Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gibraltar

Espainiako hegoaldean dagoen kolonia britainiarra. 29.166 biztanle (1986). 6 km2. Nazioarteko portua eta hegazkin eta ontzi base britainiarra. v Historia. Antzina Calpe (Herkulesen Zutabeak) zen. Tariq-en mairuek hartu zuten eta, tarte gutxi batzuetan izan ezik, bertan jarraitu zuten 1462 arte. Espainiarrek hartu zuten, eta ondoren Espainiako Erregetzarako gerran ingelesek (1704); Utrecht-eko hitzarmenak (1713) haien eskubideak bermatu zituen. Base militar moduan erabili zen bi mundu gerretan. Espainiak beti beretzat eskatu du lurralde mutur hau, eta Nazio Batuen Elkarteak 1969a baino lehen uzteko agindu zion Ingalaterrari, baina bertan egindako erreferendum batek (1967), ezezkoa eman zion Espainiako izateari. v Gibraltargo itsasartea. Europa eta Afrika, eta Mediterraneoa eta Atlantikoa banatzen dituen itsasartea. 15 km inguruko zabalera eta 350 m-ko sakonera du. Pasabide garrantzizkoa da, eta sartu-irten handiko portuak ditu: Gibraltar, Algeciras eta Tarifa Espainian, eta Ceuta eta Tanger Afrikan.