Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García de Enterría, Eduardo

Espainiar legegizon eta abokatua (Vega de Liebana, Kantabria, 1923). Zuzenbide ikasketak egin zituen Bartzelonako eta Madrilgo Unibertsitateetan. 1957. urtean Valladolideko Unibertsitateko zuzenbide katedra eskuratu zuen, eta 1962az gero Madrilgo Unibertsitate Complutenseko katedraduna da. 1978. urtean Estrasburgoko Giza Eskubideen Europar Epaitegiko epaile izendatu zuten, eta zeregin horrekin batera gobernuaren aholkulari gisa jardun zuen 1979 eta 1986. urteen artean, UCD eta PSOE alderdiak gobernuburu zirela. Legegintzaldi haietan estatuaren lurralde antolaketa arautzeko zenbait lege idazten eta eratzen parte hartu zuen, 1978ko konstituzioak agintzen zuenari jarraituz; Autonomien Legea sortu zuen, besteak beste, García de Enterríak. 1988. urtean Zuzenbide eta Ekonomiako Madrilgo Eskola Librea sortu zuen, Enrique Fuentes Quintana katedradunarekin batera. Lan horiez gainera, ikerketa lan garrantzitsuak egin ditu, eta zuzenbide administratiboari buruz osatutako teoriek eragin handia izan dute Espainian eta, bereziki, Latinoamerikan. Estatuko eta atzerriko hainbat unibertsitatetan eman ditu eskolak eta liburuak idatzi ditu zuzenbide administratiboari buruz, adibidez Zuzenbide administratiboko ikastaroa.