Gartzea Va Ramirez
(«Osatzailea» deitua) Iruñeko erregea 1134-1150 bitarteko urteetan (Deierriko Lorkan hila, 1150). Antso IV.aren anaia baten biloba eta Cid Campeador izeneko buruzagi gaztelarraren ama zen Cristina Diaz de Vivar-en semea zen; Cid-en anaia zen beraz. Nafarroako handikiek izendatu zuten errege Gartzea Ramirez, Alfontso I.aren testamentuaren aurka. Nafarroako erreinuak, ordea, arazo asko izan zituen ondoko urteetan, Erromako Aita Santuak, testamentu hartako betearazleak hain zuzen, izendapen haren aurka jarri eta Nafarroako erresuma Jerusalemgo hiru ordenen artean (Tenpleko, San Joan Ospitaleko eta Hilobi Santuko ordenen artean) banatu behar zela agindu zuelako. 1196. urtea arte (Antso VII.a Azkarrak jaso zuen berriro “rex Navarrorum” titulua) ez zen egoera hau zuzendu eta Nafarroan bitarte horretan agindu zuten erregeek “dux Pampilonensium” edo “dux Navarrorum” («Iruñeko edo Nafarroako duke») titulua jaso zuten Erromatik. Egoera berean zegoen Aragoiko errege geratu zen Ramiro II.a Monjea. Aragoiko erreinua gutiziatuz, Gartzea V.ak aitortua zuen Aragoiko erregearenganako mendekotasuna, fraidea zela, Ramiro II.a hil ondoan erresuma bere eskuetara igaroko zelakoan (Vadoluengoko hitzarmena, 1134). Ezkondu eta seme-alabak izan zituen ordea Ramiro Monjeak eta orduan hasi ziren istiluak. Gaztelako eta Aragoiko erreinuek etengabe eraso zioten Nafarroako erresumari, Erromako hierarkia kristauaren laguntzaz, baina erreinuaren batasunari eutsi zion Gartzea V.ak, haien aurkako guduetan lortutako garaipenei esker (Gallurko gudua, 1138). 1140. urtean, Iruñeko edo Nafarroako erresumaren banaketa erabaki zuten Gaztelako eta Aragoiko erregeek (Carriongo hitzarmena, Gaztela), baina 1146. urtean bakea hitzarmenez finkatu zuten Gaztelako eta Nafarroako erregeek. 1147. urtean, Andaluzia aldera jo zuen Gartzea V.ak eta Almeriako hiria hartu zien arabiarrei (1147; almohadiarrek berreskuratu zuten Almeria hamar urte geroago). 1149ko uztailean izenpetu zen Aragoiko eta Nafarroako erresumen arteko bake hitzarmen bat; urte horretako azaroan hil zen Gartzea V.a Ramirez Deierriko Lorkan, Lizarra aldean. Antso VI.a Gartzeitz Jakituna bere semea izan zuen ondorengo.