Gerra, Bigarren Mundu Gerra
1939-1945 urteen artean mundu osoan hedatu zen gerra. Parte hartu zuten herriak izan ziren, alde batetik: Alemania, Italia eta Japonia (Ardatza); eta bestetik: Frantzia, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Sobietar Batasuna eta Txina (Aliatuak). Gerrak Europako estatu guztietan izan zuen nola edo hala eraginik eta orobat Afrikako eta Asiako kolonietan ere. Lehen Mundu Gerraren ondorioz sortutako auziekin piztu zen bigarrena: abertzaletasunaren indartzea eta nazismoa eta faxismoa Alemanian eta Italian aginpidera iristea. 1936an Alemaniak, Italiak eta Japoniak hitzarmen hirukoitza izenpetu zuten. Alemaniak eta Italiak Espainiako Gerran parte hartu zuten, armak probatzeko xedearekin eta taktika berriak aztertzeko. v Aurreko historia. 1936 eta 1939 bitarteko urteetan Alemaniak Renania hartu zuen armen bidez (Versaillesko hitzarmenean desmilitarizatua) eta bere mende hartu zituen Austria eta Txekoslovakia. Erresuma Batuak eta Frantziak ez zuten ezer egin beste gerra bat piztuko ote zen beldurrez. Italiak Abisinia hartu zuen bere mendean 1935ean, eta 1939an, apirilean, Albania. Japonia, 1931n Mantxuria bereganatu zuelarik, hasia zen Txinaren jabe egiten. 1937a ezkero gerran zeuden Txina eta Japonia; esan zitekeen beraz Bigarren Mundu Gerra hasia zela Hitler-ek, 1939ko irailaren batean, bere osteak Poloniaren kontra igorri aurretik ere. v Gerra Europan eta Afrikan. 1939ko abuztuan Alemaniak eta Sobietar Batasunak itun bat izenpetu zuten elkarri ez erasotzekoa. Bertan, ados jarri ziren Polonia eta inguruko lurraldeak (Baltikoko herriak eta Finlandia) bien artean banatzeko. 1939ko irailaren 1ean Poloniaren inbasioa hasi zen. Erresuma Batuak eta Frantziak gerra aldarrikapena egin zioten Alemaniari handik egun batzuetara. Irailaren 17an oste sobietarrek Poloniaren ekialdeko zatia menderatu zuten. Era berean menderatu zituzten Baltikoko herriak eta Finlandiaren kontra jo zuten. Finlandiarrek askatasunari eutsi zioten, harik eta 1940ko martxoan bakearen truke lurralde batzuk eman behar izan zituzten arte. Behin Polonia mendean hartuta, alemaniarrak urazpikoekin ingeles itsasontziak bonbardatzen hasi ziren. 1940ko apirilean Hitler-ek Norvegia eta Danimarka menderatzera bidali zituen bere osteak. 1940ko maiatzaren 10ean alemaniarrek Frantziari erasotzen hasi zitzaizkion, Herbeheretan eta Belgikan barrena igarota (ordu arte herri neutralak). Ingeles osteek zenbait talde belgikar eta frantsesekin batera ihes egitea lortu zuten Britainia Handira, Dunquerqueko portutik, baina frantses ostea garaitua izan zen. Petain mariskalak, Lehen Mundu Gerrako heroiak, armistizioa izenpetu zuen Hitler-ekin. Frantzia bi zatitan bereizia geratu zen: iparraldea eta Atlantiko alde guztia alemaniarren esku geratu zen; hegoaldea, berriz, Petain mariskalak Vichy-n antolatutako gobernuaren esku. Vichy-ko gobernuak bere burua neutraltzat hartu bazuen ere, alemaniarrekin batera ibili zen juduen eta erresistentzia zaleen zapalketan. Britainia Handian Charles de Gaulle jenerala izan zen alemaniar zapaltzaileen kontrako erresistentziaren buruzagi nagusia. 1940ean abuztuan eta irailean alemaniarren hegazkinek erasoa jo zioeten Ingalaterrako aerodromoei eta hiri nagusiei, Britainiaren konkista prestatzeko. Britainiar hegazkinek, ordea, irabazi zioten alemaniarrari (Ingalaterrako gudua), eta uharteak mende hartzeko erasoa bertan behera geratu zen. Urte hartan bertan, azaroan, Hitler-ek Ardatzera bildu zituen Hungaria, Errumania eta Eslovakia. Bulgaria 1941eko martxoan bildu zen. Urte hartako apirilean Alemaniak Jugoslavia eta Grezia hartu zituen bere mende; ekainean Hitler-ek elkarri ez erasotzeko ituna hautsi zuen, eta Sobietar Batasuna mende hartzeko agindua eman zuen (Bizar-Gorri ekintza). Abenduan alemaniar gudarostea Mosku inguruan zen, baina neguaren gogortasunak eta oste sobietarrek eragotzi zioten aurrerabidea. 1941eko abenduan bertan, japoniarrek Pearl Harbourri eraso, eta, Estatu Batuak gerran sartu ziren Ardatzeko herrien kontra. Afrikako iparraldean britainiar armada, Italiari irabazi ondoren, Romel jeneral alemaniarraren Afrika korps delako ostearekin sartu zen guduan. 1942ko uztailean Egiptoren kontrako erasoa bertan behera utzi zuten britainiarrek (Alameingo gudua). 1942ko urrian, aliatuen oste laguntzaileak bildu zitzaizkien britainiarrei eta Tunisia aldera egin behar izan zuen Afrika korps delako osteak, eta hiri horretan bertan errenditu ziren 1943ko maiatzean. Urte hartan bertan, uztailean, aliatuak Sizilian lehorreratu ziren eta irailean Salernon. Mussolini atxilo hartu bazuten ere, segituan askatu zuten alemaniarrek, eta handik aurrera faxisten azken lur zatia gobernatzen jarri zen (Salo-ko Errepublika, Italiaren iparraldean). Italiarren gobernu berriak gerra adierazpena egin zion Alemaniari, eta bake ituna izenpetu zuen aliatuekin. Alemaniarrek Italia menderatu eta aliatuen aurrerabidea eragotzi zuten gogortasun handiz. Ekialdeko gudalekuan Von Paulus jenerala bere ostearekin Estalingradon errenditu zen, eta 1943ko udan fronte hartako alemaniarren azken erasoak porrot egin zuen (Kursk ibaiko gudua). Handik hara, gudaleku hartan guztian atzera egin behar izan zuten, sobietarren erasoari nola edo hala eutsi nahian. 1943a ezkero, aliatuak egun argiz nola gauez bonbardatzen hasi ziren Alemaniako eta Alemaniak menderatutako industria eraikuntzak eta hiriak. 1944ko ekainaren 6an, aliatuak Normandian lehorreratu ziren (Overlod ekintza), eta handik gutxira Proventzan. Gudaleku guztietan estututa baitziren, alemaniarrek atzera bideari ekin zioten, eta, azkenean, aliatuek Alemania ere hartu zuten (1945, apirila). Hitler-ek bere buruaz beste egin zuen eta bere gudarostea errenditu egin zen maiatzaren 8an. v Gerra Sortaldean eta Itsaso Barean. 1929ko krisialdi ekonomikoak eta nazioarteko merkatuak urritzeak langabezia ekarri zuen Japonian; jendearen erosteko ahalmena asko jaitsi zen, eta bestalde militarren papera indartu egin zen politikan. Armadak zabalkunde politika bideratu zuen, eta hari horretan joan ziren Mantxuriaren inbasioa (1931) lehenbizi eta Txinarena (1937) gero. 1941eko abenduaren 7an Japoniako armadak Estatu Batuek Hawaii uharteetan zeukaten Pearl Harbour itsas portuari egin zion eraso. Erasoak geldiarazi zituen, ezinbestean, Estatu Batuetako ontziak, eta Japoniako gudarostea aise egin zen aliatuak Itsaso Bareko hego-mendebaleko lurren jabe (Malaia, Birmania, Filipinak, Singapur, Sortaldeko India holandarrak, eta Ginea Berria). Midway-ko guduan Japoniak bost hegazkin-ontzi galdu zituen eta orduan hasi zen bere gainbehera militarra. Abuztuan Estatu Batuetako marineak Guadalcanalen (Salomon uharteak) lurreratu ziren, baina abendua arte ezin izan zuten lurralde hura menderatu. Buruzagi aliatuek azkenean pentsatu zuten Japoniaren mendeko lurraldeak banan banan ezin zirela hartu; hala, bakartuak uzteko plana antolatu zen, eta hartara, babesak apurtuz, Japoniari berari zuzenean eraso egin. 1944an Nimitz almiranteak Mariana uharteak bereganatu zituen. Bertan aerodomoak eraiki ziren Japoniako hiriak bonbardatu ahal izateko. MacArthur jeneralak Filipinetako uharteei eraso egin eta 1945eko otsailerako Leyte eta Luzon bereganatu zituen. Eraso horretan Japoniak 9.000 hegazkin galdu zituen, eta horrela airetikako babesa apurtua geratu zen. Estatu Batuetako espioitza zerbitzuek Japoniako kanpoko arazoen ministroak Moskuko enbaxadoreari igorri zion gaztigua hartu eta deszifratu zuten; errendizioaren baldintzak eskatzen ziren han. Hala eta guztiz ere, bi bonba atomiko bota zituzten, bat Hiroshiman eta bestea Nagasakin. 1945eko irailaren 2an errendizio agiria izenpetu zen. v Taktikak eta armak. Lehenaren aldean Bigarren Mundu Gerra mugimendu bizkorreko gerra izan zen. Gudaleku guztietan tankeak izan ziren armarik erabakigarrienak. Sartaldean oihan sarriek bakarrik eragotzi zieten blindatuei aurrerabidea. Hegazkinak izan ziren ordea arma garranzitsuenak, aliatuei aireko nagusitasunak eman baitzien garaipena, hainbesteraino non itsasoko guduetan ere hegazkin-ontziak izan baitziren ontziterietan garrantzitsuenak. Gerraren bukaera aldera urrutirako koheteak agertu ziren (V1 eta V2), misilen eta bonba atomikoaren aitzindariak. v Azken orduko ondorioak. Hirurogei bat milioi pertsona hil ziren Bigarren Mundu Gerran, gehienak zibilak, nazien, faxisten eta japoniarren genozidioak zirela medio, edota bi aldetikako bonbardatze bereizkuntzarik gabekoen ondorioz. Yalta eta Postdam-go konferentzietan eratu zen garaileen mundu antolaketa berria. Alemania lau nazio garaileen (AEB, SESB, Frantzia eta Erresuma Batua) mende geratu zen hasieran, eta gero bi estatutan banatu zuten (Alemaniako Errepublika Federala eta Alemaniako Errepublika Demokratikoa). Era berean mundua ere bi bloketan banatua geratu zen, bata AEBen mende eta SSBBren mende bestea. Era horretan hasi zen gerra hotza.
- geroratze
- gerotxoago
- geroxeago
- geroztik
- Gerra Zibila, Espainiakoa
- Gerra, Bigarren Mundu Gerra
- Gerra, Lehen Mundu Gerra
- gerra
- gerraontzi
- gerrari
- gerrate