Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Casado, Pablo

Espainiar olerkaria (Kordoba, 1972). Oso gaztetan hasi zen literaturarako zaletasuna erakusten, eta Kordobako Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak egin bitartean olerkiak idatzi zituen. XX. mendearen azken hamarraldiko Espainiako olerkigile gazteen belaunaldiko idazle gisa ospea irabazten hasi zen, Máquina de Sueños (1996, Ametsen makina) talde lanean "El poema de Jane" ("Janeren olerkia") olerkia argitaratu zuelarik. Olerki hark beste zenbaitekin osatzen zuen olerki saila Las afueras (1997, Aldiriak) bilduman eman zen argitara. Radio Nacional de Españak ematen duen "El Ojo Crítico" olerkigintza saria irabazi zuen, eta harrezkero gaurko espainiar olerkigintzaren antologietan ezinbesteko erreferentzia bihurtu da Pablo García Casado. Hainbat aldizkariren sorreran parte hartu du, adibidez Cinco, Reverso eta Recuento. Estiloari dagokionez, lexiko garbia eta baliabide bakunak erabiltzen ditu, eta bere olerkiak irakurtzen dituenari zuzenean eta berehala helarazten dio bere mezua; inguruko eta eguneroko gauzez mintzo da bere lanetan, joera hiperrealistari jarraituz, eta ironia eta garraztasuna agertzen dute, oro har, bere olerkiek.