gerra
iz. Herri edo estatu bi edo gehiagoren arteko arma bidezko borroka, gizarteko gertakaritzat hartua bereziki. ik. gerla, guda. Gerra eta bakea. Gerra zibila: estatu, nazio… baten barnean gertatzen dena. || Gerra egin. Antioko erregeari gerra egin ziona. || Borroka, liskarra. Andre ederra, etxean gerra (esaera). v Zuz. Gerra legea. Gerraren sorrera, gerra garaiko jokabideak eta gerra amaierak arautzen dituen nazioarteko legea. v Gerrako krimena. Nazioarteko hitzarmenen arabera onartutako gerra legearen kontrako delitua. Bigarren Mundu Gerraren ondoren nazioen legearen kontrako hiru delitu mota bereizten dira: bakearen kontrako krimena (gerra hasteko prestaketak, gerra hastea…), gerrako krimen arruntak (hilketak, zibilen deportazioak…), eta gizadiaren kontrako krimenak (gerra garaian zibilen kontrako erasoak erlijio, arraza, politika… arrazoiengatik). v Gerra hotza. ik. hotza. Estatu bi edo gehiagoren arteko arma bidezko borroka, gizarteko gertaeratzat hartua bereziki. || Hed. Borroka, liskarra. || Gerra(-)gizon. h. gerrari.
■ Gerra kimikoa eta biologikoa. Gerra garaian gai kimikoak, bakterioak, birusak eta toxinak edo pozoiak soldaduak edo zibilak elbarritzeko, zauritzeko edo hiltzeko nahita erabiltzeari esaten zaio gerra kimikoa eta biologikoa. Gai kutsatzaile horiek helbururatzeko erabiltzen diren bitartekoak, berriz, arma kimikoak eta biologikoak dira. Lehen, ke eta su bonbak, su jaurtigailuak, napalma eta beste zenbait gai ere erabiltzen ziren arma kimikotzat. Gaur egun, baina, gudu zelaian erabiltzen diren gai toxikoak aipatzeko erabiltzen da gerra kimikoa terminoa. Arma nuklearrek bezala, arma biologiko eta kimikoek ere biktima zibilak eta bestelako ondorio batzuk eragin dituzte gai toxikoak zelai guduan barreiatzen direnean. Hori dela eta, nazioarteko erakundeek arma horiek kontrolatzeko eta arautzeko neurriak hartu nahi dituzte. ■ Gai pozoidunek (jaurtigailu, misil, bonba eta spray-en bidez edo bestela barreiatuta) odola kutsatzen dute eta nerbioak, azala eta gibela hondatzen. Klorina eta fosgeno gasak benetako gasak dira, baina gai kimiko gehienak aereosolak dira, hau da gasen batean esekita dauden partikula gotor txiki-txiki edo isurkari tantatxoak. Gasei aurre egiteko modu bat maskara eta jantzi babesgarriak erabiltzea da. Azaletik barrena sartuta nerbio sistema zentrala hondatzen duten toxinak guztiz hilgarriak izaten dira, eremuren batean, zenbait egunetan, indarrean irauten duten eta lurra eta ura kutsatzen duten gaiak bezala. Manifestazioen aurka-eta erabiltzen diren gas negarrarazleak ez dira hilgarriak; benbora bitarte batez kaltetzen dute pertsona. Landaredia kontrolatzeko erabiltzen diren belar-hiltzaileak, helburu militarretarako ere erabili izan dira, bestalde. ■ Historia. 1915eko apirilaren 22an, Lehen Mundu Gerran, Alemaniako gudarosteak egin zuen lehen aldiz gerra kimikoa, britainiar eta frantses soldaduen aurka klorina gasa erabili zuenean. Lehen eraso hark milaka biktima eragin zituen eta harrezkero bi aldeek erabili zuten gasa gerrak iraun zuen denboran. 1917an gas are eraginkorrago bat erabili zuten alemaniarrek: mustarda edo mostaza gasa. Bigarren Mundu Gerra bitartean, bai Alemania naziak bai munduko beste herrialde batzuek ere zenbait arma kimiko asmatu zituzten, baina ez zituzten erabili, gainerako herrialdeen neurrien beldur. Alemaniarrek, baina, gai kimiko pozoidunak erabili zituzten kontzentrazio esparruetan milioika gizon, emakume eta haur hiltzeko. 1950 eta 1960ko urteetan polizia eta gudarostea gai ez hilgarriak erabiltzen hasi ziren iskanbilak eta kontrolatzeko. Vietnamgo gerran Estatu Batuetako gudarosteak belar-hiltzaileak erabili zituen gerrilla vietnamdarrak bere baseen kokagune zuen oihana suntsitzeko eta zuhaitzak hostogabetuz segadak errazteko, besteak beste. ■ Nazioarteko kontrola. 1899ko Hagako Hitzarmena eta 1925eko Genevako Protokoloa izan ziren gerra denboran arma kimikoen erabilera murrizteko lehen saioak. Protokoloak gas itogarri eta pozoidun guztiak debekatu zituen, eta baita antzeko isurkari, material edo lehergailu oro ere. Dena dela, hitzarmenak ez zuen gisa horretako armak egitea edo gordetzea debekatu. 1969an Estatu Batuetako gobernuak arma kimikoen produkzioa eten zuen eta 1975ean Genevako Protokoloa izenpetu zuen. Nazio Batuen babespean, Armagabetzeko Batzordea Genevan elkartzen da aldian behin 1960ko hamarraldiaz geroztik, armagabetze mota guztiak eztabaidatzeko. 1980 ondoko urteetatik aurrera batzordearen helburu nagusia arma kimikoei buruzko nazioarteko debekua lortzea izan zen. 1987an, baina, Sobietar Batasunak arma kimikoen produkzioa eten zuela iragarri zuenean, Estatu Batuek berriro ekin zioten arma kimikoak fabrikatzeari. 1988an Nazio Batuen txosten batek jakinarazi zuen Irakek arma kimikoak erabili zituela Iranen aurkako gerran. Hura izan zen Lehen Mundu Gerraz geroztik gerran arma kimikoak erabiltzen ziren lehen aldia. Harrezkero arma kimikoen erabilera, garapena eta produkzioa eragozteko nazioarteko ituna lortzeko saioak egin ziren. Hilabete askotako negoziazioen ondoren, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak itun bat egin zuten 1990eko ekainaren 1ean, arma kimikoen produkzioa berehala etengo zutela eta gordeta zeukatena suntsitzen hasiko zirela adierazteko. Beste herrialde batzuek, baina, arma horiek erabiltzen jarraitzen dute. 1990eko abuztuan Irakek, Israelgo biztanle gorakada handiak eta eskuineko gobernu baten sorrerak kezkaturik, Isareli arma kimikoez erasotzeko mehatxua egin zuen. ■ Arma biologikoak. Gerretan birus eta bakterio kutsagarriak erabiltzeko aukerak kezka handia sortu du mundu osoan. Hori dela eta, Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Sobietar Batasuna ohiak eta beste 67 herrialdek Arma Biologikoen Hitzarmena izenpetu zuten 1972an, gai bakteriologikoen eta toxinen produkzioa eta pilaketa eragozteko eta gisa horretako armak suntsitzeko. Hitzarmena 1975eko martxoan sartu zen indarrean eta harrezkero 100 herrialdek baino gehiagok izenpetu dute.