Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Girona

Kataluniako probintzia. 5.886 km2 ditu eta 512.187 biztanle. Iparraldea eta mendebala menditsuak dira, baina Ampurdan eta La Selva aldea lauak. Itsasertza amiltsua da. Ter ibaia eta haren adarrak (Fresser, Oñar), Muga, Fluviá eta beste ibai batzuk igarotzen dira Gironatik. Kliman alde nabarmenak daude mendialdearen eta itsasaldearen artean. Nekazaritza da ekonomia jarduera nagusia (aleak, kotoia, tabakoa, barazkiak eta fruituak), baina abere hazkuntzak ere garrantzia handia du (zerria, ardia). Industrian jakien industria eta ehungintza dira nagusi. Turismoak garrantzi handia du itsasaldean. Antzinatik izan da ezaguna Girona, aztarnategi grekoek erakusten duten bezala (Ampuries). Erdi Aroan Markerri Hispanikako parte izan zen, eta geroago Katalan-Aragoitar erreinukoa. v Izen bereko probintziako hiriburua, Ter eta Oñar ibaiak elkartzen diren lekuan eraikia. 87.648 biztanle. Oñar ibaiak bitan banatzen du: eskuinean antzinako hiria dago, kale estuak dituen, eta bertan dira monumenturik zaharrenak: katedral erromanikoa, San Pedro de Calligans monasterioa (922). Ezkerraldean hiri berria dago. v Lehen kolonia grekoen garaian sortua da hiria; erromatarren garaian Gerundia izena zuen. 409an bisigodoek hartu zuten, eta 713an arabiarrek. VIII. mende bukaeran Ludobiko Piok eskuratu zuen, eta Markerri Hispanikoari erantsi zion. IX. mendean, Wilfrido Iletsuak Bartzelonarekin lotu zuen. Erdi Aroan Kataluniako hiri nagusia izan zen, Bartzelonaren ondoren. 1285ean Frantziako Filipe Ausartak setiatu zuen; Independentziarako Gerran bi setio jasan zituen (1808 eta 1809).