Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gangrena

iz. Animalia baten ehunak usteldu eta hiltzea. v Gangrena lehorra. Usteltzea ez da handia, ez da ia kiratsik, eta ehunek kolore beltza edo berdaxka hartzen dute, eta lehorturik agertzen dira. Gangrenak jotako ehunera odola helarazten duen arteria ixten denean eta bertako zainak, berriz, irekiak daudenean gertatzen da lehortze hori. Halakoetan ez da odolik iristen arteriatik eta bertan dagoen odol gutxiak zainetan barrena aldegiten du. Prozesu horretan sortzen diren mikrobioak gutxi eta ez oso oldarkorrak badira ere, hedadura handia hartuz gero, ordea, organismo guztia pozoi dezakete. v Gangrena hezea. Usteltzea lasterra da, eta kolore morea hartzen dute berehala ehunek. Nekrosiak jotako gorputz ehunak heze agertzen dira eta isurkari kirats handikoa darie. Organismoaren pozoitzea gangrena lehorrean baino azkarragoa eta larriagoa da, odolaren bideetan sartzen delako. Gangrena hezea gertatzen da nekrosiak jotako ehunera odola helarazten duen arteria eta bertako zainak, denak, ixten direnean. Orduan, bertan gelditzen den odol isurkariak ehun hilak umantzen ditu, odol bideetara ezin igarorik. Isurkari horretan ustelketaren mikrobioak laster sortzen eta garatzen dira. v Gangrena gasduna. Mikrobio anaerobioek (Clostridium perfringens-ek, novyi-k eta septicum-ek, batez ere) sortutako infekzioa da. Zauri ireki batean hasi eta berehala barreiatzen da, eta organismoari ondorio kaltegarriak ekartzen dizkio. Oro har, urradura handiko zaurietan sortzen da, eta, batez ere, lurrak edo bestelako kanpo eragileek zikinduta, edo gaizki sendatutako zauri larrietatik. Gangrena gasdunak kirats handiko gasa botatzen du, eta oinaze handiak eta nekrosia eragiten ditu. Antibiotikoekin eta kirurgia bidez osatzen ez bada, zenbaitetan hondatutako gorputz adarra ere moztu behar izaten baita, heriotza ekar dezake.