gari 1, gal-
iz. Bot. Gramineoen familiako landarea, elikaduran erabiltzeko, ogia egiteko batez ere, lantzen den laborea; delako landarearen alea. ik. ogi. Bi anega gari. Negu lehorrak dakarzki gari-uzta oparoenak. Gari jotzen ari zirela. Estekatuko haut gari-bala bezala. v Urtero erein beharreko landarea da. 0,5-2 m garai izan daiteke. Lasto hutsa eta tentea izaten du. Sorta txikietan ernetzen da. Zuztar bakoitzari buru bakarra ateratzen zaio puntan, luzeagoa edo laburragoa gari motaren arabera, eta ale gehiago edo gutxiagokoa. Aspaldi hartu zuen gizonak garia laboretzat: Egipton orain dela 5.000 urte ezaguna zuten, Txinan orain dela 2.500 urte eta Ingalaterran orain dela 2.000 urte. Gari mota asko dira, batzuk udazkenean erein eta hurrengo udan biltzen direnak, negukoak; besteak, martxoan erein eta udazkenean biltzen direnak, udaberrikoak; badira galburu bizarduna dutenak eta bizarrik gabekoak; ale gogor edo bigunekoak, luzaran edo biribilekoak. Ezagunenak Triticum sativum, ale bigunekoa, laborantzan gehien lantzen dena, T. turgidum, ale biribilekoa eta kalitate txarrekoa, T. durum, ale gogorrekoa, lurralde lehorretan ereiten dena, dira. Errusian, Ukrainan, Asia erdialdeko errepubliketan, AEBetan eta Txinan ekoitzi izan da garirik gehiena.