Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fustiñana

Nafarroa hegoaldeko udalerria (Tuterako merindadea). Mugak: iparraldean Errege Bardeak, ekialdean Bardeak, mendebalean Kabanillas, eta hegoaldean Ebro ibaia. Goratasuna 256 m. 66,05 km2. 1998ko datuen arabera, 2.391 biztanle (fustiñanarrak). Ebro ibaiak mugatzen du udalerria hegoaldetik. Hizkuntza, gaztelania. Nafarroako Foru Erkidegoko Euskararen Legearen ondorioz, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusia nekazaritzan (garia, garagarra, mahastiak, esparragoak, ardi azienda; langileen % 39) eta horren inguruan sorturiko industrian (kontserba industria, pentsuak, eraikuntza, laborantzarako makineria; langileen % 43) oinarritua da. Aipagarriak dira Antso Abarkaren ermitan dagoen izen bereko Ama Birjinaren irudia eta XII. mendeko parroki elizako erretaula nagusia. Fustiñana Alfontso I.a Gudularia erregeak 1117. urtean Tuterari emandako foruetan aipatzen da lehen aldiz.