Gerardi, José Juan
Guatemalar gotzaina (Guatemalako Hiria, 1922 - Guatemalako Hiria, 1998). Nueva Orleansen hasi zituen apaiz ikasketak, eta 1946. urtean ordenatu zen apaiz, Guatemalan. Handik hamaika urtera Verapazeko (hiriburutik 200 bat km-ra) gotzain izendatu zuten, eta 1974. urtean El Quiché departamendukoa. El Quiché Guatemalako departamendu pobreenetako bat da, gerra zibilean eraso gogorrenak jasan zituenetakoa; Gerardi gotzain izendatu zuten garaian indarkeria giroa zen han nagusi, eta ezkerreko gerrillen bilgune zelarik, gudarosteak gogor eraso zion eremu hari. Hain zuzen ere, gerrako gertakarien egia ezagutzeko asmoz Gerardik Oroimen Historikoa Berreskuratzeko antolatutako proiektuan (REMHI) aipatzen diren 442 hilketetatik gehienak gudarosteak egin zituen. 1980an Gerardik gogor salatu zuen nekazariek espainiar enbaxada okupatu ondoren segurtasun indarrek bertan egindako sarraskia eta handik gutxira zenbait atentatu egin zizkioten; atentatuetatik onik atera zen, baina Costa Ricara erbesteratu behar izan zen. 1984an Guatemalako artzapezpiku barrutiko gotzain laguntzaile eta bikario orokor izendatu zuten. Kargu hartan zela sortu zuen REMHI proiektuari jarraipena ematen dion ODHA proiektua, Guatemalako indarkeria urteetako biktimen lekukotasunak jasoaz egia ezagutzeko helburuarekin. 1998an amaitu zuen Guatemala: sekula gehiago ez idatzia, eta argitaletxera eramatea lortu zuen, ezezagun batek bere etxe aurrean hil baino 54 ordu lehenago.