Gesalatz
Nafarroako erdialdeko ibar eta udalerria (Lizarrako merindadea). Guesálaz du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Goñibar eta Andiako mendilerroa; ekialdean, Etxauri eta Mañeru; mendebalean, Deierri, eta hegoaldean Mañeruko ibarra. Garaiera, 528 m. 77,79 km2. 1999ko datuen arabera, 458 biztanle ditu (1991) (gesalaztarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Argiñano, Estenotz, Genbe, Irurre, Iturgoien, Izurtzu, Lerate, Muetz (herriburua), Muniain-Gesalatz eta Bidaurre. Mendi garaiak daude ibarraren iparraldean: Mugaga (1.214 m), Artesa (1.133 m), Etxauriko Harria (1.132 m). Gesalazko udalerritik erreka ugari igarotzen da: Genbe, Errezu, Ubagua, Gesala… Allotz urtegian, Gesalazko hego-mendebalean, isurtzen dira erreka horiek guztiak. Hizkuntza, gaztelania. XIX. mendearen hasieran galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Laborantza (garia, garagarra, mahatsa, patata, artoa, landare lekadunak) eta abere hazkuntza (behi eta ardi azienda) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarri dira Montehermosoko markesaren jauregia (Biguria, XVII. m.), San Roman parrokia (Arzotz, XIII. m.), Santa Katalina parrokia (Muniain, XII. m.), Iturgoiengo parrokia eta Biguriako Santa Maria parrokia. v Historia. 920. urtean, Gesalazko lurretan nagusitu zitzaion Abd ar Rahman III.a Kordobako emirra Antso Abarka Nafarroako erregearen armadari.