Giraud, Henri
Jeneral frantsesa (Paris, 1879 - Dijon, 1949). Bigarren Mundu Gerran VII. armadako eta ondoren IXko buru izan zen. 1940an alemaniarrek preso hartu zuten, baina 1942an ihes egin zuen Königstein-etik. Ipar Afrikako tropa frantsesen buru izan zen 1942ko azaroan, eta Darlan hil zutenean (1942ko abendua) Aljeriako agintaritza hartu zuen. De Gaulle jeneralarekin zituen tirabirak gorabehera, Aljerian sortu zen Askatasun Nazionaleko Batzorde frantseseko lehendakari izan zen harekin batera (1943ko ekaina). Baina De Gaulle-k gaina hartu zion eta lehendakaritza utzi behar izan zuen (1943ko azaroa) eta armadako komandante kargua ere bai (1944ko apirila). Hala ere, Ipar Afrikan armada bat eratu zuen, Juin jeneralarekin batera eta Estatu Batuen laguntzaz,. Tunisiako garaipena, Korsikaren liberazioa eta Italian lehorreratu zen armada frantsesaren antolamendua berak egin zituen neurri handi batean.