean. T. S. Eliot, Wallace Stevens, Edgar Lee Masters, John Donne eta Rabindranath Tagoreren obren antologiak eta bildumak eman ditu argitara. Bere olerkigintzari dagokionez, berriz, gaztelaniazko literaturaren baitan egile berrizalea izan da; hizkuntza gordina erabili ohi zuen, hitz lauaren hurbilekoa, existentzialista eta zorrotza, zorroztasun formal handikoa eta sintetikoa. Bere lanetan existentziaren harrigarriaz eta tragikotasunaz, hitz poetikoaren eraginaz eta arrazoiaren mugez gogoeta egin zuen. Ingeleseko olerkari metafisikoen eragina, T. S. Elliotena eta bere garaiko argentinar idazleena (batez ere Jorge Luis Borgesena) nabarmentzen da bere lanetan. 1946an eman zuen argitara lehenengo olerki bilduma, Playa sola (Hondartza bakartia), eta haren ondoren idatzi zituen, besteak beste, Trece poemas (1949, Hamahiru olerki), El tiempo que destruye (1951, Denbora suntsitzailea), Escándalo y soledades (1952, Eskandalua eta bakardadeak), El ojo (1965, Begia), Casa de la mente (1968, Adimenaren etxea), Los valores diarios (1970, Eguneroko balioak), Poesía de la observación (1973, Behaketaren olerkia). Hitz lauz idatzi ditu Crónica del héroe (1946, Heroiaren kronika), Un brazo de Dios (1966, Jainkoaren beso bat) eta En la letra, ambigua selva (1972, Letra, ohian anbiguoa).