Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gibel

iz. Atzea, atzeko aldea. || Sabelean dagoen erraia, behazuna isurtzen duena, eta odoleko gai batzuetan aldakuntza garrantzizkoak eragiten dituena. || Gibel(-)asmo. Ezkutuko asmoa. v Anat. Ornodunen gorputzeko organorik handiena da. Bi zatik osatzen dute, eta kolore gorria du. Garrantzi handiko biokimika funtzioak ditu: behazuna isurtzen du; elikagaien bidez iristen diren gai pozoitsuak deuseztatzen ditu; odolaren azukre kopurua aldatu gabe mantentzen du eta soberan duena gorputzak ohi baino azukre gehiago behar duenerako gordetzen du; giltzurrunek isurtzen duten urea eta azido urikoa sortzen ditu; odol kopuru handia biltzen du beharrezkoa denean odol hodietara bidaltzeko; globulu gorri zaharrak deuseztatzen ditu. Ornogabeen gibela txegoste aparatuarekin lotura duten eta ornodunen are guruinaren gisako gai bat isurtzen duten bi guruin simetrikok osatzen dute. Animalia ornogabeetan, txegoste funtzioak betetzen ditu batez ere gibelak. v Gibel arteria. Biol. Gibelera iristen diren bi odol hodi handietako bat, arterietako odola gibel parenkimaraino eramaten duena. v Gibel hodia. Gibelak isuritako behazuna kanporatzeko hodia. Gibelean hasten da eta zistiko hodiarekin bat egiten du. v Gibel handitasuna. Med. Gibelaren hantura, tumore batek, bihotzeko gorabeherek edo bestelako gaitzek sortua. Oso hantura larria izan daiteke, eta zenbaitetan saihets azpian nabarmentzeraino hazten da gibela. v Gibel ezintasuna. Gibelak bere funtzioak behar bezala betetzen ez dituenean sortzen den egoera, gibeleko gorabehera edo eritasun baten ondorioz sortua. v Gibel fasziola. Zezenaren, ahariaren eta beste animalia batzuen gibel hodietan bizkarroi bizi den zizare zapala. Distomiasi eritasuna sorrarazten du gibel fasziolak. v Gibel atrofia hori larria edo Rokitansky-ren eritasuna. Gibel ezintasun larria; eritasun honen ondorioz gibelak ez ditu gehiago bere eginkizunak betetzen. Gibelak bere funtzioak ez betetzeak heriotza ekar dezake. v Elikagai gisa, gibelak bitaminak, proteinak eta burdina ditu, eta animalia batzuen gibela oso aintzat hartua da sukaldaritzan.