Gerra Zibila, Espainiakoa
1936-1939. urteen artean Espainian gertatu zena. v Espainiako errepublika ezarri zenetik (1931ko apirilean) karlistak eta Alfontsoren aldeko talde monarkiazaleak azpijokoan ibili ziren errepublika indargabetu eta behera botatzeko. Estatu kolpea emateko saio bat baino gehiago izan zen, baina hutsean geratu ziren guztiak, talde konspiratzaileak ezin izan zirelako ados jarri beren artean. Fronte Popularrak 1936ko otsailean garaipena lortu zuenean, Mola jeneralak egitasmo zehatz bat prestatu zuen gobernuaz jabetzeko, eta Fronte Popularraren eskuinaldera zeuden talde guztiak, Euzko Alderdi Jeltzailea izan ezik, bildu zituen bere inguruan. Konspirazioaren buru Sanjurjo jenerala izatekoa zen, Portugalen erbesteratua zegoena. Molaren egitasmoak armada buruzagitzako gehienak zituen aldeko, brigadako jeneral gutxi batzuk, dibisioko jeneral asko, eta ofizial ugari. Konspirazioaren helburua gobernua botatzea baino ez zen hasieran, eta mezu politiko zehatzik ez zuen, haren alde ahalik eta indar gehienak biltzearren. Alabaina, Goded jenerala izan ezik, armadako beste buruzagiak eta polizia buruak edo zalantzan egon ziren edo errepublikaren alde iraun zuten. v Matxinada. Estatu kolpea egun t’erdi aurreratu zen, halabeharrez, eta 1936ko uztailaren 17an hasi zen Marokon, jeneral buruzagirik gabe. Hilaren 18an Franco jenerala, garai hartan Kanarietako komandante nagusia zena, errepublikaren kontra altxatu zen. Aldi berean, Queipo de Llanok armadako buruzagi kargutik kendu zuen Villa-Abrile jenerala Sevillan. Errebelatuek, Marokotik presaka etorritako oste batzuen laguntzarekin, Cadiz eta Algeciras hartu zituzten. Itsas armadako ofizialek matxinadaren alde egin zuten, baina marinelek gerra ontziez jabetu eta errepublikaren alde jarraitu zuten. Marokoko armada bakarrik eta berex geratu zen, eta Iberiar Penintsulako matxinatuei laguntzeko aireko zubi ahul bat besterik ez zuen oso hegazkin gutxirekin. Madrilen errepublikaren aurka altxatu ziren militarrek ez zuten beren helburua lortu; aldiz, Asturiasen, Bizkaian, Gipuzkoan eta Katalunian izan ezik, militarren matxinadak arrakasta izan zuen penintsulako iparralde guztian. v Beste nazioetako laguntzak. Errepublikaren aurka matxinatu zen armadak Espainiako kapital handiaren laguntza ekonomikoa izan zuen, baina estatu kolpea izan behar zuena gerra zibil bihurtu zenean, militar errebelatuek kanpoan bilatu behar izan zuten laguntza. Hitler-ek eta Mussolinik gerrako materiala, armak eta soldadu ondo prestatuak bidali zituzten militar errebelatuei laguntzeko. Errepublikaren gobernuak aldiz zailtasun handiak izan zituen kanpotik laguntza lortzeko. Stalinek bakarrik bidali zituen armak, gerrako materiala eta gizonak, baina Alemaniak eta Italiak baino askoz ere gutxiago. Beste estatu bakar batzuk ere bidali zituzten armak, baina oso gutxi. Espainiako gatazka nazioarteko arazo bilaka ez zedin, ez parte hartzeko batzorde bat eratu zen, eta borrokan ari ziren bi aldeetako bati nola edo hala laguntza ematen zioten estatu guztiek parte hartu zuten bertan. Hala ere, batzorde hura alemaniarren eta italiarren eskakizunetara makurtu zen beti, eta errepublikaren kalterako izan zen. v Bi alderdien bilakaera politikoa. Militarren matxinadarekin batera Giral-en gobernua erori zen eta haren atzetik Largo Caballeroren bi gobernu etorri ziren eta Negrín-en beste bi; azkenik, gerra bukaeran, Casado koronelak estatu kolpea eman zuen. Errepublikaren gobernu haiek guztiek ezin izan zituzten talde politikoak (alderdiak eta sindikatuak) behar bezala menderatu eta hura izan zuten arazo nagusia, izan ere, alderdiek eta sindikatuek talde armatuak zituztenez, bakoitzak aginpide apur bat baitzuen bere esku. Negrín-en bi gobernuek eginahal guztiak egin zituzten estatuaren aginpidea antolatzen eta administrazioa, armada eta ekonomia egituratzen eta gidaritza bakar baten mende jartzen. Katalunia eta Euzkadiko gobernu autonomoek hobeto menderatu zituzten gauzak beren lurraldeetan. Militar errebelatuen alderdian, berriz, buruzagirik gabe geratu ziren Sanjurjo jenerala 1936ko uztailaren 20an hegazkin istripuz hil ondoren. Hala, matxinatuen buruzagiek eratu zuten “Nazio Defentsarako Junta” izeneko batzar baten esku gelditu zen aginpidea. 1936ko irailean errebelatuen jeneral buruzagiek bi bilera egin zituzten, hilaren 21ean eta 28an, eta haietan erabaki zuten Franco hautatzea armadako “jeneralísimo” eta estatu berriko gobernuburu. Estatu kolpea bultzatu zuten taldeak (monarkiazaleak, falangistak eta karlistak) bere alde jar zitezen lortu zuen Francok, eta tradizionalismoan eta katolizismoan oinarri hartuta ideologia lauso eta batere zehaztasunik gabekoa sortu zuen. v Ekintza militarren nondik norakoa. Militar matxinatuen asmoa estatu kolpe azkar bat ematea zen berez. Baina ikusi zutenean gatazka luzerako zihoala, hegoaldeko eta iparraldeko armadak bateratzea izan zuten aurreneko helburua, eta horretarako Extremadura hartu zuten lehenik. Madril hartzea izan zuten bigarren helburua; Madrilek, ordea, gogor eutsi zion erasoari eta guduak 1937. urtearen hasiera arte iraun zuen. Madril ezin izan zuenez hartu, Francok Kantauri itsasertzean errepublikaren esku zegoen lur zerrendara bideratu zituen bere gudarosteak, eta haiekin batera, italiarren eta alemaniarren osteak eta armak ere bidali zituen. Euskal gudarosteek gogor egin zuten borroka, baina soldadu frankistek eta karlistek askoz ere arma egokiagoak zituzten, eta nahi adina gainera; hala, armen aldetik zegoen alde ikaragarriak garaipena eman zien errebelatuei. Errepublikako buruzagiek Bruneteko eta Teruelgo erasoak jo zituzten, eta hasieran arrakasta handia izan bazuten ere, atzera egin behar izan zuten berehala. Francoren hurrengo helburua Mediterraneoa izan zen. Francoren gudarosteen erasoak bitan banatu zuen errepublikaren lurraldea, eta Katalunia eta Valentzia bereizita geratu ziren. Alderdi hartan Franco egiten ari zen presioa lasaitzearren, 1938an Rojo jeneral errepublikazaleak erosoaldi gogor bati ekin zion Ebroko frontean. Ebroko guduak hiru hilabete t’erdi iraun zuen eta bi alderdietako soldadu asko hil ziren. 1938ko azaroan gauzak lehenean zeuden, errepublikarrek erasoaldia egin aurretik zeuden bezalaxe alegia. Orobat, 1938ko bukaera aldean errepublikar buruzagiek beste eraso bat jo zuten Extremaduran, baina hark ere ez zuen ondorio aipagarririk ekarri. Hala, errepublikar armada indarrak ahituta geratzen ari zen, eta horrek bidea erraztu zien Francoren gudarosteei Katalunia hartzeko. Aldi berean, Munich-eko konferentzian Frantziak eta Ingalaterrak amore eman zioten Hitler-i, eta Francoren garaipena onartu zuten, isilean izan bazen ere. 1939ko martxoan Casado koronelak estatu kolpea eman zuen Negrín-en errepublikar gobernuaren kontra; hark beste gerra berri bat piztu zuen lehengoaren barruan, eta errepublikaren eta gerraren amaiera ekarri zuen. Martxoaren 28an Francoren armada Madrilen sartu zen eta apirilaren 1ean Francok bukatutzat eman zuen gerra. v Gerrako taktikak. Espainiako armadak ez zuen parte hartu Europako lehen gerra handian. Zuen esperientzia guztia Marokon izandako gerretatik zetorkion, eta hango etsaiak gaizki armatuta zeuden eta gerrako taktikarik ez zuten ezagutzen. Hala, soldaduek oldeka erasotzen zioten etsaiari, usadio zaharraren arabera; tankeak eta gerrako blindatuak oinezko gudarosteen laguntza gisa erabiltzen zituzten, horien abantailak nola baliatu jakin gabe. Bigarren Mundu Gerran gertatu zenari aurrea hartuz, hegazkinak erabili ziren eraso guztietan. Alemaniarren eta italiarren laguntza funtsezkoa izan zen horretan, eta airean errebelatuek izan zuten nagusitasuna gerraren hasiera hasieratik. Sobietar Batasunak errepublikari bidali zizkion hegazkinak hobeak ziren berez, baina gutxi batzuk baino ez ziren iritsi. v Zapalkuntza eta izua. Bi aldeetan izan zen zapalkuntza, baina 1936ko udakoa bereziki gogorra izan zen. Bi eragile nagusik piztu zuten matxinadaren sua; batetik arrazoi politikoak zeuden eta bestetik mendeku hartu nahia. Errepublikaren aurka matxinatu ziren errebelatuek eman zioten hasiera errepresioari. Aurreneko egunetan matxinadarekin bat etorri ez ziren jeneralak eta gobernadore zibilak hil zituzten. Ondoren herriko jendea hiltzen hasi ziren: eskola maisuak, langileak, errepublikazaleak, abertzale nazionalistak, etab. Bereziki gogorra eta odoltsua izan zen errepresioa Badajozen, 4.000 preso inguru hil baitzituzten han, zibilak gehienak. Errepublikaren aldetik alderdi politikoek eta sindikatuek eragin zuten zapalkuntza, eta estatua ez zen gai izan hura kontrolatzeko. Aristokraziak, aginpide ekonomikoa bere esku zuen burgesiak eta Fronte Popularreko kide ez ziren militarrek eta politikoek pairatu zuten, batik bat. Apaizen eta elizaren aurkako zapalkuntza ere izan zen: 283 moja hil ziren eta 6.549 apaiz. v Gerraren ondorioak. Gerraren ondorioz 300.000 pertsona inguru hil ziren. Gerra bukatu zenean, 270.000 preso zeuden kartzeletan, kontzentrazio esparruetan gatibu zeudenak kontatu gabe. Horrez gainera, 300.000 pertsona erbesteratu ziren zapalkuntzari iheska. Gerra irabazi zuen erregimen frankistak 30.000 pertsona inguru hil zituen 1939. eta 1950. urteen artean, eta zapalkuntza politiko arrunt gogorra ezarri zuen. Pentsamendua eta ideologia zapaltzeko Eliza Katolikoaren laguntza izan zuen.
v Gerra zibila Euskal Herrian. Euskal Herrian errebeldeen matxinadak eskubide demokratiko nagusiak desegiteaz gainera, bertako askatasunak eta erakundeak ere ito zituen. v Estatu kolpea. Uztailaren 19an Mola errebelatu zen Iruñean eta aginpideaz jabetu zen karlisten laguntzarekin. Nafarroan ezkerrak zapalkuntza guztiz gogorra nozitu zuen (2.500 hildako), eta berehala isilarazi zuten. Araban militarren matxinadak oso erresistentzia gutxi izan zuen; hala ere, ezkerrak oso zapalkuntza gogorra pairatu zuen han ere. Gipuzkoan uztailaren 21ean oldartu ziren militar errebelatuak, baina Donostiako kaleetan egun gutxi batzuetan borrokan aritu ondoren, errepublikako soldaduek menderatu zituzten. Aginpidea, ordea, askoren artean banatua geratu zen, alderdi politikoen eta sindikatuen mende zeuden junta armatuek bakoitzak bere gudarostea baitzuten; junta edo batzar bakoitzak barruti jakin bat zuen bere esku, baina ez zuten koordinaziorik beren artean. Bizkaian ez zen matxinadarik izan, armadako eta poliziako buruzagi gehienek errepublikaren alde iraun baitzuten leial, eta matxinatuen aldeko ofizialak garaiz atxilotu baitzituzten. v Bilakaera politikoa. 1936ko urriaren eta uztailaren artean alderdi eta sindikatu ezkertiarren esku egon zen batez ere gerra Gipuzkoan eta Bizkaian, eta politikan ere haiek izan zuten benetako indarra. 1936ko urriaren 7tik aurrera, ordea, euskal gobernu autonomoa eratu zen, José Antonio Agirre abertzalea buru zela. Egun hartatik aurrera euskal nazionalismoak bere gain hartu zituen gerraren eta politikaren erantzukizun guztiak gobernu berriaren esku zeuden lurraldeetan. Eusko Gobernuak hornidura ziurtatu zuen, ordena mantendu zuen herrian, euskara bultzatu zuen, medikuntza fakultate bat sortu zuen. Ez zituen enpresak eta bankuak nazionalizatu; itsas merkataritza eta janarien banaketa, ordea, bere gain hartu zituen. Elizak zabalik egon ziren eta 1937ko aste santuko elizkizunak gorabeherarik gabe egin ziren. Eusko Gobernuak armada bat antolatu zuen, 1936ko azaroan 40.000 gudari bildu zituena. Euskal gudarien osteek Gasteizen eta Legutiotik barrena Mirandaren kontrako erasoaldian parte hartu zuten. Errebelatuen alderdian berriz sistema militarista eta diktadura ezarri zen. Alderdi politiko eta sindikatu guztiak debekatuak izan ziren eta ezkertiarrak eta sindikalistak kartzelan sartu eta asko fusilatuta hil zituzten. Dena den, herriaren parte handi batek onartu eta laguntza eman zion Francoren sistema berri hari, eta asko izan ziren requeté delakoekin bere borondatez joan zirenak. v Ekintza militarren nondik norakoa. Gipuzkoan errepublikar milizianoek Nafarroatik sartutako requeté-en kontra egin zuten borroka. Oso gizon gutxik parte hartu zuten ekinaldi hartan eta arma sotilak erabili zituzten bi alderdietan. Requeté-en osteak, matxinatuen armadako ofizialak buru zituztela, Nafarroatik sartu ziren Oria ibaiari jarraituz (Beasain, Tolosa) eta Iruneraino iritsi ziren. Ez ziren, hala ere, garaiz heldu Donostiako matxinadari laguntza emateko, Oiartzundik Irunerainoko bidea oso makal eta neke handiz egin baitzuten, milizianoek gogor egin zietelako aurre. Irailaren 5ean erori zen Irun borroka latz baten ondoren; irailaren 13an Donostia, eta irailaren bukaerako Gipuzkoa osoa zegoen matxinatuen esku. Borroka gogorren ondoren, Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko mugan eutsi zieten errebelatuei gudaroste errepublikarrek eta nazionalistek arma txekiarrei esker. 1936ko azaroaren 30ean euskal gudarosteek erasoaldi bati ekin zioten Legution, Araban. Atzera egin behar izan zuten, ordea, eguraldi txarraren erruz batetik eta euskal osteak zailduak ez zeudelako eta buruzagien artean koordinaziorik egon ez zelako bestetik. Azkenik, 1937ko martxoaren 31n Mola eta Franco jeneralen soldaduek erasoari ekin zioten Bizkaian. Errebelatuen armada oso indartua zegoen italiar soldaduekin eta alemaniar Legión Condor izeneko osteekin. Alemaniarrek, batez ere, artilleria eta gerrako hegazkinak ekarri zituzten eta horiek funtsezko armak gertatu ziren gerra irabazteko, euskal armadak ez baitzuen batere. Taktika ere berria erabili zuten matxinatuek: aurrena hegazkinek bonbardatzen zituzten etsaiaren lerroak, ondoren artilleria bidaltzen zuten eta haren atzetik oinezko soldaduak, infanteria. Aldi berean, airez ere izua eragin zuten herritarren artean; hala, Gernika eta Durango bonbardatu zuten, eta 2.000 herritar inguru hil ziren bonbardaketa haietan. Francoren osteak 1937ko ekainaren 19an sartu ziren Bilbon. Santanderrerako errepidea ihesean zihoan jendez bete zen eta hegazkin frankistek tiro egin zion jende multzo hari. Gudaroste nazionalistak bere aldetik errenditu ziren Santander-en (Santoñako paktua); hala ere, euskal ezkertiarren gudarosteek borrokan segi zuten Asturiasen, harik eta probintzia hura urrian erori zen arte. v Gerrak Euskal Herriko iparraldean izan zuen eragina. Gerraren hasieratik bertatik iparraldeko apaizgoa, politikariak eta herriaren gehiena Agirreren aurka jarri ziren eta matxinatuen alde. Komunikabide gehienek, baita euskaraz argitaratzen zuen Eskualduna egunkariak ere, Francoren erregimenaren bertuteak goraipatzen zituzten aho batez. Baionako Sud-Ouest izan zen errepublikaren alde egin zuen egunkari bakarra. Hala, iparraldean, oro har, oso harrera txarra egin zieten gerratik iheska muga igarotzen zutenei. Agintariek ere neurri zorrotzak hartu zituzten hegoaldeko erbesteratuen kontra: 1937ko urriaren 1ean erabaki zuten 1936ko uztailaren 18az geroztik Espainiatik etorritako guztiak mugaz bestaldera bidaltzea berriro, etxeetan edo elkarte baten babesean zeudenak edota erietxean gaixo zeudenak izan ezik.
- geroratu, gerora, geroratzen
- geroratze
- gerotxoago
- geroxeago
- geroztik
- Gerra Zibila, Espainiakoa
- Gerra, Bigarren Mundu Gerra
- Gerra, Lehen Mundu Gerra
- gerra
- gerraontzi
- gerrari