Gielgud, John
(Jaiotza izena, Arthur John). Britainiar antzezle, zuzendari eta produktorea (Londres, 1904 - Londres, 2000). Westminster Schoolen eta Royal Academy of Dramatic Art eskoletan egin zituen ikasketak, eta 1921. urtean egin zuen debuta antzerkian, Old Vic konpainian. Zineman Who is the man? (1924) filmarekin egin zuen debuta, baina antzerki lanetako antzezle eta zuzendari gisa jardun du batez ere. Antzerkian erakutsitako maisutasunari esker zinemako hainbat lan egin ditu, besteak beste zinemara egokituriko Shakespeareren zenbait obraren interpretazioa. Hitchcock zuzendariaren Agente sekretua (1936) filmean antzeztu zuen zinemako lehengo paper garrantzitsua, eta harrezkero egindako filmetan aipagarriak dira ondoko hauek: Lehen Ministroa (1941), Julio Zesar (1953), Rikardo III.a (1955), Becket (1964), Kanpai hotsak gauerdian (1966), Orient Expresseko hilketa (1974), Probidentzia (1977), Orkestra zuzendaria (1980), Suzko orgak (1981), Arthur, urrezko mutilzaharra (1981, Bigarren mailako antzezlearen Oscar saria), Distira ilunbean (1991).