Gere, Richard
Estatubatuar zinema antzezlea (Filadelfia, 1949). Jatorri apaleko familia batean sortu zen eta ahalegin handiak egin behar izan zituen unibertsitatean sartzeko. Arte dramatikoa eta filosofia ikasi zituen Massachusettseko Unibertsitatean. 1970eko hamarraldiaren hasieran egin zuen debuta antzerkian, eta tronpeta-jotzaile gisa ere jardun zuen. Lehenengo arrakasta handia Broadwayn lortu zuen Greese musikalean. Londresen lanean aritu ondoren Broadwayra itzuli zen, eta antzerkian ez ezik, zinemako paper txikiak egiten hasi zen. Egia nahi dut (1975) filma egin ondoren zinemaren munduan murgildu zen erabat, eta hurrengo urtean Malick zuzendariaren Zeruko egunak (1976) film bitxian parte hartu zuen. Benetako ospea, dena den, 1980. urtean iritsi zitzaion American gigolo filmeko protagonistaren paperarekin. Izugarrizko arrakasta izan zuen, eta harrezkero Hollywoodeko izar bihurtu zen. Ofiziala eta zalduna (1981) egin zuen ondoren, eta handik hiru urtera Francis Ford Coppolak garrantzi handiko papera eskaini zion Cotton Club (1984) obrarako. 1989. urtean Pretty Woman grabatu zuen Julia Robertsekin eta arrakasta komertzial itzela lortu zuten. Akira Kurosawarekin Abuztuko rapsodia (1991) egin zuen, eta harrezkero beste zenbait film egin ditu, ez aurrekoak bezain ezagunak halere: Sommersby, lehenengo zalduna (1995), Labirinto gorria (1998), zeinaren bidez agertu baitzuen Txinari buruz zuen iritzia, etab. Hollywoodeko beste izar batzuek ez bezala, Richard Gerek oso iritzi pertsonal eta ideologia berezia mantendu du, eta bere filmetan iritzi horiek nabarmentzen saiatu da.