Gestapo
(Al. Geheime Staats Polizei-en laburpena. Eusk. “Estatuko polizia sekretua”). Alemaniako nazien polizia politikoa. v Gestapok Alemaniatik eta Alemaniak hartuak zituen lurraldeetatik nazien kontrako oposizioa desagerrarazi zuen, eta juduak Europako kontzentrazio esparruetara bidali zituen. Naziek aginpidea hartu zutenean 1933an, Hermann Göring-ek, Prusiako ministroak, naziak sartu zituen Prusiako polizian, eta haren mendean eratu zuen Gestapo. Gauza bera egin zuen Einrich Himmler-ek, SS-ko buruak, Bavariako eta Alemaniako beste estatuetako poliziarekin. 1936an Alemaniako polizia Himmlerren esku geratu zen osorik, eta bera bihurtu zen SS-ko eta Gestapoko burua. Gestaporen ekintzek ez zuten lege mugarik: atxiloketak egiteko eskubidea zuten epaileen eskaerarik gabe; ezkertiarrak, intelektualak, juduak, sindikalistak, apaizak, homosexualak… atxilotu eta kontzentrazio esparruetara bidali zituzten; Bigarren Mundu Gerran Alemaniak bereganatutako lurraldeetan oposizioaren mugimenduaren aurka jardun zuten eta zibilak zigortu zituzten; Alemaniako armadarekin batera Holandara eta Sobietar Batasunera joan ziren juduak kontzentrazio esparruetan bildu eta hil zituen. Gestapo epaitegira eramana izan zen gerra bukatu zenean, eta Nurenberg-eko nazioarteko epaitegiak haren ekintzak kondenatu zituen.