futurismo
iz. Etorkizunerantz bideratua dagoen kultura eta politika joera. v Art. 1909. urtean Filippo Tommaso Marinetti poeta eta idazle italiarrak sortu zuen mugimendu iraultzailea. Makinen eta lastertasunaren aldeko ziren Marinetti eta haren jarraitzaileak, arriskuzaleak eta gerraren aldekoak. Ideien aldiberekotasuna, sintaxi askatasuna, eta artisten eta idazleen belaunaldi sortu berriak askatzeko iraganarekin hautsi beharra proposatzen zuten. “Erre ditzagun museoak eta liburutegiak”, zen futurismoaren deia. eskultore eta margolari futuristek (Boccioni, Balla, Carrá, Soffici), plastikotasun zorabiagarria zerabilten; izakien iragana, oraina eta geroa aldi berean irudikatu nahi izaten zuten, eta irudi asaldatuen eta dardartien segiden bidez higidura adierazten zuten. Poesian ordu arte erabilitako teknika eta sintaxia aldatu nahi izan zuten, eta aldi berean mundu berriaren aurrerakuntzak, makinismoa, asmakizun berriak, etab. goraipatu zituen. Errusiako iraultza ondorengo urteetan futurismoak eragin handia izan zuen, Vladimir Majakovskij poetagan, adibidez. Musikan harmonia hautsien alde egin zuen futurismoak. Filosofian eta politikan ideia aldenduenen bategitea bilatu zuen. 15 urte egin aurretik desegin zen taldea; hala ere, faxismoak bereganatu zuen futurismoaren indarraren eta mekanikaren aldeko zaletasuna.