Gerbasi, Vicente
Venezuelar olerkigile eta saiakera idazlea (Canoabo, 1913 - Caracas, 1992). Viernes taldeko olerkigilerik handiena izan zen (1926-1941). Gerbasiren olerkigintzaren betetasuna bi garai desberdinetan nabarmentzen da, lehenik Mi padre, el inmigrante (1945, Nire aita, immigrantea) bere aitari eskainitako olerkian, eta Los espacios cálidos (1952, Eremu epelak) olerki liburuan. Bi obra horietan dago bilduta Gerbasiren obraren funtsa. Bere poesiaren ezaugarri nagusia da paisaia epel eta tropikaleko elementu txikien espiritua aditzera emateko gaitasun berezia, sentikortasun eta erlijiotasunez betea, mistikoa sarritan, gizakiaren patuaren, etorkizunaren kezka ageri dela horren guztiaren atzean. Obraren hasieran paisaia distiratsu hori agertzen da, baina berehala iluntzen da giroa eta hartzen dute protagonismoa heriotzari buruzko bertsoek. Gerbasiren lan aipagarriak dira: Vigilia del naufragio (1937, Hondoratzearen esnaldia), Bosque doliente (1940, Baso eria), Poemas de la noche y de la tierra (1943, Gauaren eta lurraren olerkiak), Por arte del sol (1958, Eguzkiaren graziaz), Olivos de la eternidad (1961, Betikotasunaren olibondoak) eta Tirano de sombra y juego (1967, Itzalaren eta jolasaren tiranoa).