Gibson, Mel
Australiar zinema antzezle eta zuzendaria, estatubatuarra jatorriz (Peekskill, New York, 1956). New Yorken jaio zen baina hamabi urte zituenetik bizi izan da Australian. Sydneyko Arte Dramatikoko Institutu Nazionalean egin zituen ikasketak, eta antzerki antzezle gisa jardun zuen lehenik. Zinemako debuta Summer City (Hiri udatiarra) filmarekin egin zuen, 1977an. Hasierako lanetan interpretatu zituen paperekin antzezle ona zela erakutsi zuen, baina gerora egindako filmetan interes komertziala nabarmendu zen kalitatezko zinemaren gainetik, batez ere 1990eko hamarraldiaren hasiera bitarteko lanetan. Tarte horretan egin zituen nazioartean ospea eman dioten film nagusiak, batez ere Mad Max (1979) heroi garaitezinaren interpretazioarekin eta Lethal Weapon (1987, Arma hilgarria) filmeko poliziarenarekin. Aipagarriak ditu, orobat, Gallipoli (1981), The Year of Living Dangerously (1982, Arriskuz bizitako urtea), Peter Weirrek zuzenduak biak, eta The River (1984, Ibaia) eta Mrs. Soffel (1984). 1990 inguruan beste era bateko pertsonaiak interpretatzen hasi zen berriro, gizatiarragoak, sentiberatasun handiagokoak. Hamlet egin zuen 1990ean, eta zuzendari eta protagonista izan zen The Man Without a Face (Aurpegirik gabeko gizona) filmean, 1993an; urte hartan bertan Forever young (Beti gazte) antzeztu zuen, eta hurrengo urtean Maverick (1994), umorezko filma. 1995. urtean Braveheart zuzendu eta interpretatu zuen, eta bost Oscar sari irabazi zituen, film eta zuzendari onenarenak, besteak beste.