Gerra, Lehen Mundu Gerra
1914-1918. urteen artean izan zen gerra, Europan hasi eta mundu osora zabaldu zena. v Gerra beldurgarri hura eragin zuten arrazoi nagusiak hauek izan ziren: Europako estatuen arteko leiha eta tirabirak, ekonomia arrazoiak eta koloniak zirela kausa, eta nazionalismoen gatazka Balkanetan. Gerra piztu zuen txinparta Austria-Hungariako artxidukearen eta haren emaztearen hilketa izan zen, 1914ko ekainaren 28an Sarajevon gertatu zena. Gabriel Princip izeneko bat izan zen hiltzailea, Bosniako serbiarra zena jatorriz baina herritartasun austriar-hungariarra hartua zuena. Hiltzailea Crna Ruka (“Esku Beltza”) izeneko serbiar elkarteko kide zen; ezkutuko elkarte hari Serbiako eta Errusiako zerbitzu sekretuek eusten zioten zeharbidez. Hala ere, badirudi ez zekitela hilketa hura gertatu behar zuenik. Austriako kanpo arazoetarako ministerioak ikerketak egin bazituen ere, ezin izan zuen frogatu atentatua Serbiako gobernuaren erantzukina izan zenik, baina Austria-Hungariako gobernuak, Alemaniaren adostasunarekin, ultimatuma bidali zion Serbiari 1914ko uztailaren 23an, aditzera emanez Serbiako estatua desegin behar zuela. Uztailaren 28an Austriak gerra deklaratu zion Serbiari; gatazka Europa guztian zehar zabaldu zen. Bi alderdi edo bloke handi eratu ziren: batean, Alemania eta Austria-Hungaria zeuden (erdiko inperioak) eta bestean Errusia, Frantzia eta Ingalaterra (entente cordiale). v Alderdi bakoitzeko armadak 1914an. Alemania ondo prestatuta zegoen gerra labur eta erabakior baterako. Armada eratzeko oso sistema bizkorra zuen eta soldaduak ondo prestatuak zeuden. Alemaniak 5.000.000 gizon bildu zituen berehala, erreserbakoak barne. Austria-Hungariako armadak, berriz, nazio askotako soldaduak zituen eta galtzea zer zen ondo zekitenak, azken gerretan galtzaile gertatu baitziren; ez zeuden, inola ere, alemaniar soldaduak bezain ondo prestatuak. Frantziak 4.000.000 gizon bildu zituen gerrarako, baina armetan eta horniduretan atzeratuta zegoen frantses armada. Errusiak zuen armadarik handiena, baina ofizialak ez zeuden ondo prestatuta, soldaduek diziplina eskasa zuten eta zaharkituak zituzten armak. Britainiarrak ziren Ententearen alderdian ondoen prestatuenak, baina gerra hasieran 120.000 gizon baizik ez ziren. v Ekintza militarren nondik norakoa. Alemaniar armadak abuztuaren 4an hasi zuen gerra, plan Schlieffen izeneko egitasmoari jarraituz; asmoa zen, herri neutrala izan arren, Belgikan sartzea, frantses armada ustekabean inguratzea eta Parisaino iristea. Planak, ordea, huts egin zuen, belgikarrek, frantsesek eta ingelesek alemaniar armadari eutsi baitzioten. Joffre jeneralak kontraerasoari ekin zion Marnen (1914ko azaroan), eta mendebaleko frontea finko geratu zen Flandestik Suitzako mugaraino. Frantziak bere lurraldearen % 10 galdu zuen eta baita industria ahalmenaren parte handi bat ere. Ekialdeko frontean, Austriak Serbiari eraso zion abuztuaren 12an. Serbiako armadak, ordea, ondo eutsi zion erasoari eta berriro eskuratu zuen Belgrad, hamabi egun lehenago galdu zuena. Errusiako armada ustekabean sartu zen Sortaldeko Prusian; Alemaniako armadak, ordea, kontraerasoari ekin zion, eta Tannenbergen eta Masuriar aintziretan menderatu zituen errusiar gudarosteak. Bi gudu horietan errusiarrek 250.000 gizon galdu zituzten, hilak eta presoak barne. 1914ko abuztuan Japonia gerran sartu zen Ingalaterraren alde, eta Ozeano Barean alemaniarrek zituzten itsas portuei eraso zieten. 1914ko urrian Turkia sartu zen gerran erdiko inperioen alde. Europan gerrako fronteek aldaketarik gabe irauten zutenez, itsasoko borrokak garrantzi handia hartu zuen. Itsasoan, ordea, ingelesak ziren jaun eta jabe, eta alemaniarrek urpea kontrolatzera mugatu behar izan zuten, ezinbestez. Afrikako kolonietan ere borrokatu ziren. Han ere ingelesak ziren jaun eta jabe, ordea. Alemaniarrek Sortaldeko Afrikan baizik ez zuten indar apur bat. Ekialdean britainiar eta australiar gudarosteak Dardaneloetako kostan, Gallipoliko penintsulan, lehorreratu ziren turkiarren kontra, baina hondamen izugarria izan zen hura erasotzaileentzat. 1915ean beste fronte berri bat eratu zen Mesopotamian, baina bigarren mailakoa izan zen hura. Ententeak mendebaleko frontean etsaiaren defentsa hausteko egin zituen eraso guztiak (Ypres, Somme, Passchendaele, Flandes) sarraski hutsak gertatu ziren, eta ez zuten inoiz bere helburua lortu. Frantsesak eta alemaniarrak gogor borrokatu ziren Verdungo guduan; gudu hark, ordea, garrantzi handiagoa izan zuen moralaren aldetik estrategiaren aldetik baino. Italia 1915ean sartu zen gerran, eta orduan fronte berri bat eratu zen Alpeetan. 1914 eta 1917 bitarteko urteetan anglo-frantsesak ahulduz joan ziren alferreko erasoak egin zituztelako, eta alemaniarrek gogor eutsi zietelako. 1917an Estatu Batuek gerra deklaratu zuten Alemaniaren kontra eta Ententean sartu ziren talde aliatua osatuta. 1917an boltxebikeek bakea izenpetu zuten beren aldetik erdialdeko inperioekin, eta Alemaniaren armada osoa mendebaleko frontera pasa zen. 1918. urte hasieran Alemaniako armadak 193 dibisio zituen mendebalean, eta aliatuek 173. Abantaila hori baliaturik, Alemaniari garaipena eman bide zion azken erasoa antolatzen hasi zen Ludendorff jenerala. Erasoa martxoaren 21ean hasi zen Arras-en eta La Fère-ren arteko frontean. Alemaniar buruzagien asmoa frontea apurtzea zen, eta ingelesak Calaisko pasabidera atzeraraztea. Hasieran alemaniarrek beren xedeak lortu zituzten, baina behar baino mantsoago zihoan erasoa eta denbora izan zuten aliatuek, Estatu Batuetako osteak laguntzera iritsita, abuztutik aurrera kontraerasoan hasteko. Hala, Alemaniako armadak, guztiz nekatuta, elikagai eta hornidura faltan, atzera egin behar izan zuen harik eta 1918ko azaroaren 11n armistizioa izenpetu zen arte. v Taktikak eta armak. Lehen Mundu Gerra XIX. mendeko taktikak erabiliz eta XX. mendeko armekin egin zen. Armen garapen teknologikoaren aurrean, ezin ziren bideratu akademia militarretan ikasitako taktika guztiak. Europako militarrek ongi ezagutzen zuten aurreko bi gerren berri: Balkanetakoa eta Errusia-Japoniaren artekoa. Ondorio okerrak atera zituzten, ordea. Galera gehienak infanterian gertatuko zirela pentsatu zuten. 1914an zalduneria ugaria zen bi aldeetan; infanteriak zabaldutako bideetan barrena sartzeko egitekoa zeukaten. Baina gerraren beraren errealitateak militar profesionalak ere harritu zituen. Artilleria izan zen nagusi gudalekuetan, eta galera gehiago nozitu zituzen gudarosteek hura zela eta, oinezkoen erasoengatik baino. Artilleriaz babesteko luebakietan ezkutatzera behartzen zituzten soldaduak, eta luebaki sare luze nahasiak eratu zituzten gudulekuetan barrena. Inguruko zelai guztiak obusez zulatutako krater hobiz bete ziren, landareen eta biziaren arrasto denak aienatu ziren eta alanbre sarez inguraturik ageri zen dena. Metrailadoreek fronteen arteko lurra mende hartzen zuten, eta oinezko gudarien artean ikaragarrizko sarraskiak egiten zituzten. Elkarren artean hiru metroko tartea utzita jotzen zituzten haiek erasoak, akademia militarretan hala ikasita. Luebakitako gerra horretan arma berri izugarriak agertu ziren: 1914an urrian, alemaniarrek sujaurtailua erabili zuten lehen aldiz, eta luebaki ugari “garbitu” zituzten. Gas itogarriak 1915eko apirilean erabili ziren lehen aldiz, eta gerraren bukaera aldean gas erregarriak (azala erretzen zutenak) hasi ziren erabiltzen, mustarda gasa eta hiperita esaterako. 1918ko aliatuen kontraerasoa bideratu zuen arma baliagarria izan zen tankea. Hegazkintzak aurrerabide handia izan zuen gerran zehar, eta erabakigarria izan zen bonbardaketetan eta behaketa lanetan. “Zeppelin”en balioa berriz psikologikoa izan zen, batez ere Londresko bonkardaketetan. Itsasoan urazpiko ontzi alemaniarrek karga ontziei eta bidaiari ontziei egin zieten eraso. Lusitania izeneko bidaiari ontziaa hondoratu izanak, esate baterako, garrantzi handia izan zuen eta Estatu Batuek gatazkan parte hartzeko arrazoietako bat izan zen. v Gizarte eta ekonomiazko ondorioak. Gerrak gizarte guztiarengan izan zuen eragina; zuzena, bonbardatze eta bestelako ekintza militarrak zirela eta, eta zeharka, gudarosteen mantenu ekonomikoa, materialarena eta gizonenari zegokienez. Nekazaritzan ikaragarrizko galerak etorri ziren, langileak falta baitziren, eta lursoro ugari desegin ziren. Industriaren parte handi bat gerrarako jarri zen lanean, bai armak, bai bestelako hornidurak egiteko; falta zen gainerako guztia gerran sartu gabeko herrietatik ekarri behar izan zen. Emakumezkoek bete zituzten gerrara alde egindako gizonen lanpostuak. Gudulekuen inguruetan, gerra bukatu zenean herri asko eraiki behar izan ziren berriz, eta beste batzuk berriz galdu betiko. v Gerra eta pentsamoldea. Gerrak europarren pentsamoldea erabat aldatu zuen. 1914an gerra motza izango zela eta ez oso odolgirokoa pentsatuz zihoazen soldaduak gudulekuetara. Abertzaletasunak hartuta zeuzkaten, eta buruzagienganako fede itsua zuten. Propaganda eta zentsura zibilen buruak garbitzen saiatu ziren buruzagiak, gerraren benetako egoeraren berri izan ez zezaten. Gerrak aurrera egin ahala, ordea, garbi hasi zen agertzen buruzagienganako fede falta eta indargabetze nabarmena. 1917an matxinadak izan ziren gudaroste frantsesaren barruan, eta gogor zapaldu zituzten. Errusian zibilen sufrimenduek eta galerek bideratu zuten tsarraren erorketa eta iraultzaren hasiera. 1918an, aliatuak aurrera egin ahala, gudaroste alemaniarraren talde handiak batera errenditzen hasi ziren. Alemanian bertan, matxinadak pizten hasi ziren, armistiziorako bidea zabalik utzi zutenak. Gerrak, aldi berean, gorroto eta arrenkura sentimenduak sortu zituen galtzaileen artean, geroago muturreko higikunde abertzaleek eta totalitarismoak erabili zituztenak. v Azken ondorioak. Hamar milioitik gora pertsona hil ziren, eta asko eta asko elbarri geratu. Versaillesko hitzarmenean isun handia ezarri zitzaien galtzaileei, eta Europako mapa berria antolatu zen. Hiru inperio desagertu ziren (Errusiakoa, Turkiakoa eta Austro-hungariarra); hala, Europaren nagusitasuna galdu zen, eta Estatu Batuetakoa hasi.
- gerotxoago
- geroxeago
- geroztik
- Gerra Zibila, Espainiakoa
- Gerra, Bigarren Mundu Gerra
- Gerra, Lehen Mundu Gerra
- gerra
- gerraontzi
- gerrari
- gerrate
- gerren