Gartzea Ia Enekoitz
Iruñeko erregea 852-882 urteetan (IX. m. - Irunberri edo Larunbe, 882). Eneko Aritzaren semea eta ondorengoa izan zen. Tuterako kasitarren alde borrokatu zen hasieran, baina 854. urtean Toledoko mozarabiarren alde eta Kordobako emirraren aurka aritu zen, Asturiasko Ordoño I.a lagun zuela. Muza ibn Muza kasitarrak ez zuen onez eraman eraso hura eta garai hartan Iruñeko erregearen mendean zeuden Arabako lurrei eraso zien ondoko urtean. 859. urtean, atxilo hartu zuten normandiarrek Nafarroan sartu ondoren. Libre utzi zuten, Antso eta Orti bahituran jarri eta Gartzearengatik sari handi bat ordaindu ondoren. Berriro ere bat egin zuen Asturiasko erregearekin eta Kordobako emirrak eraso egin eta preso hartu zuen Orti Gartzeitz semea (860; hogei urtez eduki zuten preso Kordoban). Gartzea Enekoitzen erreinaldian sendotu ziren, ezkontzen bidez, Iberiar Penintsulako errege kristauen arteko loturak. Kasitarren aurkako gudu batean hil zuten 882. urtean, zehaztu gabeko leku batean (Irunberri edo Larunbe). Orti Gartzeitz izan zen haren ondorengoa.