garun
iz. Buruko muinen multzoa. v Burmuinaren zati nagusia da garuna, eta gizonaren eta goi mailako beste ornodun batzuen funtzio konplexuenak arautzen ditu. Bi hemisferiotan banatzen da. Hemisferioez gainera, ehun konjuntiboek, talamoak, hipotalamoak eta beste egitura batzuek osatzen dute garuna. Hemisferioetan, mielinadun kirio zuntzak, gai zuria eta gai grisezko kortex biribildua daude. Kortexaren garapenak bereizten ditu gizonaren garuna eta beste ugaztun batzuena. Garunean daude berariazko mugimenduak kontrolatzen dituzten nerbioak eta goi mailako adimen funtzioak. Bietako hemisferio batean biltzen dira garunaren funtzio nagusiak; mintzamenaren eta pentsamenduaren gunea da hemisferio bat, ezkerraldekoa gehienetan; besteak hautemateko gaitasuna du, konplexutasun handiko informazio zorrotza hautemateko gaitasuna alegia. Bi hemisferioen artean nerbio multzo bat dago, bi alderdiak lotzen dituena. Hipotalamoa metabolismoaren gunea da eta homeostasiari (organismoko barne sistemen orekari) eusteko da beharrezkoa. Talamoan berriz emozioen eta senaren gunea dago.