Gamoneda, Antonio
Espainiar olerkaria (Oviedo, 1931). Oviedon jaioa den arren Leonen bizi izan da 1934. urteaz geroztik, eta kulturaren alorrean garrantzi handiko lanak egin ditu bertan. Gamoneda inongo eskola edo joeretan sailkatzen zaila da benetan, baina baditu zenbait bereizgarri nagusi: bere kasa ikasia da, bakar lanean jardun du, oso jarrera kritikoa erakutsi du bere lanetan eta kalitate handiko obrak eman ditu argitara. Gamonedaren hasierako obretan 1950eko hamarraldiko errealismoaren gainbeheraren eragina sumatzen da. Joera horri jarraituz idatzi zuen 1966an bere lehenengo olerki liburua, Sublevación inmóvil (Altxamendu geldia), eta haren ondoren zenbait urtez ezer argitaratu gabe egon ondoren, Descripción de la mentira (Gezurraren deskribapena), 1977. urtean argitaratua (bigarren argitalpena 1986an). 1982an Blues castellano (Gaztelako bluesa osatu zuen, 1961 eta 1966 artean idatzitako poemak bilduta, eta handik bost urtera Lápidas (1987, Hilarriak) kaleratu zuen. Kritikaren aldetik harrera bikaina izan zuen obra hark, eta urte hartan bertan eman zen argitara bere obra guztien bilduma, Edad (Adina) izenburupean; Olerkigintzako Sari Nazionala lortu zuen bilduma horrekin. 1998an El cuerpo de los símbolos (Sinboloen gorputza) argitaratu zuen, oroitzapenari buruz mintzo den idatzia, eta 1992an La edad del frío (Hotzaren adina), bere azken lana eta XX. mendeko olerkigile handienen mailako idazle gisa berretsi duena. Zenbait eskultoreri eta pintoreri buruzko monografiak idatzi ditu, adibidez, José Luis Sánchez (1981), Julio Hernández (1981), Francisco Echanz (1978) eta Juan Barjola (1980). Cervantes saria eman zioten 2006an.
- gammaglobulina
- gammagrafia
- gammarido
- Gamón, Juan Ignacio
- gamona
- Gamoneda, Antonio
- gamonte
- gamopetalo
- gamosepalo
- Gamue
- Gamue-Zohazti